Isidro Esnaola

Facebooken librak ez du esaten duena konponduko

Facebooken libra txanpon proiektu berriaren inguruko arreta ez da gutxitu, batik bat egitasmoaren inguruko mesfidantza dela-eta. Uztailean, Facebookeko arduradunak, David Markusek, AEBetako Senatuko Banku Gaietarako Batzordeko saio batean parte hartu zuen. Senatariek galdera asko egin eta zituzten kezkak modu argian azaldu zituzten. Amaieran, giroa ikusita, Markusek esan zuen libra ez dela martxan jarriko «zalantza guztiak argitu arte». Saioa bukatuta, baina, argitu nahi izan zuen txanpon berria abian jartzeko baimenak ziurrenik Suitzan eskatuko dituztela, ez Ameriketako Estatu Batuetan. Ematen du bere jaioterrian Facebookek agortu duela dagoeneko sinesgarritasun guztia.

Aurreko artikuluan adituek plazaratutako hainbat zalantza tekniko eta batez ere ekonomiko zerrendatu nituen. Duda horietatik aparte, baina, egitasmoaren irismena neurtzeko Facebookek eraiki duen narrazioa aztertzea ere beharrezkoa da. Libraren “Txosten zuria”-k lehen paragrafoan aipatzen du munduan 1.700 milioi pertsonak ez dutela finantza sistemara sarbiderik, helduen %31, nahiz eta horietatik 1.000 milioik telefono mugikorra erabili eta beste 500 milioik Internetera sarbidea izan. Ideia bera lantzen da libraren web orrialdean. Bideo batek azaltzen du libra ez dela soilik finantza sistemara sarbidea izatea ahalbidetzeko tresna; txanponari esker, 95 milioi lanpostu sortuko omen dira, %20 igoko dira jendearen diru-sarrerak, %22 gutxituko da pobrezia munduan... Datuok ikusita ez da ulertzen non demontre egon diren filantropo hauek orain arte!

Saharaz azpiko Afrika da munduko eskualde bakarra non barne produktu gordinaren salerosketen %10 mugikor bidez ordaintzen diren. Asian, gehienez ere %7ra iristen da kopuru hori eta munduko beste eskualdeetan ez da %2ra iristen. Lidergo garbia da Afrikak lortutakoa, zehazki, banku sistema zabalduta ez dagoen eskualde batek. Bertan, jende askok ez du bankuko kontu korrontea, bai, aldiz, mugikorra. Eta aspaldi asmatu zituzten ordainketak egiteko aplikazioak. Kenyan, adibidez, 2018an 45 milioi pertsonak (%73) zuten mugikorreko kontu bat, Kenyako Banku Zentralaren arabera. Aplikazio zabalduena M-Pesa da (“M” mugikorraren laburdura da eta pesa hitzak “dirua” esan nahi du swahiliz). 2007an abiatu zuten aplikazioa eta egun 21 milioi pertsonak erabiltzen dute ordainketak egin, dirua bidali eta maileguak eskatzeko; guztira 17 milioi eragiketa egiten dira egunero.

Finantza sisteman parte hartzeko tresnak, egon, badaude. Beste kontu bat duten zabalpena da. Nigeria laster bihur daiteke Afrikako ekonomiarik handiena. Hala ere, herritarren %6k soilik erabiltzen dute mugikorra finantza eragiketak egiteko. Eta bankuko kontu korrontea soilik herritarren %60k dute. Bertako mugikor konpainiek diote bankuek oztopatzen dutela mugikor bidezko ordainketen garapena. Eta Gobernuak ez du gehiegi laguntzen: 2017an 10 dolarretik gorako transferentziak egiteko idatzizko dokumentu bat bidaltzeko betebeharra ezarri zuen. Horrela ezer garatzea zaila da, jakina.

Finantza sistema erabiltzeko aplikazioak, beraz, egon, badaude. Teknologia ez da arazoa. Interes pribatuak eta ingurune instituzionalak –Nigeria adibide– izaten dira oztopo nagusiak. Eta horiek ez dira aplikazio berriekin aldatzen, eraldaketa sozialak eta instituzionalak eragiten baizik. Librak ez du esaten duena konponduko. •