Amaia Nausia Pimoulier

Espazio publikoen konkista

Garai batean, eta ez da oso urruti gelditzen, Iruñean Francoren etorbidetik igoz gero, laster iristen zinen Armadaren etorbidera eta handik berehala kartzela zaharrera. Gaur, berriz, ibilbide hori bera egiteko hiriburuko iparraldeko etorbide nagusitik sartuz gero, Behe Nafarroako etorbidetik pasa beharko duzu, Katalina I.aren etorbidetik jarraitu eta Intsumisoaren parkeraino iritsi. Bada aldaketa txiki bat, ezta? Ez dakit, baina niri ibilbidea atseginagoa suertatzen zait.

Kaleen izenen aukeraketa ez da txikikeria bat, garai bakoitzean gure herriko edo hiriko autoritateek euren historiarekiko ikuspuntua transmititzeko duten modu bat ere izan daiteke. Horregatik orain dela urte gutxi arte gure kaleak jeneral frankistez beteta zeuden.

Kale ezberdinen izenen bidez gauza asko islatu daitezke; zer-nolako atxikimendua edo posizionamendua du herri horrek bere iraganarekiko? Zer mugarri aukeratu nahi ditu? Hiri irekia izateko nahia al du? Memoria historikoaren lanketa egiteko ahalegina egin al du?

Iruñeko Udalak Armadaren etorbideari Katalina I.aren izena jartzea berri on bat dela iruditzen zait. Katalina Nafarroako Erresumaren azken erregina legitimoa izan zen, XVI. mende hasieran Gaztelako armadaren konkistaren ondoren bere gortearekin Pirinioetatik bestaldera ihes egin behar izan zuen emakumea, emakumezko jantzia eta ahalmen handikoa. Gure lurraldeetara Arnal Guillem Broncar ekarrarazi zuen eta, berarekin, garai hartako berrikuntzarik nabariena: inprenta. Letrekin maiteminduta zegoen Katalina eta Gorte Humanista bat sortzeari garrantzi handia ematen zion.

Jakina, gustatuko litzaidake gure historiako emakume ez horren ezagunek ere lekua izatea gure kaleetan, izan ere, Katalina garai bateko elite baten emakume izena da, erregina bat. Baina, bere senarrak, errege-kontsorteak, aspaldidanik Iruñean leku pribilegiatua izatea, frontoiaz eta kaleaz ari naiz noski, eta erregina legitimoa kanpo geratu izana ez zen bidezkoa. Gure hiriko kaleak gizonen izenez beterik daude, eta pozgarria da beti emakumeen izenek geroz eta espazio publiko gehiago konkistatzea. Etorbide bati izena emanen dion emakumeak Nafarroako historiaren mugarri garrantzitsu bat islatzea eta berreskuratzea ere azpimarragarria iruditzen zait.

Instituzioetatik hartzen diren erabakiek gizartearen eskaera eta behar berriei erantzun behar diete halabeharrez. Zer-nolako kontzeptu, izen eta erakundeei eman nahi diegu lekua gure herri eta hirietan? Horri erantzun nahi izan dio Iruñeko Udalak. Eremu publikoen lanketan oinarrizko irizpide batzuk zaindu beharko lirateke eta horiek feministak eta memoria historikoaren aldekoak izatearekin guztiz ados nago.

Berriro ere nire inpresio bat bakarrik izan daiteke, baina pozgarria eta askatzailea ere badela ausartuko nintzateke esatera “Armada” bezalako kontzeptu hierarkiko, patriarkal eta zapaltzaile batek emakume humanista bati lekua ematea. •