Maider Iantzi Goienetxe

Berandu da, baina...

Gaztea nintzenean ez nien deus galdetzen. Orduan ez zitzaizkidan gai hauek interesatzen. Orain, gurasoak bizirik baleude, informazio pila bat galdetuko nien». Hala aitortu digu 36ko Gerran herritik bota zuten familietako baten semeak. Ondoan ditu garai hartan haurrak baziren ere, oroitzapenak bizi-bizi dituzten bi herrikide, bi ahizpa. «Atzo balitz bezala oroitzen naiz nola deitu gintuzten familiak plazara. Kontent-kontent nengoen igandetako arropa jantzi zidatelako. Bestak ziren eta bestetara gindoazela uste nuen», hasi da bietako bat kontatzen. Eta hortik aitzinera pasartea pasartearekin lotzen joan dira bi ahizpak, elkarri hitza kenduz. Zenbat gauza dituzten barrenean!

Memoria historikoaren gaia ateratzen denean beti eztabaidatzen dut lankide batekin. «Hagitz berandu da», azpimarratzen du berak. «Zergatik ez dira omenaldi eta elkarrizketak lehenago egin?». «Bai, baina... –azaltzen diot nik–. Beldur handia egon da. Gainera, herri ttipietan denek ezagutzen dute elkar, alde batekoek eta bertzekoek. Ondorengoek ez dute arbasoek egindakoen ardurarik eta denbora behar izan da solasean hasteko». «82 urte pasatu dira, e, 70eko hamarkadan jada 40 urtetik gora zituzten emakume horiek eta galdetzen ahal zitzaien», ekiten dio lankideak. Beti argudio berak erabiltzen ditugu, ez dugu behin ere eztabaida bukatzen. Baina gustatzen zait, interesgarria iruditzen zait, batez ere «zergatik ez da lehenago egin?» eta «zergatik orain?» galderen gibelean dagoena deskubritzen saiatzeko ariketa.

Ahizpek ere «zer iruditzen zaizue eginen dizueten omenaldia?» galdetu orduko bota dute: «Berandu da. Baina...», jarraitu dute, emozioa ezin ezkutatuta.•