Ula Iruretagoiena Busturia - @ulissima5
Arkitektoa

Lurraldea, generoa eta maitasuna

Arkitektura, hirigintza eta maitasuna elkar loturik daudela entzuteak harridura sortzen du, arkitekto izan edo ez. Gaian sartu orduko, aldiz, harrigarria gertatzen dena da nola ez diren lehenago gaiok elkarrekin arakatu –eta zerk eragin duen hori horrela izatea–.

Haragiaren politika –generoa, sexualitatea eta maitasuna– gorputzaren ikerketa lerroa da, batik bat antropologia, filosofia eta psikosozial alorretatik aztertzen dena. Arkitektura eta eraikuntza munduak, bereziki maskulinoak izaterakoan, azken hamarkadotan generoak nola baldintzatu dituen begiratzeak ekarpen handiak ekarri ditu, klase erdi eta altuko gizonen pentsamendutik zer-nolako hiri eta eraikin ereduak sortu diren azaleratzeko. Generoaren ikuspegiak argitaratu du, adibidez, hirien erabilera-zonakatzea autoa eta lana etxetik kanpo dituztenen profilean oinarriturik dagoela, gainontzeko egoerak desagerraraziz, edo familia egiturak zenbateraino arautzen duen gaur eguneko etxebizitza antolaketa –eta zeinen gutxi dagoen etxea garbiketara egokiturik–. Horrekin guztiarekin esan nahi da eraikin edo auzo baten eraikuntzaren atzetik ideologia bat dagoela, pentsatzeko modu zehatz baten errealitate materikoan bizi garela. Eta pentsamendu hori banaketa sexista eta gizonaren botere lekuarekin harremanean dagoela. Gorputz normala izan da espazio eta objektuen funtzionaltasun arauen funtsa, eta gainontzeko gorputz eta egoerei ez zaie lekurik edo pentsamendurik eskaini. Berrikuspen behar handiak azaleratu ditu generoaren ikuspegiak arkitekturan ere.

Eta maitasunak, zein ekarpen propio ditu? Jakin, UEU eta Usurbilgo Udalak «Maitasuna politikoa da» izenburuarekin joan den astean ikastaroa antolatu zuten, eta bertan kale eta etxeek maitasunarekin dituzten harremanak eta uztarketak azaleratu zituzten. Maitasunak pertsonaren intimitate handiko esparruak biltzen ditu, eta intimitate hori besteekin partekatzen dugu, baina ez edozein harremanen bidez: intentsitate handikoekin, bizipen bitala da. Hain gurea den harreman-modua izanik, ezinezkoa da maitasunaren ulerkera batek intimitatearekin loturan den espazio bat eraikitzean eraginik ez izatea. Oso gureak sentitzen ditugun espazioetan eragin behar deneko uneetan –etxea eta lurraldea–, gorputzarekin pentsatzen dugu, eta maitasuna ulertzeko modua islaturik gelditzen da arkitekturan. Maite dugun etxean edo lurraldean aldaketa bat ezarri behar denean, transformatzeko aukerak maite dugunarekiko harreman mota birpentsatzera behartzen gaitu; batzuek kontrol harreman bat ezartzeko guraria izango dute, besteek babesekoa, edo apropiaziorakoa, edo konfort maila ez gutxiagotzeko mugimenduek aginduko dute. Orduantxe azaleratuko da maitasun eredu bat eta horren baitan eragingo dugu. Arkitekturak hori jaso eta intimitateari forma emango dio, materia bilakatuko du.

Maite duguna eraldatzeko lana da arkitektura eta hirigintza, eta, ariketa indibidualean zein kolektiboan, maitasunarekin loturan jartzen gaituen ekintza. Horrenbestez, arkitekturako espazioak eta lurraldearen eraikuntzak ere erromantizismoz beterik daude. •