Iñaki Altuna

Hauteskunde aldia hementxe da

Espainiako Kongresuan gertatutakoa gorabehera (GAUR8ko zenbaki hau itxi aurretik oraindik ez zegoen ebazpenik), azken egunotako gertaerek hauteskunde garaia badatorrela adierazten digute. Hautetsontziak gainean ditugula, alegia. Beharbada, Pedro Sanchez izango da gaur Espainiako presidentea, Mariano Rajoyk bozketaren aurretik dimititu ez badu. Edozein kasutan, PP oso ukitua iritsi zen Kongresura. Presidente berria izan edo aurrekoak funtziotako jarraitu, Gobernuak ez du denbora luzez iraungo. Legealdia bukatzeko Rajoyk adierazitako asmoa ameskeria hutsa zen, PPko burua edozer gertatuta ere bere horretan segitzeko kapaza izan arren. Rajoyk dimititu zezakeela zabaldu zen Kongresuko saioaren aurreko orduetan. Hedabideek argitaratu zuten presidenteak mugimendu hori egin zezakeela zentsura mozioa indargabetu eta hauteskundeetara Gobernutik joateko. PPk eta Gobernuak ukatu egin zuten aukera hori. EAJk zentsura mozioa babestuko zuela jakiteak espekulazioa piztu zuen berriro. Rajoy ez da sorpresa zalea, baina egoera ere erabat ezohikoa zen.

Datorren urterako udal eta foru hauteskundeak daude aurreikusita. Hego Euskal Herrian oso hitzordu garrantzitsua, ikuspuntu ezberdinetatik begiratuta. Estatuan hauteskunde orokorrak izateko aukerak beste faktore bat gehiago jartzen du mahai gainean, Estatu mailako indarren arteko polarizazioa ekarri ohi baitute normalean. Euskal herritarrak Espainiatik inoiz baino urrunago daudela entzun dugu azken garaiotan, baina polarizazio horrek izan dezake eraginik hautesleen jokabidean, beste askotan izan duen bezala.

Edonola ere, Euskal Herrian badira interes gune batzuk hauteskunde ziklo honetan barrena argitu beharrekoak. Hauteskunde garai berri bat abiatu da urte batzuetako –gutxi, egia esan– tarte baten ostetik, eta garai horrek ziklo politiko berri bat indartzeko balioko ote duen da galdera nagusietako bat. Hau da, izan badiren baldintzak baliatzeko eta egon badiren oztopo zein zailtasunak gainditzeko balioko ote duen.

Baldintzei dagokionez, besteak beste, ETAren azken erabakia, estatus politikoaren eztabaida piztu izana eta Estatuko krisia –eta Estatu mailako indarrek Euskal Herrian duten pisu eskasa– izan daitezke lozorroan dagoen prozesu politikoaren oinarriak, hori dena bozekin berresten bada. Egoera orotan izan dira bozak garrantzitsuak, estrategia edozein zela ere. Negoziazio estrategiak indartzeko, batzuetan; errepresioaren eta ilegalizazioen erasoaldiei aurre egiteko beste batzuetan; estrategia aldaketa sakonak berresteko noizbait… Oraingoan ere garrantzitsuak izango dira, beharbada inoiz baino gehiago, Euskal Herria ziklo historiko berri batean kokatzeko elikagai nagusietako bat izango baitira, are gehiago borroka armatua desagertu ostean.

Esan bezala, erronkak bi alde ditu. Aukerena eta arriskuena. Eta baldintza objektiboak izan badauden bezala, arazoak ere ez dira makalak. Lehenik eta behin, Estatuaren izaera bera, jasangaitza baitzaio Euskal Herria eta bere eskubideak onartzea. Beste arazo bat ustez Euskal Herriaren burujabetza prozesu baten alde beharko luketen baina, egiazko erabakietan, Estatuaren «egonkortasuna» bermatzen dutenen jokabidea da. Azken boladan, Gurtel auziko sententziak eta zentsura mozioak dena hankaz gora jarri arte, EAJk PPri emandako babesa ezin adierazgarriagoa izan da. •