Gorka Zozaia - @zotz_
Kimikaria

Hutsuneak

Ezerezetik hutsune bat agertzen zela zirudien aurreko hilean postre gisa utzitako probleman. Lau piezaz osaturiko hiruki zuzenak, 13 koadro oin eta 5 koadro altukoak, altuera eta oin bereko triangelu bat ematen zuen piezak berrantolatuz gero, erdian koadro karratu bat hutsune gisa utziz. Piezak neurri berekoak direla baieztaturik, misterioaren erantzuna hirukiaren maldan ezkutatzen dela igarriko zenuten problema aurrez ezagutzen ez zenutenek. Izan ere, hirukiaren malda osatzen duten hiruki formako bi piezak malda ezberdinetakoak dira, 5x2koa bata eta 8x3koa bestea. Hala, hutsune misteriotsua pieza guztiekin osaturiko hirukiaren maldan ezkutatzen da, begien bistari izkin eginik.

Erraza izaten da hutsuneak ezkutatzea. Begien bista beste nonbaitera bideratzea izaten da beti amarru errazena. Hutsuneak agerian gelditzen direnean, baina, ohartzen da bat horiez. Adibidez, Fisikako Nobel saria Donna Stricklandi eman eta berau jaso duen hirugarren emakumea dela agerian utzi dutenean, 1903an Marie Curiek eta 1963an Maria Goeppert-Mayerrek jaso ostean. Fisikako sari gogoangarria berriz ere gizonen artean gelditu izan balitz ez litzateke hutsunerik agerian geldituko, alegia. Egiari zor, azken urteotan gero eta ozenagoak dira Suediako Akademiaren misoginia salatzen duten ahotsak, eta hutsuneek beren kabuz hitz egiten dute. Nobel sarien historian banatu diren 925 sarietatik soilik 49 izan dira emakumeentzat; hamasei Bakearen Nobel sari, hamalau Literatura Nobel sari, hamabi Fisiologia eta Medikuntza Nobel sari, lau Kimika Nobel sari, bi Fisika Nobel sari eta Ekonomia Nobel sari bat. Gainera, 49 horietatik bi emakume berberak eraman ditu, Marie Curiek. Aurtengoan bi emakume gehitu behar dira zerrenda horretan, aipatu Strickland eta Kimika Nobel saria jaso duen Frances Arnold.

Aurtengo Fisika Nobel sarira itzuliz, aipagarria da sariaren banaketa. Erdia Arthur Ashkin estatubatuarrarentzat izan da pintza optikoa asmatzeagatik. Gailu horrek laser izpi bat darabil partikula txikiak mugitzeko, atomo, birus eta beste zelula batzuk kasu, berauek hondatu gabe. Beste erdia Gerard Mourou frantziarrarentzat eta aipatu Donna Strickland kanadarrarentzat izan da, industria eta medikuntzan aplikazioak dituen intentsitate altuko pultsu ultralaburrak sortzeko metodo bat garatzeagatik. Aipagarria da, bereziki, Stricklanden lana bere tesi zuzendari Mourouren lanean oinarrituta dagoela, eta orain artean honek jasotako sari guztietan aipamenik izan ez duen bitartean, Nobela bai eskaini diotela. Wikipedian artikulurik ere ez zuelarik, inondik inora halakorik espero ez zuelarik, heldu zaio Suediako Akademiaren errekonozimendua.

Antza, hutsune batzuk ari dira gutxika-gutxika argia ikusten, eta, berarekin, huts uneak, huts guneak salatzen. Ez dira nahikoa, jakina, baina ongi etorriak dira gure begi bistako hutsuneak identifikatzera ohitzen joateko, eta, berarekin, hutsak egiteari uzten joateko. •