Nerea Ibarzabal Salegi

Epidemia

Izan daitezke lau gizon, tabernara oso ozen berbetan sartu berri direnak eta hiru ardo zuri eta beltz bat eskatu dituztenak barran. Erdizka begiratu diezaiokete telebistari, eta albistegia den erruleta makabroak une horretan aukeratutako argazkia hartu dezakete berbagaitzat. Bat-batean, gastroenteritis izurrite motz baina latz batek jota bezala, oka hasi da gizonetako bat, dena botatzen, ahoak eman ahala: «Ez naiz arrazista, baina hemengoak lehenengo».

Kuadrillakoek ez dute atzeranzko pausurik eman, prakak zipriztintzeak beldurtuko ez balitu bezala, eta bata bestearen atzetik hasi dira orduan oka; epidemia geldiezina: «Sartu ditzatela beraien etxeetan», «Haurdun sartzea ere txalupa batean, hori axolagabea hori!», «Gero hemen pultserak saltzen ibiltzeko eta gure emakumeak bakean ez uzteko».

Taberna retroko lur-gain granatea zerri eginda utzi dute. Beraien okak lehendik lurrean zeuden gilden txotxak, oliba hezurrak eta musuzapi fin eta almidoiztatuen pilotatxoak estali ditu, masa marroi likatsu bat osatu arte. Zure herriko lau gizon izan daitezke, izango dira, gaur, atzo, txikiteoan segiko dutenak ezer jaso gabe, ezer hautsi izan ez balute bezala taberna horretan.

Edo izan daiteke beharbada 17 urteko gazte kuadrilla bat beraien zementuzko lokal hotzean sartuta, fluoreszente argien azpian, leihoak egunkarietako paperez estalita dituztela. Hanka-zabalik daude sofan botata euretako batek gaia atera duenean. Protagonista lesbianak dituen bideo joko bat merkaturatu berri dute, edo muxu bat ematen dute behintzat trailerrean.

Baina-patatak bazkaldu dituenari korroskada arraro bat atera zaio, azidoa eztarriraino igotzen zaizun horietakoa. Ahoa ireki behar izan du, ezin izan dio eutsi: «Ondo dago, baina horrelako gauzak behartuta sartzea ez da ona». Elkarri porroa pasatzen dioten ordena berean hasi dira kide guztiak botaka, hanka zabalduen erdian burua sartuta: «Horrelako gauzek istorioari sinesgarritasuna kentzen diote», «Badira beste leku batzuk homosexualitatea bistaratzeko», «Neskak protagonista diren bideo jokoak ez dira gauza bera».

Zoru gaineko likido marroiari lurruna dario, metro batzuk gorago metatutako tabakoaren kearekin nahastuko dena aurki.

Izan daiteke kuadrilla hori, edo beharbada helduxeago bat, tartean gurasoren bat edo besterekin. Demagun autobusean doazela. Norbaitek sanferminei erreferentzia egin eta segituan aipatu dute Manadaren kasua. Kurbarik ez da errepidean, baina zerbaitek mugitu dizkio tripak pasillo ertzean eserita doanari. Txoferrari poltsa bat eskatzeko astirik gabe atera zaio: «Nik sinesten diot neskari e, baina bideoa ikusi dutenak epaileak dira, nik ez dut ikusi eta ezin esan ziur zer izan den».

Autobuseko pasilloan behera doa errekastoa, bidaiarien kalterako, beste pare bat lagunenarekin batera: «Epaileek guk baino gehiago dakite… baina ni neskaren alde nago e!», «Bera ere geldi geratu zen eta… horrek ez dio laguntzen».

Medikuek ez dakite zer egin, bidaiatzeak ere ez omen du konpontzen hau. Gizarteko erdiguneetan dauden aire-partikulak aztertzen ari dira, ikusteko ea zerk ematen dien batzuei edozertaz hain lasai, blaust, edozer esateko lasaitasuna. Zergatik hasten den bat eta denek jarraitzen dioten, zain baleude bezala bilisa noiz botako. Eta anonimotasunean are ikaragarriagoa omen da. Neurri prebentibo bakar bat aurkeztu dute anbulatorio guztietan presaka zabaldutako esku-orrian: epidemiadunak ez dezala begirada konplizerik aurkitu bere inguruan. •