Amagoia Mujika Telleria

Zeozer mugitu da, baina, berriz min hau

Bai, zeozer mugitu da aurten. «Hay que ser femenina y no feminista» esaten ziguten umetan. Eta horrelaxe hazi ginen batzuk, «feminista» izate horrek karga handia behar zuela pentsatuta; itsusiak eta inork ez maitatzeko modukoak begitantzen genituelako. Nerabezaroan tristatu egiten ginen taberna jendetsuetan «gure mutilek» ez bagintuzten defendatzen. «Horrek ipurdia ukitu dit», kexatzen ginen mutilei. «Eta? Ez al dakizu zuk bakarrik defendatzen?», haien erantzuna. Eta gu lur jota, uste genuena baino gutxiago maite gintuztelako. Izan ere, filmetan mutilak beti-beti defendatzen zuen bere neska mutur joka. Horrela neurtzen zen maitasuna, zenbat eta borroka latzagoa «bere neskaren» ipurdia «berea» bakarrik zela garbi uzteko, orduan eta maitasun sakonagoa.

Zenbat kostatu zaigun hori guztia hausten, puskatzen, eranzten. Eskerrak bidean lagun onak topatu ditugun, emakume indartsuak, ahaltsuak, ausartak, ahulak, lotsagabeak, umore onekoak, txarrekoak... Horiei esker sinistu dugu baietz, balio dugula, inork gure ipurdia defendatzeko borrokarik egiten ez duenean ere. Besteek ere erakutsi digute. Ipurdia ukitu digutenak, titietara begiratu digutenak, begi gosetiekin irentsi gaituztenak, atzetik segika beldurtu gaituztenak. Txarretik eta onetik, denetik ikasten da bizitza honetan, tamalez.

Gu, gutxi edo gehiago, aspaldi konturatuak ginen feminismoak salbatuko gaituela. Hainbeste hamarkadetan sokatik tiraka-tiraka ari diren horiek –haurrak ginela itsusiak eta inork ez maitatzeko modukoak begitantzen genituenak– aterako gaituztela lokatzetatik. Eta soka horretan lotu gara, aurrerago edo atzerago, feminismoaren sokan zintzilikatu gara gure burua salbatzeko.

Baina, bai, zeozer aldatu da aurten. Esku askok eutsi dute soka hori, indarrez. Feminismoa liburuetako kontua zela uste zuten, hitzaldi korapilatsuetako gaia. Ez zuten uste beraiek janzteko modukoa zenik, handitxo geratuko ote zitzaien beldur ziren akaso... Martxoaren 8an mezua garbia eta zuzena izan zen: «Emakumeak geratzen bagara, mundua geratzen da». Eta mundua geratu zen, une ñimiño batez sikiera. Eta une horretantxe konturatu zen emakume asko hankak lokatzetan trabatuta zituela eta horregatik ezin zuela aurrera egin, horregatik sentitzen zuela itolarri hori.

Zaintzaren karga bizkarrean duen belaunaldi horri buruz ari naiz. Seme-alabak eta senarrak zaintzetik –eta nola zaindu gainera– gurasoak zaintzera pasatu direnei buruz. Hori, kasu onenean; inguruan zaindua izatea behar duen izeba-osaba, lehengusu, bizilagun edota ezagunen bat baldin bada, hori ere haiei egokituko zaielako. Ingurukoak zainduak izateko programatutako emakume horiei buruz ari naiz, beren burua zaintzea inoiz okurritu ez zaien horiei buruz. Bai, horietako asko eta asko ikusi genituen Martxoaren 8an planto egiten, pozik, indartsu, irribarrez. Bazekiten etxera bueltan ezer gutxi aldatuko zela, zaintzen segitu beharko zutela. Baina beraiek aldatu dira, tokiz mugitu dira eta ez dira lehengo puntura bueltatuko. Hori aldaketa handia da.

Behera begira, feminismo betean jaio direnak daude. Inbidiaz begiratzen diet batzuetan, garbi dutelako zer nahi duten eta zer ez, zer gustatzen zaien eta zer ez. Iruditzen zait bizitzaren plazerez eta beren gorputzez gozatzeko aukera gehiago dituztela. Barre lasaiago egiten dutela, akatsak ere libre egiten dituztela, beren buruari askatasun txuteak aiseago ematen dizkietela.

Aldi berean, pena ere ematen didate. Itxuraz askeagoak izanagatik, gu bezain lotuak ikusten ditudalako maitasun erromantikoa esaten zaion munstro horretara. Alegia, oraindik mutilen batek beren ipurdia mutur joka defenda dezala desio dutela iruditzen zait maiz. Eta ez da arraroa, filmek hori kontatzen eta goratzen segitzen dutelako oraindik, gure garaian bezalaxe. Gezurretako parekidetasunean haziak izateak bere kargak ditu. Tristea eta nekagarria den arren, ezin da alerta-egoera itzali.

Baina, bai, zeozer aldatu da 2018. urtean. Matxismoak ere zorroztu ditu letaginak. Erasota sentitzen den piztia nola. Eskuin muturreko alderdiek darabilten «genero ideologiaren» kontrako bandera ezin bistatik galdu. Homosexualitatearen kontra, abortu eskubidearen kontra, indarkeria matxistaren kontrako legearen kontra... Matxismoak oso bizirik dirau, ilea gominaz alde batera orraztuta batzuetan eta modu disimulatuagoan besteetan.

Zeozer mugitu da eta akaso badira pozik egoteko arrazoiak. Baina ezin pozik egon, matxismoak hiltzen, jipoitzen, bortxatzen, umiliatzen eta zapaltzen segitu duelako 2018. urtean ere. Berriz min hau. •