Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Hauteskunde panelari

Hor zaude, errepide ertzean jarria, asteotako sargori, eurite eta iskanbilaren aurrean tinko. Nork jarri zaitu, ordea, zauden lekuan? Zure azala itsasgarriz busti zuten gau hartan, sentitu al zenuen hotzikararik? Eta banan-banan kartelez jantzi zintuztenean, izan al zenuen orrien bestaldekoa irakurtzeko grinarik? Kuriositaterik ere ez? Eta eduki bazenuen, osatu al duzu kartelgintzaren tesi muturik? Oraingo hautagai bakartiak garai bateko talde argazkiekin alderatzeko ohiturarik ba al daukazu? Kolore epelak edo biziak dituzu nahiago? Zer diozu Photoshoparen erabileraz? Eta gauetan, inguruan oinezkorik ez dabilenean, egiten al dizute hautagaiek promesik paperaren beste aldetik? Izan al duzu inoiz azkurarik edo alergiarik?

Eta zure egurrezko zauriak arakatzen ari diren pipiak, eskuindarrak edo ezkertiarrak ote dira? Nazionalistak edo independentistak? Munduko hiritarrak akaso? Irrikaz irensten al dituzte zure ezpaldu gabeko geruzak? Ba al da egurra izaki biziduna izaki jateari uko egiten dionik? Eta zurekin aspertzen direnean, zaborrontzi urdinetan pilatutako programa koloretsuak ere jaten ote dituzte? Zer diote langabeziaz? Ze iritzi dute materialismo dialektikoaz? Zer feminismo liberalaz? Ba al da klase borrokarik pipien merkatu librean? Esku ikusezinen batek mugitzen ote ditu?

Megafonia gainean dakarren auto hori, entzuten al duzu? Hunkitzen al zaitu musikak? Hitzen bat geratu al zaizu, kartelen gisa, itsatsita? Edo, alderantziz, zure azal irristakorretik amiltzen ote dira kontzeptuak? Dardara egiten al duzu “herria” hitza entzutean? Nor da “herria”? Nork dio “herria”? Zer dio “herria” esaten duenak? Hauteskundeetan botorik ematerik ez daukatenak, “herria” al dira? Egunean egunekoa bizi dutenak, oinak non beroturik ez daukatenak, karteletan ustezko aniztasun baten erakusle agertzen diren horiek, “herria” al dira? “Herria” sentitzen al dira? Motxila batean bizitza osoa hartuta Irun eta Biriatu artean noraezean dabiltzanek, irakurtzen ote dute jantzita daramazun kartelik?

Behin biharko eguna igarotakoan, nora eramango zaituzte? Almazen galdu, heze eta ilun batean elkartuko al zara zure senideekin? Eta elkartzen zaretenean, zer kontatuko diozue elkarri? Soziologiaz, historiaz eta ekonomiaz ariko al zarete? Edo futbolaz, “Conquis”-ez eta “Game of thrones”-ez akaso? Ez ote dira gauza bera? Eta aurtengo kartelak, nork kenduko ditu zure azaletik? Kenduko al ditu? Edo hortxe geratuko dira, euriak puztutako zure egurrezko azalean, historiaren lekuko isil? Erauzi gabeko kartel zatiek, hitz egiten ote dute elkarrekin? 2015eko promesez akordatzen ote dira? Sentitzen al dute damurik? Eta zuk, amestu al duzu inoiz beste lanbideren batekin? Liburutegiko apal bilakatu nahi al duzu? Edo negoziazio mahai? Tabernako barra, akaso? Amesgaiztorik izan al duzu sekula San Joan suarekin? •