Iñaki Soto

Aste honetako bozketarik garrantzitsuena

Nire iritziz, gure testuinguruan aste honetan egon den bozketarik garrantzitsuena ez da izan Madrilen PPren aurrekontuei EAJk eman dien babesarena. Hasteko, sorpresarik ez delako egon. Guztiok uste genuen EAJ horretarako kapaz bazela, kasu honetan, euskal gizartearen gehiengoaren posizioa, Kataluniaren egoera eta PPren korrupzioa kontuan hartuta, erabakia ondo neurtu duen zalantzagarria izan arren.

Era berean, oso garrantzitsua bada ere, asteazkenean bertan Gasteizko Parlamentuan gure izaera nazionalari eta herritartasunari buruzko ponentziarena ere ez da, nire ustez, garrantzitsuena. Estrategikoki herri bezala gehien eragingo diguna da, zalantzarik gabe. Datozen urteetan egun horretaz oroituko garela ziur naiz. Onerako edo txarrerako izango den, hemendik aurrera guztiok egiten dugunaren arabera izango da.

Nire harridurarako Hugo Martinez Abarca Madrilgo diputatuak une politiko honetako gertaerarik garrantzitsuena dela esan arren [goo.gl/4kXYPZ], Podemosen barruan Irene Monteroren eta Pablo Iglesiasen etxeari buruzko kontsulta ez da hain inportantea. Adi, zentzu batean lotsagarria bada ere, Podemosen inguruan sortutako mugimenduaren bilakaera garrantzitsua da guretzat, epe erdira Euskal Herrian egon daitezkeen aliantzen mapa zeharo aldatu baitezake. Gutxitan aipatzen bada ere, duela oso gutxi Podemosek hauteskunde orokorretan EAJri irabazi egin zion euskal lurraldeetan.

Horrek ez du gehiegi esaten ez Podemosen indarguneei buruz, ezta EAJren ahuldadeei buruz ere. Nire ustez, ordea, bozkatzaileen joera orokorrei buruz zerbait esaten du. Azken ziklo politikoan, hauteskundeen eta hautagaien arabera, jende batek EH Bilduri, Podemosi eta EAJri eman dio botoa. Jende berberak, esan nahi da. Fideltasun politikoa gainbeheran doan balioa dela dirudi.

Edonola ere, ezkerraren ikuspuntutik eta mundu mailako joerei dagokionez, alegia, ikuspuntu internazionalista batetik, Irlandako Errepublikan Konstituzioaren zortzigarren zuzenketari buruz atzo egin zen erreferenduma historikoa da. Abortua legeztatzeko bidea ireki dezake, non eta Irlandan [goo.gl/4E67vB].

Errepublikanismoa segregazioaren aurkako ildoa da

Ziur asko, hau argitaratzen denerako emaitza jakingo dugu. Baiezkoak irabaziko duela pentsatzen dut, pentsatu nahi dut. Edonola ere, duela hiru urte sexu bereko pertsonen arteko ezkontza erreferendum bidez onartu ondoren, jatorri eta nortasun kristaua duen Estatu horretan izan den aldaketa ukaezina da. Eliza katolikoaren agenda politikoa kinkan jarri da, adibidez.

Ohi bezala, aldaketa soziala aldaketa legalen aurretik heldu da, han ere. Aldaketa politiko baten zantzuak ere egon badaude. Errepublikanismoa gorabidean dagoen indarra da eta, segregazioaren aurkako eta berdintasunaren aldeko ildoa den heinean, Irlandako herritarren joera orokorrekin bat egiten duela esango nuke.

Feminismoa mundu mailako joera da, iraultza global bat. Horren islak mundu osoan ikusten dira, beti berezitasunekin –Saudi Arabian eta Londresen iraultza horren adierazpenak desberdinak izango dira, derrigor–. Irlandako kasua interesgarria da, eskubideen eta berdintasunaren aldeko borroka honetara jendea iturri eta jatorri ezberdinetatik nola heldu den erakusten baitu. •