Iñaki Soto

Londreseko gazte baten barrabiletako azkura

Liam Young gazte britainiarrak idatzi duen “Rise. How Jeremy Corbyn Inspired the Young to Create a New Socialism” liburuaren irakurketak gogoetara bultzatu nau. Testuingurua aproposa da. Alde batetik, Brexitaren prozesua dago; bestetik, hauteskunde zikloan sartu gara; eta, azkenik, Gazte Topagunea ere hortxe dago. Bide batez, “sozialismo berria” deitzen den horri buruzko eztabaida geroz eta hedatuagoa dago, batez ere mundu anglosaxoian. Liburuan Bernie Sandersen kanpainaren eragina aipatzen da, adibidez.

Young 21 urteko militantea da. Alderdi Laboristaz gain, sindikatu bateko eta Momentum mugimenduko partaidea ere bada. Gaur egun, Westminsterreko diputatu baten aholkulari gisa lan egiten du. Youngen idazkera bizia da, pixka bat errepikakorra, baina indartsua. Bere bizipenak eta hausnarketa propioak Corbynen inguruan sortu den mugimenduko gazteen testigantzekin osatzen ditu. 4.000 gazteri 15 galderako galdetegia bidali zien eta hortik hartutako testigantzak dira. Zentzu horretan, adinagatik Corbynen alde bozkatu ezin izan zuten baina bere alde kanpaina egin zutenen iritziak azpimarragarriak iruditu zaizkit.

Millennial delakoen kintakoa da Young, eta horri egozten zaizkion ezaugarrietatik asko betetzen ditu. Zenbaitetan adanismoan erortzen da, adibidez. Politikari tradizionalen eta establishment-aren paternalismoa gogor salatzen ditu, zuzen eta garbi. Bere ustez, Corbynek hor markatu du aldea: galdetu eta entzun egin die, alegia, gazteak kontuan hartu ditu.

Young anbizio handiko pertsona da, ez du ezkutatzen. Eta politika bere bizitzako pasioa da. 9 urte zituela Tony Blair ezagutu zuen, eta honek handitan zer izan nahi zuen galdetu zionean, Youngek «lehen ministro» erantzun zion. Liburua anekdota horrekin abiatzen da. Hantustea dirudi; eta da, zalantzarik gabe. Edonola ere, millennial delakoek duten lotsagabekeriaren, zintzotasunaren eta harrokeriaren nahasketa kontuan hartzeko zerbait dela iruditzen zait. Onerako eta txarrerako.

Corbyn fenomenoaz harago, “Rise”-n gazteen agenda moduko bat markatzen da. Euskal gazteenaren desberdina da, jakina, baina horrexegatik ere bada interesgarria. Parte hartze politikoaren auzian, gazteek politikan eragiteko duten gaitasuna nabarmentzen du. Besteak beste, bozkatzeko adina 16 urtera jaisteko ideiarekin bat egiten du. Osasun mentalaren gaiaren garrantzia aipatzen du, Britainia Handian alor horretan krisia baitago, eta austeritate politikek arazoa larriagotu dutelako. Brexitaren auzian balioen inguruko eztabaidaren garrantzia azpimarratzen du. Klima aldaketa dela-eta gazteek duten kezka ere azaltzen da. Hango gazteentzat etxebizitzaren auzia zentrala da eta Youngek politika publikoetan jartzen du indarra. Lan erreformek lan baldintzak nola kaltetu dituzten eta horren ondorioz desberdinkeria nola handitu den azaltzen du. Bankuen erreskatea gogor salatzen du, eta “Gazte plan” batek izango lituzkeen kostuekin alderatu. Hutsuneen artean, feminismoak duen garrantziari buruzko azterketa bota dut faltan.

La Pollak zioen –dioen?– bezala, «si en Londres les pica un huevo / Aquí todo el mundo se rasca». Evaristoren ustez, ergelen kezkak ziren horiek. Liburu honek, ordea, azkuron erreflexua identifikatzeko balio dezake. Badakizue, Putney Bridge izkinaren bueltan dago. •