«Irribisionismoa»
Aste honetan estrategia independentistari buruz eztabaidatu dut Twitterren. Aitortzen dut bekatua. Lehen aldia dela uste dut, ez naiz oso sare sozial zalea. Nahiago izaten dut normalean nire burua itzalean gorde eta sareok kuxkuxean ibiltzeko baliatu. Baina, bai, oraingoan tentaldian erori naiz. Estrategiaren marko orokorrak eta herri akordioen proposamenaren komenientziak zentratu dute solasa, eta, haritik tira eta tira, 140 karaktereen diziplina zorrotzean aritu gara harik eta eztabaida ahitu den arte. Gai potoloegiak, karaktere gutxiegi eta berehalakotasun gehiegi nire gusturako. Baina, aitor dezadan hau ere, esperientziak balio izan dit A-8ko joan-etorrietan buruari buelta batzuk eman eta artikulu hau ontzeko.
Eskemak berrikusi eta paradigmak aldatzeko garaiak direla errepikatu izan da behin eta berriz azken hilabete-urteetan –nik neuk ere bai orriotatik–. Esango nuke euskal panorama independentistaren ingurumarian dauden mugimendu-elkarte-alderdi guzti-guztiek adierazi dutela behar hori aldez edo moldez: herri bezala 60 urteko ziklo baten hondarrean gaude, abertzaletasuna birpentsatu beharra dago, independentismoak birfundazioa galdegiten du, eta abar. Izan da, teoria populistaren eskemak bete-betean bere eginez –nire ustez horiekiko gehiegizko miresmenez–, abertzaletasuna gainditu behar dela proposatu duenik, eta hara non Iñigo Errejon bera etorri behar izan zaigun abertzaletasuna aldarrikatzera, ezker abertzalearen proposamen politiko historikoaren trazuak erraz errekonozitu daitezkeen elkarrizketan. Ikus https://goo.gl/drXfkf.
A-8ko joan-etorriotan hurrengo galdera pausatu diot nire buruari: «Gogoeta hauen guztion ondotik, zeintzuk dira egun Euskal Herrian mahai gainean dauden proposamen independentista estrukturatuak?».
Abianekin hasi eta Sorturen birfundaziora doan ibilbideak sakoneko barne gogoetarako tartea eskaini dio ezker abertzaleari. Urtebeteko barne prozesuak estrategiaren marko orokorra eta ondoriozko prozesu eredua definitu ditu, xehetasun asko galtzeko arriskuarekin bada ere, horrela laburbil daitekeena nire ustez: behetik gorako herri prozesu bat, beronen gidaritzari zein euskal lurraldeen arteko joskintzari dagokienez. Logika konstituientean oinarritutako prozesu politiko metakor bat, herrigintza ardatz izango duena. Distantziak distantzia, gutxi-asko Lizarra-Garazi berri bat baina behetik gorakoa, eredu asimetriko bati jarraiki –eredu konfederala– estatugintzari dagokionez, eta herri sektore independentista eta soberanisten lidergo eta zuzendaritza konpartituarekin –ikus Abian txostenaren azken puntuan egiten den iradokizuna–.
Xabi Anzak Joxe Elorrietaren liburuari –“Una mirada sindical contracorriente. Clase, territorio y nuevas alianzas”– idatzi dion hitzaurrean esaten du ezker abertzalea Maltzagaren hipotesi historikoarekin tematuta dagoela, EAJrekin akordio bila itsuturik alegia. Nire Twitterreko solaskidearen objekzio behinena ere antzekoa da: herri akordioak –erreduzionismoz EAJrekin akordioak– abiapuntuan jartzen direlarik, estrategia independentistak beharrezkoa duen konfrontazioari uko egiten zaio. Prozesu eredua da biek ala biek auzitan jartzen dutena modu batez edo bestez.
Eskema orokorrak zalantzan jarriz gimnasia intelektuala egitea beti da osasuntsua, baina uste dut badela garaia lurra hartzen hasteko; hots, proposamen konkretu eta estrukturatuak egiteko, eta eztabaidak horien gainean zentratzeko. Esango nuke ezker abertzaleak, Maltzagakoa ez, baizik bere sorrerako hipotesi estrategikoa –txanponaren bi aurpegiak– jarri duela auzitan –inplizituki bada ere– azken urtean zehar. Eta ebatzi duela inoiz baino gaurkotasun handiagoa duela globalizazio neoliberalaren testuinguru historikoan. Eta hipotesi hori Kataluniako prozesu garaikidean gorpuztua antzematen duela. Beraz, gutxi asko Euskal Herrian pareko prozesu bat irudikatzen duela, betiere –eta azpimarra honi garrantzi berezikoa deritzot– logika autozentratu bati erantzungo diona. Hortik aurrera instrumental independentista guztia birdefinitu beharko litzateke modu partekatuan.
A8-ko joan-etorrietan buruari bueltak emanagatik ere ez dut beste prozesu eredu baten proposamen sendorik inondik antzematen. Kontrabotereari gorazarreak, logika insurjenteei keinuak, konfrontazioa leku egokian kokatu beharrari azpimarra, eta gutxi gehiago. Datozkigun garai berezietan talentu handia beharko da herri gisa jauzi bat emango badugu. Dena dago eraikitzeke eta, zalantzarik ez, korapilo potoloei egin beharko die aurre independentismoak. Baina eztabaida termino orokorretan aldarrikatzea ez da nahikoa, proposamen estrukturatuak konfrontatu ezean mahai gainean jartzen direnen gaineko “irribisionismoa” egiten bukatzen baitugu. •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
