Joana Garmendia

Ironia zer den

Ironia aztertzen dudala jakitean, askok esaten didate, ea, tira ba, erakuts dezadala egiten dakidana: esan dezadala zerbait ironikoa, edo azal diezaiedala ironia zer den bi hitzetan. Zirkuan hezitako animaliei nola. Ez dakit hori egiten. Koaderno honetako karaktere mugatuetan, gehienez ere, saia naiteke ironia zer ez den azaltzen.

Ironia bereizi egiten da hizketa modu arruntenetatik. Zure amonaren etxea arrosa dela uste baduzu eta informazio hori, auskalo zergatik, jakinarazi nahi badidazu, hori egiteko biderik zuzenena izango da, seguru asko, «nire amonaren etxea arrosa da» esatea. Kasu sinple, zuzen, paradigmatiko horietan, zuk uste duzuna, esan didazuna, eta komunikatu nahi izan didazuna bat eta bera dira –zure amonaren etxea arrosa dela–. Dena ondo joanez gero, horixe bera izango da nik ulertuko dizudana.

Etxe arrosaren kasu arrunt-arrunt horretatik bereizteko era asko daude, eta ez da dena ironia. Hiztuna, esaterako, nahas daiteke zerbait esatean: badut nik izeba bat, lau alaba izan, eta sekula haien izenak ondo esaten ez dituena. Komunikatu nahi badigu, adibidez, Maialen ume bila joan dela ikastolara, esango digu, askotan esan ere, «Nekane ikastolara joan da ume bila». Nire izebak uste duena eta komunikatu nahi ziguna bat datoz, baina horiek talka egiten dute izebak esan digunarekin. Okertu egin da izeba, eta ez digu esan nahi ziguna esan.

Koska bat aurrera egiten du gezurra esaten duenak. Iratik 17 urte zituen Kaliforniara joan zenean eta ezin zen, beraz, tabernetara inguratu ere egin. Behin kontzertu bat ikusi nahi, eta proba egin zuen: «21 urte ditut», halaxe esan zion tabernako atezainari. Iratik ez zuen uste 21 urte zituenik, baina hori sinetsarazi nahi zion atezainari, eta horrexegatik esan zion hori. Gezurretan egiten dugunean, bat datoz esaten duguna eta komunikatu nahi duguna; horiek biek, ordea, talka egiten dute uste dugunarekin.

Nonbait entzuna dut ironia zera dela, ageriko gezur bat, erraz atzematen den gezurra. Ez da hori erabat zuzena, ordea. Pentsa dezagun gezurti hasiberrietan, oraindik ere gezurrak esaten baldar eta trakets ari direnetan. Kristal-hotsa entzun eta haurren logelara joan gara korrika; leihoa hautsita dago eta Adeik baloia dauka eskuan. «Ez dut nik hautsi». Erraz antzemango diogu ez dela benetan uste duena esaten ari; baina Adei ez da ironiko izaten saiatzen ari, Adeik sinetsarazi nahi digu ez duela berak hautsi leihoa –Adei gezurti txarra da–. Ironia ez da, bada, ageriko gezur bat.

Egia da ironian, askotan eta kasik normalean, hiztunak ez duela uste duena esaten, gezurretan nola. 2018ko udaberrian, eguna joan eta eguna etorri euria egin zigunean goitik behera, gaur bai eta bihar ere bai, batek baino gehiagok esango genuen «hauxe udaberri polita egiten ari zaiguna», edo antzeko zerbait. Argi dago uste, ez genuela hori uste. Baina ez ginen gezurretan ari: komunikatu nahi genuenak ez zuen, gezurretan ari garenean egiten duen gisan, esaten ari ginenarekin bat egiten –eta uste genuenarekin talka–. Ironian alderantziz da: udaberri polita egin digula esan dizut, baina nahi dut zuk ulertzea ezetz, ez dela hori benetan uste dudana, eta ez dela hori sinetsarazi nahi dizudana. Ironian, bat datoz uste duguna eta komunikatzen duguna, eta horiek biek talka egiten dute esaten dugunarekin.

Usteak, talkak eta esaten denaren eta komunikatu nahi denaren arteko aldea. Horiek laguntzen digute ulertzen ironia zer den edo, behintzat, zer ez den. •