Mirari Martiarena Iraola

Agurra

Imanol Agirretxek agur esan dio bere futbol ibilbideari. Penaz hartu dut albistea, badakidalako agur esateko erabakiaren atzean sentimendu zurrunbiloa izaten dela. Baina badakit, era berean, norbere buruarekin zintzo izateko eta aurrera egiteko onena dela. Behin erabakia hartuta, noiz eta nola esan ere ez da erraza izaten. Kontraesana baitirudi irailean, kurtso hasieran, zerbaiti agur esatea.

Irailaren 1eko GAUR8ko alean argitaratuko da oraingoz nire azken zutabea. Hauxe da, beraz, despedida. Benetan eskerturik nago emandako eta izandako aukeragatik. Ezetz esaten ez nekielako hasi nintzen bertan idazten eta ez pentsa 2015etik hona arlo horretan gauzak askorik aldatu direnik. Baina agur esateko beharra sentitu dut.

42 hilabetez nahi nuena kontatzeko aukera izan dut orrialde honetan. Batzuetan azaletik, bestetan barrutik eta zenbaitetan erraietatik. Ordenagailu aurrean malkotan idatzi izan ditut nire bizipenak, gehiegi biluzi izanaren sentsazioarekin. Ez dizuet gezurrik esango: ez naiz idatzitako zutabe guztiekin gustura geratu, baina beti ezin da bete-betean asmatu.

Eskerrik asko irakurle, hilean behin nire hitzak irakurtzeko tartea hartu duzulako. Bereziki zuri Igor, fin-fin irakurri dituzulako guztiak; nire hileroko bisita egiteko modua izan da. Horrek ez du esan nahi hemendik aurrera nire berri izango ez duzunik. Eta nola ez, idazten hasi nintzenean gaizki egongo zen beldurrez zutabea aurrez jasotzen zuten lagunei.

Hauxe da agurra, beraz, edo gero artea, batek daki! Zoriontsu segi! •