Ana Elosegi Serna
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Haurren etxeak

Bagoaz pixkanaka-pixkanaka pauso txikiak ematen trauma bat sufritu duten haurren detekzioan, baita traumon prebentzio eta tratamenduan ere. Motibo desberdinek eragin ditzakete traumok, hala nola, ustekabeko heriotza bat, istripu bat, atentatuak edo denboran zehar iraun eta beste egoera zailekin korapilatzen diren trauma konplexuak: abusu sexualak, tratu txar psikologiko zein fisikoak, zabarkeria, bullying egoerak, gehiegizko babes edo atxikimendu egoerak...

Askotan haurrekin lanean ari garen profesionalok –dela hezkuntza, pediatria eta psikologia arloetan zein psikiatrian, neurologian eta psikomotrizitatean– denbora gehiago ematen dugu babesgabetasun egoerak jasaten dituzten haurren egoerak detektatzen eta diagnostikatzen, horiek tratatzen edo bideratzen baino. Askotan errekurtso faltagatik eta beste askotan ez dugulako nahikoa tresnarik sumatzen dugun arazoa balizkoa den edo ez diagnostikatzeko. Beste batzuetan, hanka sartzeko beldurra dugulako.

Poz handia hartu dut asteburuan prentsan Azpeitiari buruzko ondorengo albistea irakurri dudanean: «Babesgabetasun egoeran dauden adin txikikoen kasuak atzemateko programa jarriko dute martxan herriko ikastetxeetan». Hori gauzatzeko detekzioa ahalik eta azkarrena izateko aholkularitza eta formazioa jasoko dute ikastetxeek, traumen terapian formatzen ari garenok badakigulako zein garrantzitsua den ahalik eta azkarren haurra sufrimendu egoeratik ateratzea, tratu oneko inguru segurua eskaintzeko.

Jendarte mailan ari gara kontzientzia hartzen baina oraindik asko falta da. Islandian, adibidez, “haurren etxeak” jarri dituzte martxan, eta Save The Children erakundeak eredu hori gauzatzea proposatu du Katalunian. Izan ere, Save The Children gobernuz kanpoko erakundeak etxeon bideragarritasuna aztertzen duen txosten bat aurkeztu du.

Sexu-abusua haurtzaroko indarkeria modurik okerrenetako bat da, eta, Katalunian, 2017an, 549 salaketa jarri zituzten haur eta neskei sexu abusuak egiteagatik. Bost lagunetik batek (gizonen %15,5ek eta emakumeen %19ak), sexu-gehiegikeriak jasan ditu haurtzaroan. Beste indarkeria mota batzuetan baino gehiago, haurrek jasandako sexu-abusu kasuetan arazorik okerrena erasoon inguruko sekretuak eta tabuak dira; horregatik, kasurik gehienetan ezkutuan geratzen dira, eta, ondorioz, hainbat zailtasun eragiten dituzte, eta horrek min eta sufrimendu handiagoa eransten die haurrei.

Katalunian, behin haurrak bere inguruko norbaiti azaltzen dioenean sexu-abusuak jasaten ari dela, aurrera begirako bidea konplexua da. Haurrak lau zerbitzu desberdin igaro behar ditu, elkarren artean koordinaturik ez daudenak: polizia, ospitaleak, babes-zerbitzuak eta epaitegiak. Errekuperazioa eragozteaz gain, prozesu judizialarentzat ere kaltegarria da egoera hori, haurraren testigantza ez baita zaintzen. Ondorioa, argia: hamar sexu-abusu kasutik zazpi ez dira epaiketara heltzen froga faltagatik.

“Haurren etxeak” proiektuak hori guztia saihestu nahi du. Testigantza bakarra jaso nahi da; trauman eta haurren psikologian adituak diren profesionalen eskutik inguru goxo eta babestu bat sortu nahi da, haurren testigantzak ahalik eta xamurrenak bihurtu nahi dira, betiere testigantza bakarra izanik.

Eredu horiek gure herrira ekartzea ezinbestekoa da, pausoz pauso egin dezakegulako. Eta horretarako jendarte inplikatu bat behar dugu! •