Pello Otxandiano

Independentismoa olatu sozialen aurrean

Pasa den igandeko Gure Esku Dagoren giza kateak erabakitzeko eskubidearen aldarria eztabaida politikoaren erdigunera ekarri du noiz eta Gasteizko Parlamentuan estatus politiko berriaren oinarriak finkatzen ari diren momentuan, mobilizazio sozialari dagokionez ezohikoa izan den urte politikoa amaiera bidean jarriz bidenabar. Eguraldiak kontrakoa dion arren udan sartuko baikara datorren astean, urte politikoaren balantzea osatu eta hurrengoa proiektatzen hasteko sasoian.

Urte politiko hau zerbaitek ezaugarritu badu astindu gaituzten olatu sozialek egin dutela esango nuke. Horiek eta ETAren zikloaren itxierak, ezbairik gabe. Kaleak bete egin dira, behin eta berriro. Katalanak, presoak, emakumeak, pentsioak, Manada, Altsasu, erabakitzeko eskubidea… Kuantitatiboki zein kualitatiboki ezohikoa da euskal gizartea adierazten ari den pultsu soziala. Orriotan esana dut jada baina errepikatuko dut beste behin ere: uste dut pultsu sozial hain indartsu honen oinarrian zer dagoen ondo irakurri behar dugula. Garaiko erreakzio sozial baten aurrean gaudela esango nuke, egiturazkoa den krisiaren testuinguruan promesa liberalaren hausturak eragindako frustrazioak, haserreak eta beldurrak adierazten ari dela gizartea, neurri handi batean. Estatuak erantzuteko gai ez diren galdera berriak pausatu dira.

Izango al da proiektu independentista gizartearen itxaropen bide? Badu testuinguru bat bere alde, inoiz ez bezala –Eskozia, Ipar Irlanda, Korsika, Katalunia, nazio-estatuen krisia–, baina tokian toki egiteko gai denaren araberakoa izango da bere arrakasta, zalantzarik gabe; eta horrek gauza askotan asmatzea eskatzen du, tartean gizarte baldintzak ondo irakurtzen. Gaurkoan independentismoak pultsu sozial honen aurrean izan beharreko kokapenari buruzko gogoeta labur bat dakart lerrootara.

Ezin daiteke Subjektu independentista –horrela hitz larriz idatzita– modu prefabrikatuan eraiki. Independentismoa instrumentala izango da edo ez da izango, herritarren aspirazioei erantzuna emateko balioko du edo ez da izango. Gizartea mugitzen ari da, subjektu independentista mugimendu horren baitan artikulatuko da, ez hortik kanpo.

Zein fasetan gaude? Erabakitzeko eskubidea ardatz harturik gizartean dauden identitate sozial ezberdinak euskal eskala demokratiko baten errelatora erakartzeko garaian gaudela esango nuke. Eta nago urte honetan aurrerapauso kualitatiboak eman direla zentzu horretan, gabeziak gabezi, eta kontraesanak kontraesan: Martxoaren 8an, mugimendu feministak lema bat eta bakarrarekin –“Emakumeok planto!”– bete zituen kaleak Euskal Herri osoan; maiatzaren 26an pentsio duinak aldarrikatu ziren Hegoaldeko lau hiriburuetan; Altsasuko gazteen kontrako erasoari modu eredugarrian erantzun zaio, autoritarismoaren kontrako olatu sozial bat altxatuz Espainiako sistema politikoa zuzenki interpelatu duena, eta Nafarroako erregimenaren datozen hilabeteetako agenda soziala hankaz gora jarri duena bide batez; Gure Esku Dagoren giza katearen arrakasta kuantitatiboa bezainbat da kualitatiboa, erabakitzeko eskubidea agenda sozialarekin lotzen asmatu duelako, neurri batean.

Konfrontazio ardatz hauek –eta beste batzuk– elikatzen jarraitzeaz batera programa politiko bat behar du independentismoak fase politiko honetan, erantzunak emango dituena gizartetik pausatzen ari diren galderei. Estatus politiko berrien eztabaida hortxe kokatzen da, hain zuzen ere. Aste honetan Jule Goikoetxeak Plaza Hutsean ondo esan bezala, herrigintzarik gabeko estatugintzarekin ez baitago demokratizazio prozesurik, baina estatugintzarik gabeko herrigintzarekin ezta ere –https://goo.gl/xEPq1U–. •