Amaia Nausia Pimoulier

Basamortuko altxor suntsituak

Palmira, Apamea, Krak du Chevalier edo Petra izeneko altxor arkeologikoen ospearengatik erakarrita 2009ko uztailean Siria eta Jordaniara bidaiatzea erabaki genuen. Egia esateko Siria ia aitzakia zen, bidaiaren lehen txanpa gure helbururaino iristeko: Petra. Ez genuen inolaz ere espero Sirian aurkitu genuena: herri bizia, biztanle abegitsuak, hiri eta arkeologia ederrak. Noski, Petrarekin liluratuta gelditu ginen, baita Wadi Rum basamortuko harea gorriarekin ere. Baina Sirian bizi izan genuenak, agian ezustekoa izateagatik, maiteminduta utzi gintuen.

Gure bidaia Alepon hasi genuen, asmoa Siriako iparraldetik hastea zen, eta, gutxika, Damaskoraino iristea, gero Jordaniara gurutzatzeko. Gure lehenengo egunean, jatetxe baten bila genbiltzala Alepoko kale korapilatsuetan, galdu egin ginen. Gure nahasteaz ohartuta, guri laguntzeko prest, bere denda itxi eta gertuko jatetxe bateraino lagundu gintuen bertako zapatari batek. Etxeko berezitasuna gomendatu ondoren irribarre batekin ma`a s-salamah esan eta alde egin zuen. Jatetxean bertan, ondoko mahaian, Irakeko gudatik ihes egindako Fatima izeneko emakumeak gure jatorriarengatik galdetu zigun eta bazkari osoa Irakeko egoerari buruz solasean igaro genuen. Gauean, hiriko etorbide nagusitik paseatzen, familia oso bat gerturatu zitzaigun gurekin argazki bat egiteko asmoz. Amak gure argazki kamera hartu eta bere senarra eta hiru seme-alabekin batera paratu ginen.

Siriako biztanleekin bizi izan genuena ez dugu beste inon bizi izan. Jendea atsegina zela esatea motz gelditzea litzateke. Nola ez gogoratu Damaskoko azokan ezagutu genuen unibertsitateko Muhammad izeneko irakasleaz? Bere gaztaroan Granadan igarotako urteak gogorarazi nahian kafe bat hartzera gonbidatu gintuen bere gaztelera praktikatzeko. Edo nola ahaztu Homseko autobus geltokian ezagutu genuen Ibrahim gaztetxoa? Orain suntsituta dagoen hiri horretako autobus geltokian hiru ordu igaro genituen Palmirara eraman behar gintuen autobusa itxaroten. Han, eskailera batzuetan eserita, beste askotan bezala, futbola izan zen aitzakia Ibrahimekin hitz egiteko; bere ikasketak, bizimodua, familia. Mugikorrean bere jokalari gustukoen argazkiak zituen eta gure futbol taldearengatik galdetzen zigun: «Osasuna? Yes, yes!». Eta gu pozik gure talde txikia ezagutzen zuelako!

Aste honetan Siriako Armadak Palmiratik ISISekoak kaleratu dituela jakin dugu. “Basamortuko altxorra”, momentuz, ez dute gehiago suntsituko; ni, baina, Ahmed eta bere familiarekin gogoratu naiz. Palmirako aztarnategia bertako askorentzat diru-sarrerak lortzeko modu ia bakarra zen. Esate baterako, Ahmedek aztarnategian turistei zapiak saltzen zizkien. Noizbehinka nire bikotekideari eta berari egindako argazkia begiratzen dut; non egonen da Ahmed? Hiru zapi erosi genizkion eta salmenta ospatzeko bere anaiaren tabernaraino lagundu gintuen, «turista hauek euskaldunak dira» esan zion ingelesez bere anaiari. Eta besterik esan gabe taberna barrura eraman ninduen eta kutxa bat irekitzeko eskatu zidan; denboraldi batez han bizi izan ziren euskaldun batzuek emandako ikurrina zeukan gordeta. Argazki hori ere noizbehinka begiratzen dut, Ahmeden anaiarekin, biak irribarretsu, ikurrina eskuetan dugularik. Damaskorako autobusa hartu behar genuela-eta Ahmedek bere motorra hartu eta autobus geltokiraino lagundu gintuen. Bost urte barru itzultzeko eskatu zigun; zapiak saltzen aurreztutako diruarekin auto bat erosteko gai izatea espero zuen. Autoari esker turistekin txangoak egiteko asmoa zuen, bere neskarekin ezkondu eta familia bat sortu. «Hemendik bost urtetara autoz joanen naiz zuen bila Damaskora!». Eta guk zin egin genion pozik itzuliko ginela.

Ez gara momentuz Palmirara Ahmeden bila itzuliko. Gudaren berriak entzuten ditudanean edo Europako mugan bizitzen ari diren dramaren irudiak iristen zaizkidanean nahi gabe Fatima, Muhammed, Ibrahim edo Ahmeden aurpegiak bilatzen ditut. Ziurrenik ere Ahmedek, bere ametsak suntsituak izan ostean, “bisita” itzuli nahi izan digu, baina kasu honetan ez zaio inor auto berri batekin bila joanen. •