Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Laudorio merkeak

Maiana baloiari ostikoka ari da. Lantzean behin, lortuko du ate moduan ipinita dauzkan bi trasteen artean baloia pasatzea. Atezain du izeba. Ondoren, izebak jaurtitako baloia gelditzen ahaleginduko da. Hala ari dira jolasean: batak baloia bota eta bestea gelditzen saiatu, txandaka.

Izebak dagoeneko bota dizkio bere hiztegian dituen laudorio guztiak: «Ederki!», «Hara, bikaina!», «Trebea zara gero!», «Txapeldun!», jaurtiketa eta jaurtiketa artean, isildu gabe ari da. Gero eta pasio gutxiago darie haren hitzei, baina ongi gozatzen ari zaizkio belarriak Maianari.

Halako batean, Maiana baloiaren aurrean ipini, eta ostikoz jo aurretik izebari esan dio: «Benga, izeba, orain zuk esan txapeldun eta hori dena!». Izebari kontrako eztarrira joan zaio esatera zihoan hurrengo laudorioa. Bat-batean, kontziente egin da bere jardunak duen eraginaz: jolasaz gozatzeaz baino, baloia bi zutabe antzekoen artean sartzeko ahaleginean baino, izebak zer esango dago haurra, esne mamitan zer entzungo.

Zenbatetan ez ote gabiltza horrela, ahoa «oso ongi», «ze polita», «zu bai zu», «onena zara» eta gisakoez beteta. Eta horrek guztiak zenbat laguntzen ote dio haurrari HOBETZEN... izan ere, gure errefortzu hitzek eta haurrarekiko begiradak horixe behar lukete helburu: haurrari bere gaitasunen garapenean hobetzen laguntzea.

Baina nekez lagunduko diogu horretan, hobetzen, haurraren egiteetan arreta jarri beharrean, lore jaurtiketan eta laudoriozko hitzetan galtzen bagara. Zenbat gehiago ez ote duen balio haurrari azaltzea zer gustatu zaigun edo berari zer gustatu ote zaion galdetzea; aipagarri aurkitu duzuna azaltzea edota bere lanarekin konforme gelditu den galdetzea... Egin duena ikusten laguntzen ariko gara, eta hori da bidea neska-mutilari hobetzen laguntzeko.

Izan ere, bestela, errepikapenaren ondorioz hitz hutsalak bihurtzeko arriskua duten gure laudorio merkeen mendeko egiteko arriskuan egon daiteke haurra. Jakin badakigulako haurrak guri gustu emateko beharra duela –bere berezko ezaugarria da–, eta horrek bera hauskor bilakatzen du eta gu egoeraren jabe.

Lehengo batean, sarean dabilen bideo batean aurkitu nuen hausnarketa: «Haurrak txaloetarako, sarietarako eta arrakastarako prestatzen ditugu. Inork ez zaitu prestatzen tristurarako, akatsetarako, isiluneetarako, gelditzeko eta norberaren baitan gordetzeko uneetarako, maiteminerako».

Antza, dena korri, jauzi eta hegan egiteko bideratua dagoela dirudi. Bizitzak gure lekuan jartzen gaitu beti, ordea, eta orduan sentitzen hasten gara baita ere gure-gureak ditugun arren hain arrotzak zaizkigun tristura, frustrazioa, amorrua, eta abar. Eta horiek guztiak gureak bezala onartu eta kudeatzean datza, neurri handian, bizitzan aurrera egitea.

Zenbaitetan badirudi haurrak bere emozioak kudea ditzan egin beharrekoa miresgarria dela esan eta sekula ezetz ez esatea dela. Zenbat aberatsagoa ote den, aldiz, haurrari erakustea gal daitekeela, nahas daitekeela eta eror daitekeela, eta ez dela ezer gertatzen! Edo ez al dugu ikasten behin eta berriro erori eta jaikita? Bizitza ez da sekula izan beti erraza eta polita inorentzako... eta ez da izango! •