Miren Azkarate Badiola

In(justizia)

Euskal herritarren edo behintzat bertako sektore baten elkartasun eta duintasun maila handia dela ondo jakin dut betidanik. Bidaietarako gidari bat? Hortxe hamaika boluntario. Dirua behar duzula? Ahal dudana emango dizut eta bestea eskatuko dugu edo antolatuko dugu zerbait lortzeko. Kartelak pegatu? Goazen. Bazkari bat antolatu nahi dugula? Ni prest zerbitzatzeko. Eta ez bakarrik gatazkaren inguruko borroketan, berdin nazioarteko arazoetan, ekologisten deialdietan... Azken finean, behar ezberdinen aurrean laguntza eman dugun herri bat gara (berriz diot: sektore bat bederen).

Berriz erakutsi dugu “Altsasuko auzia” bezala ezaguna egin den kasuarekin. Espainiako Erreinuak berriz ere erakutsi digu –azkenaldian Espainiako hainbat lekutan ohartzen ari dira hemen aspaldi genekiena– guretzako justizia ez dela existitzen: liskar batengatik gazte batzuei 13 urteko espetxe zigorra. Baina horretaz dena edo asko esana dagoenez, nik gaurkoan horren aurrean emandako erantzuna azpimarratu nahiko nuke. Hasiera-hasieratik gazte hauen gurasoek egin dutena, Altsasuko herritarrek egindakoa eta ondoren Euskal Herri osoaren erantzuna eta baita hemendik kanpo erakutsitakoa, horiek ez badira elkartasuna eta duintasuna…

Gaur berriro erakutsiko dugu Iruñeko kaleak beteaz. In(justiziaren) aurrean oihu egingo dugu: «Altsasukoak aske!». Ez dugu justiziarik lortuko, euskaldunentzat ez baitago Espainiako Erreinuan, baina harro gaude garenaz eta gazte hauei, haien gurasoei, Altsasuko herriari eta edozeini erakutsiko diegu ez daudela bakarrik. •