Nerea Ibarzabal Salegi

Mutu

Eta arranguratu, jende isilak ez duelako lekurik gure mundu honetan», entzun nion behin Harkaitz Canori bere poema errezitatu batean, eta «gure mundu honetan» hori zehaztugabeegia izan zitekeen arren, uste dut ezin hobeto ulertzen dudala zein munduz ari den.

Duela gutxi jakin dut zer den mututasun selektiboa. Guk uste baino ume gehiagori eragiten dien antsietate-trastorno mota bat da, eta honen eraginez, haurrak “mutu” egotea erabakitzen du egoera jakin batzuen aurrean, guztiz inhibitzea. Hau da, balitekeela neska-mutikoa etxean berbalari amorratua izatea, baina esaterako eskolan, txintik ez esatea urteetan zehar. Lotsati izatea da, baina muturreraino eramanda. Gainerako jakintza esparruetan beste edozein bezain ondo molda daitezke, kontua da beraiek erabakitzen dutela noiz berba egin eta noiz ez, zeinekin bai eta zeinekin ez.

Suposatzen dut norbere etxean suertatu zaionarentzat ez dela esperientzia erraza izango, eta, horregatik, errespetu eta mimo guztiak zuentzako. Baina aitortu behar dut mututasun selektiboaz entzun nuen lehen aldian inbidia sentitu nuela ume horiekiko, ni ere ume lotsatia izan nintzelako behin, baina horri oraindik ez zaionez izen psikiatrikorik eta onarpenik aitortu, zaplaztekoka berba eginarazi zidan «gure mundu honek».

Lotsatia bazara jan egiten zaituztelako, zozoa zarelako, graziarik gabea. Inork ez dizulako isilune bat eskainiko berba egin dezazun, zeuk zeure ahotsa altxatu ezik. Eta behin berbetan hasten zarenean, ez dizute berriro mututzen utziko, ze jada galdu duzu lotsati titulua.

Isiltasuna bera da desagertu dena. Kaleetatik, tabernetatik, medioetatik. Ohartu zarete ze paniko eragiten digun denoi irratia bi segundoz isiltzeak? –eskerrak Arantxa Iturbe geratzen zaigun oraindik–. Edo lagunak mezuari berandu erantzuteak? Ze, ustez isilik goazenetan ere, karaktere bidez ari gara hizketan, bati, edo bosti, edo 2.000 jarraitzaileri. Berborreak jota gaude, gainkomunikatzen etengabe, zer esan ez dakigunean ere bai. Ez dakigu isiltasunak ulertzen eta konpartitzen, eta erosoago iruditzen zaigu ezer esaten ez duen elkarrizketa bat izatea, hutsunedun bat baino. Baina isiltasunik ez badago, zerbait entzuten ari garela ere ez gara ohartzen.

Horregatik miresten ditut zentzu batean mutu selektiboak, nahiko genukeelako batzuok gai izan erabakitzeko ez dugula honekin edo harekin, han edo hemen, gaur edo bihar hitz egingo, eta gainera onarpen psikiatrikoa eta soziala izatea horretarako. Adierazpen askatasuna beste defendatu behar genuke isiltzeko askatasuna. Beharbada azkenaldian aho parean mikrofono gehitxo dauzkadalako izango da… baina nahi nuke proba egin eta oholtzan isil-isilik geratu –nahita, ahal bada–, edo irratian, edo telebistan, zuei begira, zuen tomateen, oihuen, jakin-minaren, deserosotasunaren zain.

(.....)

Ei, baina segi. Zer gertatzen zaizu? (...)

Ondo zaude? (...)

Haserre zaude? (...)

Zergatik ez duzu amaitzen testua? (...)

Esan zerbait. (...)

Arazoren bat duzu teklekin? (...)

Zergatik zaude isilik? (...)

Baina segi idazten! (...)

(.....)