Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Su eman

Batzuetan munduari su eman nahi izaten diot, nire burua bonzo eran bota norabait, Correos-eko egoitza baten kontra, adibidez. Etxerako jada inork gutunik idazten ez duen garaiotan, paper zuriak bankuek, udaletako isunek eta estatuaren zigiludun eskuek soilik betetzen dituzten aro honetan nire burua bonzo eran botako nuke hainbeste albiste txar gordetzen dituzten biltegien kontra. Eta inora iritsiko ez diren isun, ohar, abisu, jakinarazpen eta lixiba usaina darien hitzez apaindutako gutun aseptikoekin fantasiak izaten ditut; inoiz zabalduko ez diren gutun eta gutun-azalak elkarren kontra kuzkurtuta, besarkatuta, ikaratuta erretzen; elkarrekin urtzen ore belztu bat bilakatu arte, hitzek elkar desegin arte.

Suaren gainetik jauzi egiteak ikaratu egiten ninduen umetan. Lagunak ikusten nituen Olinpiadetako jauzilarien gisan behin eta berriz hankarik erre gabe sua gainditzen. Ondotik begiratzen nuen nik. Jauziari baino gehiago erreparatzen nion marrazki bizidunetan txirularen konpasean dantzatzen diren sugeen gisa mugitzen zen su hari. Eta arnasa ere konpas sorgindu hartara errenditzen zitzaidan azkenean, suak keinu egiten zidala iruditzen zitzaidan, “zatoz, zatoz”; eskuak ikusten nituen garretan, ni gonbidatuz. Jendea jauzika suaren gainean, musika inguruan, gurasoen aurpegi kezkatuak txinpartetatik gertuegi igarotzen ziren hanka haiei begira eta sua, sua dantzan, sua “zatoz” esanez. Eta nire baitako bi indarren, garuneko bi hemisferioen edo auskalo zeren arteko guda intimoa, suarekiko ikararen eta erakarmen eroaren arteko talka hamabi urteko ume baten barruko bazter sekretu batean.

Eta orain, batzuetan, munduari su eman nahi izaten diot. Mundu osoari edo munduaren zatitxo bati bederen. Mugazain batzuen gainera bonzo eran jauzi egin, adibidez; Biriatun edo Lesbosen edo El Pason edo Tanjerren, edo denetan batera agian. Eta hego haize bortitz bat irudikatzen dut mapamundiko lerro zuzenegi, lerro gotorregi guztiei putz eta putz eginez; nire ekintza epikoak piztutako gar printza txikia zabaltzen eta zabaltzen; lurraldeen kolore tonu artifizialak lausotzeko adina bederen, mapamundiko muga asmatu batzuk ezabatzeko adina behintzat. Eta hotzikarak sentitzen ditut.

Mundua erre nahi eta egunkari bat hartu dut. Orriz orri, albistez albiste bota dut sutara, poliki-poliki. Eta argazkietako tragediak erre nahi baina tragedietako argazkiak soilik ikusi ditut errauts bilakatzen; politikarien aurpegiera artifizialduak, titular morboz kargatuak eta ikusiko ez ditudan filmen kritikak. Egutegietako orri aukeratu batzuk ere bota ditut sutara, solstizio berria, hutsetik ez bada hautsetik hasteko behintzat. Eta arnasa hartu dut, birikak bete nahian. Arnasa sentitu dut nire gorputzera sartzen. Eta garren azpiko errautsekin egin du topo nire baitako txoko guztietan. •