01/09/2018

Bultzada Hego Afrikako laborantza erreformari

David Mabuza lehendakariordeak aurreratu duenez, laborantza erreforma lur publikoetatik hasiko da, lurrei erabilera egokia ematen zaiela ziurtatzeko

Iragan asteko Donald Trumpen txio batek mundu osoari gogoratu dio Hego Afrikan nekazaritza erreforma aurrera atera nahian ari direla. Aro digitalean lurraren gaineko kontuek interes handirik pizten ez badute ere, hegoafrikarrek denbora luzea daramate laborantza erreformaren nondik norakoak eztabaidatzen. Bada, eztabaidak bultzada handia jaso zuen iragan urteko abenduan, ANC Afrikako Kongresu Nazionalaren 54. konferentzian. Bertan onartu zen ebazpenak Hego Afrikako Konstituzioa aldatzea eta konpentsaziorik gabeko lur desjabetzeei bide ematea eskatzen zuen. Ordutik, Estatuak antolatutako bileretan auzia luze eta zabal eztabaidatzen ari dira. Beltzak eta zuriak, lur-jabeak eta lurrik gabeak, denak ari dira iritzia ematen. Gaiaren inguruan nazio eztabaida zabala gorpuzten ari da, Donald Trumpek eta FOX kateak botatako purrustadetatik oso urruti.

Hegoafrikarrek itxaropen handia zuten jarrita nekazaritza erreforman, beren bizi baldintzak hobetzeko baliagarria izango zelakoan. Baina apartheid-a amaitu zenetik jada 24 urte pasata, orain arteko saiakerek ez dute emaitzarik eman. Lehen saiakeran, restitution edo lehengoratzean jarri zuten indarra. Euren lurretatik indarrez kanporatuak diruz konpentsatzea zen ideia. Diruak soilik, lurrik gabe, ez zuen baina aukerarik ematen berriro nekazaritzan hasteko. Horregatik ez zuen emaitza handirik ekarri bide horrek.

Hurrengo urratsean redistribution edo lur banaketa izan zen Gobernuaren lehentasuna. Baina prozesuak ez zuen esperotako emaitzarik izan. Oso eskema korapilatsua planteatu zen lur merkatua ez kaltetzeko. Gobernuak berak erosten zizkien lurrak saltzeko prest zeuden jabeei, eta, ondoren, lursailak banatzen zituen. Prozesu mantsoa izateaz gain, lurra jasotzen zutenek ez zuten prozesuaren hainbat erabaki garrantzitsutan parte hartzen. Azken finean, administrazioaren ikuspuntutik egiten zen banaketa, jarduera ekonomikoaren ikuspuntutik zentzurik ez zuen banaketa. 2000. urtean Gobernua saiatu zen erabakiak deszentralizatu eta sistema hobetzen. Baina horrek beste arazo bat ekarri zuen: Gobernuko agenteak erraz erortzen ziren tokiko jauntxoen eraginpean, eta, azkenean, tokiko eliteek ateratzen zuten etekinik handiena.

Horiek horrela, 24 urteren buruan, lurren %72 gutxiengo zuriaren esku daude –populazioaren %8 dira–. Beltzek, biztanleen %80 izanik, lurren %4 soilik kontrolatzen dituzte. Argi dago, beraz, oso gutxi aurreratu dela laborantza erreforman eta, ondorioz, baita aukera berdintasunean ere. Beltzen artean atsekabea gero eta handiagoa izanik, Cyril Ramaphosaren Gobernuak bultzada politikoa eman nahi izan dio gaiari. Eztabaida nagusia konpentsaziorik gabeko desjabetzen inguruan ematen ari bada ere, Exekutiboaren asmoak zabalagoak dira. Egunotan, David Mabuza lehendakariordeak nekazarien gailur batean aurreratu duenez, laborantza erreforma lur publikoetatik hasiko da, nekazaritza ekoizpenaren ikuspuntutik lurrei erabilera egokia ematen zaiela ziurtatzeko. Horrez gain, lurra banatu ondorengo urratsak laguntzeko programa berezi bat prestatzen ari direla azaldu du. Helburua ez da lurra banatzea, lursailok emankorrak izatea baizik. Badirudi Gobernu berriak iraganeko akatsetatik ikasi duela; azken finean, nekazaritza erreformen arazo nagusia ez baita lurrak banatzea izaten, ondorengo urratsak baizik. Nekazariek ez badute baliabide nahikorik lursailetan inbertsio minimoak egiteko, alferrikakoa izaten da lurrak banatzea. •