Antton Izagirre

Ekologia, ideologia

Ekologia eta klima larrialdia modako kontzeptuak bihurtu zaizkigula dirudi. Kontu berriak ez diren arren, horrelakoetan gertatu ohi den modura, ia inork ez du geratu nahi izaten joko zelaitik kanpo eta bere tokia finkatzera mugitu dira eragile desberdinak, argazkitik at geratzearen beldur.

Greta Thunberg klimaren aldeko ekintzaile suediar gaztearen agerpenak, eragin mediatikoa tarteko, larrialdiaz ohartarazten ari zitzaizkigun zientzialarien ikerketak baino kontzientzia gehiago astindu ditu. Munduko lurralde desberdinetan erailak izan diren dozenaka ekintzaileen heriotzak baino oihartzun handiago izan du gazte horren protagonismoak. Agintari gorenek ere alboan izan dute eta haren egiak txalotu dituzte. Hark hauspotuta milaka gaztek kaleak hartu dituzte.

Klimaren, beroaldiaren, mundu honen biziraupenaren, mundua larrialdi egoeran sartu denaren kontzientzia hartzeko balio izan duelakoan, orotara, ontzat eman dugu Thunbergen agerpena. Kritikak kritika, klimaren aldeko aldarria berpizkunde baten antzeko agerraldia izaten ari da eta guztion ardura den uste hori ondo legoke, horrek gure egunerokoan ondorio praktikoak ezarriko balitu.

Baina erantzukizunak ezin ditugu modu berean banatu; orain kezkatzen gaituzten galerak, ez baititugu modu berean eragin guztiok. Alferrik lirateke gure asmo on guztiak, ekologiaren eta larrialdiaren nondik norakoak ideologiaren galbahetik pasa gabe. Garbi salatu behar dugu botere ekonomikoek eta politikoek auzi horretan duten erantzukizuna.

Horrela egiten ez badugu, gerta liteke jendeak txaloka hartzea Asensio Gipuzkoako foru diputatua, erraustegiaren bultzatzaile sutsua, klimaren aldeko manifestazioan parte hartzean, edo EAJ, AHTren eraikitzaile nagusia, alderdi egunean klimaren aldeko aldarria egitean edo Imaz, Petronorren kontseilaria bateria-kargagailuaren inaugurazioan. Horrela balitz, sakoneko aldaketatik baino, modatik gehiago izango luke. •