Gorka Elejabarrieta

Europar oasia

Europa zahar honetan maiz entzuten dugu estatu berrien sorrera XIX. mendeko kontua dela. Urkullu jaunak behin eta berriro dio XXI. mendean independentzia aldarrikatzea ez dela errealista, ez eta komenigarria ere. Baina, aldiz, horrelakoak entzuten ditugun abiadura berdinean doa aldatzen Europako mapa. Bitxia bada ere, ez dut independentzia lortu eta gero atzera egitea erabaki duen estaturik ezagutzen. Europar Batasuna osatzen duten estatu kideetatik erdiek XX. mendean lortu zuten independentzia, eta, Europako hainbat estaturik gabeko herriren egoera politikoa ikusirik, ez da txorakeria pentsatzea etorkizun hurbilean mapa berriz aldatuko denik. Batzuetan ez dakit Urkullu eta biok Euskal Herri berean ez eta planeta berean ere bizi garen, nahiz eta ni ziur nagoen oinak lurrera ondo helduta ditudala.

Faroe uharteetan konstituzio berria adostuko dute laster, berez onartuta duten autodeterminazio eskubidea lege bilakatuko duena. Kanakek azaroaren 4an erabakiko dute frantziar Estatutik ospa egiten duten edo ez. Ezetzak irabaziko balu, gainera, Kaledonia Berrian beste bi independentzia erreferendum egitea dago aurreikusita, 2020an eta 2022an zehazki. Eta ez ahaztu, frantziar Estatuarekin adostu eta nazioartearen babesarekin egingo den erreferenduma da. Guri behin eta berriro horrelako erreferendum bat egitea ezinezkoa dela esaten digun Frantziar estatu berberarekin.

Eskozia, Flandria, Korsika eta Irlanda ere hor daude, bakoitza bere berezitasunekin, bere prozesu partikularrarekin. Baina guztiak ari dira pausuz pausu aurrera egiten. Eta zer esan, edo hobe esanda, zer ez da dagoeneko esan, Kataluniari buruz?

Aipaturiko herrietako kasu gehienen barne dinamika politikoa eta elektorala aztertzen badugu, berehala konturatuko gara independentismoaren baitan hegemonia elektoral argia duen eragile politiko bakarra dagoela. Eskozian SNP, Irlandan Sinn Fein, Flandesen N-VA, eta abar. Prozesu katalanak, beste gauza batzuen artean, independentisten baitan lehia elektoral hori egonda ere horrelako prozesu bat aurrera eramatea posible dela frogatu zigun, baldin eta lehia legitimo horren gainetik interes komunak eta horretarako beharrezkoak diren lanabesak (sukalde konpartitua) jartzen diren. Azkeneko hilabeteetan, baina, bereziki aurreko astean, batasun hori inoiz baino ahulago ikusi da. Arrazoia nork duen, zeinen estrategia den egokiagoa eta eraginkorragoa eztabaidatzera sartu gabe, bi ideia azpimarratu nahiko nituzke. Batetik, batzuek eta besteek independentista izaten jarraitzen dutela, ez dutela azkeneko hilabeteetan ideiaz aldatu, espainiar Estatuaren “sedukzio” politikak ez dituela konbentzitu. Eta, bestetik, haien arteko batasunik gabe, ez batzuen ez eta besteen plana ere ezingo dela gauzatu, eta irabazle aterako den bakarra Estatu espainiarra dela.

Estatu espainiarrak zatiketa bultzatzen du etengabe, konponbide politikoa ezin duela eskaini jakitun, arerioak bere buruaz beste egingo duen esperantzarekin. Guk ere hortaz zerbait ikasi dugu urteen poderioz. Etsaiak bera izaten jarraitzen du, espainiar Estatua, baina, batzuetan, barne liskarrek eta borroka etengabeek ikuspegi politikoa zipriztindu eta bidelagun direnak areriotzat hartzera eraman gaitzakete.

Prozesua Estatuarekin adostua izan edo ez, bi dira nire ustez bereziki bete beharreko baldintzak: gehiengo argi baten babesa izatea eta nazioarteko aitortza lortzea –nazioarteko aitortza oso eta bat-bateko gisa ulertuta edo prozesu bat bezala ulertuta, pixkanaka, tantaz tanta lortukoa–. Gehiengoa eskuratzea ez da batere erraza, eta kopuru txikiek eraman dezakete balantza alde batera ala bestera.

Europa zahar honek daraman norabidea eta bidea kezkatzekoak dira, gero eta leku gehiagotan entzuten da krisi ekonomiko sakon berri bat datorkigula, aurrekoa baino are bortitzagoa. Ez dakit Europar Batasunak krisi horretatik bizirik ateratzeko gaitasuna izango duen edo ez. Ez dirudi ezkerra alternatiba errealak eraikitzeko moduan denik, eta, bien bitartean, panorama ezkor horren aurrean, estaturik gabeko herriek bizirik diraute, ez dira desagertu; desertuan hazten ari den oasi bakarra dirudite herriok. Ureztatu ditzagun. •