GAUR8
ORDU ALDAKETA

Atsedenerako ordubete gehiago, moldatzeko egun bat gutxienez

Badator neguko ordutegia. Ordu aldaketaren aldekoen eta kontrakoen ahotsak isildu gabe daudela, gaur, behintzat, ordua aldatu beharko da. Goizaldeko hiruretan ordu bietara eraman beharko da orratza. Berez, atsedenerako ordu bat gehiago. Baina zergatik askotan nekatuago eta haserrekorrago sentitzen gara?

Ordu aldaketaren egokitasuna eta eraginkortasuna mundu mailako eztabaida bihurtu dira azken urteotan. Aldekoak eta kontrakoak aparte utzita, aurten, behintzat, oraindik ordua aldatu beharko da. Hain justu, gaur goizaldeko hiruretan ordu bietara bueltatuko da ordua. Berez, atsedenerako 60 minutu opari. Aldiz, ordu aldaketak maiz ezinegona, nekea eta sumindura sortzen ditu. Izan ere, ordu aldaketak dezente eragiten du aldartean.

«Pertsonok ordulari biologiko propioa dugu. Nagusiki eguneko argiak erregulatzen du, horrek agintzen ditu esna-aldiak eta loaldiak gure burmuinean. Horregatik, ordu aldaketa bortitz bat gertatzen denean –bidaia bat tarteko edo ordu aldaketagatik kasu– gure ordulari biologikoa desorekatu egiten da eta denbora bat behar du berriz ere bere onera etortzeko», ohartarazten dute adituek.

Baina, zenbat denbora behar du ordulari biologikoak martxa ona hartzeko? Berez, ez asko; desfaseko ordu bakoitzeko egun bat. Hartara, larunbatetik iganderako ordu aldaketari astelehenerako buelta emateko moduan beharko genuke. Baina hori ez da arau zehatz bat, pertsona bakoitzari modu desberdinean eragiten diolako. Haurrei, adinekoei edota gaixotasunen bat dutenei, gehiago kostatzen omen zaie buelta ematea.

Bestelako kontua da neke edo sumindura horrek asteetan irauten badu. Psikologoen esanean, «neguko makalaldi horrek asteak edo hilabeteak irauten baditu, arazoa akaso ez da ordulari biologikoa, bestelako nahaste garrantzitsuago bat baizik».

Ingelesez winter blues esaten zaio urtaroarekin lotutako nahaste afektibo horri eta herritarren %1 eta %10 artean horren menpe daudela ohartarazi dute. Nahaste horrek ez du berdin eragiten toki guztietan, bizitokiaren ezaugarriek ere badute partea. Hartara, ikerketek azaleratu dutenez, Europako iparraldean, Norvegian kasu, kalte handiagoa sortzen du.

Urtaroarekin lotutako nahaste afektiboaren sintomen artean daude neke kronikoa, energia falta, tristura, inguruarekiko interes falta, lo falta edo gehiegizko loaldiak, aldaketak apetituan, kontzentratzeko zailtasuna, lagunak eta ingurukoak bazterrean uzteko joera edota egonezina. Horren guztiaren ondorioz, nahastea sufritzen duenak bere baitara biltzeko eta bakartzeko joera izan ohi du. Nahaste afektibo horren inguruan egindako ikerketek ondorioztatu dutenez, melatonina egon daiteke horren guztiaren muinean. Urtaro aldaketetan gorputzean melatonina desoreka bat eman daiteke eta hortik etor daitezke arazoak.

Hartara, argi gutxiago dagoen sasoietan –udazkena eta negua– melatonina dosiak hartzeak gorputzari lagun dakioke erritmo biologikoari eusten. Txanda desberdinetan eta gauez lan egiten duten langileentzat ere lagungarri izan daitekeela ondorioztatu dute ikerketek.

Nahastera iritsi gabe, ordu aldaketak pixka bat aldrebesten dituen herritarrentzat ere badaude aholkuak: eguneko argia ahalik eta gehien baliatzea, aire zabalean ekintzak egitea eta aktibo mantentzea, lo egin aurretik ekintza lasaiak eta lasaigarriak egitea, gailu elektronikoak ez erabiltzea lo egin aurretik, lagunekin eta familiarekin denbora pasatzea eta arin jatea, adibidez.