Antton Izagirre

Milaka kilometro

Askotan aipatu arren ez da sekula ere nahikoa izango. Otsailaren 20ko asteburuan milaka herritarrok milaka kilometro egin ditugu Espainiaren kartzela politika salatu eta presoen gerturatzea eta etxeratzea eskatzeko. Komunikabide eta eragile desberdinek alde kuantitatiboa nabarmendu nahi izan dute: herritar asko kilometro piloa egiten.

Ez da halere hori alderdirik nabarmenena. Ikuspegi kualitatiboa, hau da, gizabanako bakoitzak bidaia horretan bizi izandako gorputzaldi, sentimendu eta emozioek erakusten digute auziaren atzean dagoen injustiziaren tamaina. Nola, astea joan eta astea etorri, etxekoei eta maite dituzten horiei astebeterako bizipoza eta samurtasuna eskaintzearren, senide eta lagunek, ziurgabetasuna, arriskua, mina, atsekabea, tristura eta konta adina emozio bizi dituzten. Askotan esan, idatzi eta irakurri arren, ez dago norberaren bizipena baino erakusle aproposagorik, halako ibilaldiak uzten duen arrastoaz jabetzeko.

Bezperako arratsalde-gauean autobusean sartu, nola hala gorputza kokatu eserlekuan, lorik ezin, giharrek minbera, hamabi orduren buruan minutu batzuetako bisita eta buelta; solaskidea han utzi eta itzuleraren karga, samina, ezinegona, egun osoa pasatxo da etxeratzerako. Bitartean emozioek, emozioek eta emozioek ez dute etenik. Objektiboa da giza eskubideen urraketa argiaz ari garela, Estatuak neurri horretako egoerak ahalbidetu, mantendu eta eragiten dituenean, baina eskubideen urraketaz gain pertsonen, preso, senitarteko eta lagunen suntsipena, bilatzen du sakabanaketak.

Hitzez esplika liteke baina behin bederen bizi ez duenak nekez uler lezake astero senideak jasan behar duten neurri horretako ankerkeriak sorturiko oinazea. Bizikidetzaren aldeko lehentasunezko egitekoa beharko luke, euskal herritarrok zutik jarri eta “nahikoa da” oihu egitea. •