Saioa Aginako
Psikoterapeuta

Liburutegia

Zientziaren historia aztertzen denean, bereziki psikologiarena, emakumeak antzinatik bere garapenaren parte izan direla egiazta daiteke. Aldiz, emakumeen ekarpenak historialariek baztertuta geratu dira maiz, eta, beste askotan, emakumeon lana euren senarren izenen atzean ezkutatuta geratu da. Modu horretan, gizonek zientziari egindako ekarpenak iraun dute imajinario kolektiboan, eta, ondorioz, gizonek zientzia eraiki dutela sinestarazi nahi izan digute.

Gaur egun ez dira asko emakumeen izenak barneratzen dituzten psikologia eskuliburuak. Psikologiako fakultateetan, ikasleriaren gehiengoa emakumeak izanik, zergatik ez zaie emakume psikologoen ekarpen eta ereduei leku zabalagoa egiten? Mary Whiton Calkins edo Karen Horney izenak ezagunak egiten zaizkizue? Lehenengoa psikologia unibertsitatean ikasi zuen lehenengo emakumea izan zen, eta, bigarrena, emakume eta gizonen arteko ezberdintasunak biologikoak direla esaten zuen Freuden teoria zalantzan jarri zuena, ezberdintasunek jatorri kulturalak eta sozialak zituztela esanez.

Egoera hori bizi dugun errealitatearen zati izanik, gaurkoan osasun mentalaren esparruan ekarpenak egin dituzten eta gaur egun lanean diharduten emakumeak gonbidatu nahi ditut gurera. Horretarako, beraiek idatzitako zenbait liburu gomendatuko dizkizuet. Jarraian dituzue liburuok.

«Mujeres que corren con los lobos» Clarissa Pinkola Estes psikoanalistaren liburua da. Bere lana batez ere trauma osteko esparruan garatu du. Bere lanik ezagunena aipatutakoa izanik, hogei urteko ikerkuntza du atzetik. Bertan kultura arteko mito eta ipuinak bidelagun, emakumearen bizitzaren ikuspegi ezberdinak lantzen dira: maitasuna, boterea, familia... Oso lan gomendagarria dolu batetik pasatzen ari diren emakumeentzat, baita osasuna berreskuratu nahi dutenentzat ere.

Hurrengo gomendioa, “El tesoro escondido” izenburuarekin dator. Bere egilea Violet Oaklander psikologoa dugu eta bere lana haur eta nerabeen esparru klinikoan garatu du, Gestalt terapia eta jolas terapia erabiliz. Liburuan bere lan egiteko era oso nabari ageri da; Gestalt adarreko hizkuntza erabiliz eta kasu klinikoen bitartez bere lan egiteko modua erakusten digu. Indargune bezala leiho ugari irekitzen ditu haur eta nerabeen mundura.

“La imaginación como fuerza curativa” Luise Reddemann alemaniarraren lana da. Psikoanalista eta neurologoa aldi berean, Bielefeld hiriko psikoterapia klinika zuzentzen du. Bere liburuan baliabide pertsonaletatik abiatuta trauma batek utzitako arrastoak nola landu kontatzen digu. Izenburuak aurreratzen duen lez, irudimena abiapuntutzat hartuta, arteterapia eta gorputz ariketak erabiltzen ditu bere terapia saioetan, teknika aurrendaria erabiliz. Batez ere terapia munduan interesa dutenentzat da gomendagarria.

Liburutegiarekin amaitzeko, Ana Maria Fernandez psikologo argentinarraren «La mujer de la ilusión» lana proposatzen dut. Bere jardunbidearen zati handi bat generoaren gaia ardatz garatu du. «Genero femenino» bezala ezagutzen den terminoa zatitu egiten du, eta, hala, terminoaren subjektibotasunera eramaten gaitu. Genero hori nola besteei gustua emateko garatu den azaltzen du, norbere buruari ez ematearen kalterako. Gaia nahiko akademikoa izanik, hizkuntza hurbila eta ezaguna erabiltzen du, liburua eramangarria eta irakurterraza eginez.

Aurkeztutako emakume izenak, hori baino gehiago dira: gizartea eraldatzeko ahaleginak egiten dituzten eta eragina duten profesionalak dira. Izan ere, izenak berreskuratzearekin ez da nahikoa: beharrezkoa dugu emakume aitzindarien historia bera ere berreskuratzea, igaro zituzten bazterketa egoerak eta aurre nola egin zieten ezagutzea. Horrela genealogia osatu ahalko dugu, oraina ulertu eta iraganaz ikasi, psikologiaren berdintasunezko eraikuntza baterantz bidea eginez. •