Xabier Mikel Errekondo

Haurdunaldi subrogatua ala alokairuzko sabela?

Kezka, eztabaida, irtenbidea eta legeen moldaketa lau hankako prozesu jarraitua aitzinera egiten duen gizarte osasuntsu baten bizkarrezurra da.

Haurra izateak/ez izateak erpin izugarri ditu eta guziek erantzun berehalakoa exijitzen dute.

Bada ahalmen ekonomikoaz baliatuta adopzioan hartutakorik edo ernalkuntza artifizialaren bidez lortutakorik, bide pribatu zein publikotik.

Bada haurrik izan nahi ez duenik eta bada bere sabelean izan ezin baina nahi duen emakumerik. Azken hauentzat irtenbidea da haurdunaldi subrogatua. Ala alokairuzko sabelak dira? Zientifikoki ahal da eta juridikoki partaideak babestu litezke, baina etikoki? Nik argi dut haurra izatea desio soila baino gehiago dela, edo behintzat ez izatea bezain eskubidezkoa. Ezin duenari laguntzea zilegi da, legez behinik behin. Bestela, debeka daitezela in vitro ernalkuntza eta intseminazio artifiziala...

Agentzien negozioa dela? Administrazioak kudea dezala %100ean. Legezkoa ez dela? Egokitu dezagun, batez ere alderik zaurgarrienak diren haurdunaldia eramanen duen emakumea eta haurra babesteko. Emakumearen hautuari dagozkion eskubideengan egin behar dugu ahalegina eta asmatu, kontzienteki, prestatua eta borondatezkoa izan dadin, guraso izan nahi dutenek ordainduta, eta ezin badute administrazioak bermatuta. Esplotazioa da ekidin beharrekoa. Gizarte honetan merkantilizaziotik nekez egin dezake ihes inork ezertan.

Ondorioz, naturalki ugaltzeko ezina dutenentzat haurdunaldi subrogatuaren alde nago.

Eta etorkizunean haurdunaldia umetokitik at eginen balitz? •