Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Aterki berriarena

Aterki bat erosi dut. Aterki familiar bat, bi-hiru lagun sartzeko modukoa, beltza, oihalari eusteko burdinazko adarrak eta eskua jartzeko egur bihurrituzko helduleku sendoa dauzkana. Lagunek aspaldi esan zidaten banuela aterki bat erosteko garaia, nekatu zirela ni arkupez arkupe lasterka ikusiz; errukitu egiten zirela euriaren umelak desordenatutako nire buru-gainari begira. Ez zela hainbesterako erantzuten nien nik: ilea motza daukadala eta berehala lehortzen zaidala, eta desordenarena ez dela euriaren kontua, odolean daramadala. Ez dela hain txarra norberak aterkirik ezean besteengan aterpe bila ibiltzea. Irriz begiratu, bizkarrean kolpe bat eman eta noizbait zentzatuko nintzela esaten zidaten.

Zentzatu beharrean obsesionatu egin nintzen. Nindoan lekura nindoala aterkiak ikusten hasi nintzen, aterki familiarrak. Eta bikoteak aterkipean, mundutik kanpoko aterpean, elkarri besotik pelikuletan bezala helduta, pausaje sinkronizatuz eta espaloien zabalera osoa hartuz, paseoan. Aterkiak bata bestearen atzean, bata bestearen aldamenean. Desiratzen egoten nintzen haize-kolperen batek noiz joko, aterkiei buelta noiz emango. Eta tarteka, gertatzen zenean, ezpain ertzetatik malezia zeridala ikusten nituen oihalezko aterpeen bat-bateko hausturaren ondorio dramatikoak: besoak elkar askatzen eta bi pertsona nor bere aldera eta, tartean, aterki puskatu bat, plastikozko poltsa bat balitz bezala, haizearen mende. Baina hasierako mendeku grinari halako enpatia batek gaina hartuko zion berehala, ezin azalduzko tristura batek. Eta, euripean, bustita, hutsune sentsazio batekin begiratuko nion hegan zihoan aterkiari.

Latzagoa zitzaidan, ordea, arkupetik arkuperako nire ibili kaotikoan aterkien babes-eremutik adi neuzkan begi haiek sentitzea, udako sargorian gorputzera itsatsitako ezpak balira bezala. Haien epaiak, haien errukia eta haien isekak sentitzen nituen: “gizajoa”, edo “ez ote daki kalean zuzen ibiltzen?”, edo “zentzatuko haiz”. Bai, “zentzatuko haiz” hori berriro, obretako mailuen oihartzuna bezala garunean kolpeka, “zentzatuko haiz, zentzatuko haiz”.

Eta gaur zentzatu naiz. Aterki bat erosi dut, familiarra. Eta euria hasi du; euria goitik behera, ezker-eskuin; euria amorruz, erruki gabe. Euria San Martin kaleko hondeamakinetan, euria Bretxako merkatu ertzeko baserritarren postu apurtuetan. Euria Altsasun, euria Lesbosen, euria Santiagon, euria Bartzelonan. Hezetasuna zapatila-puntetatik sartu zait, haizeak bizkarra busti dit, sakela, hizkuntza. Nire aterpeari euria dario, itoginak dauzka eta ura hazita dator espaloi ertzetan; zapata-zolak gainditu eta orkatiletara iritsi zait, eta aterkiaren egurrezko heldulekuari galdera-ikur baten antza hartu diot. Zertarako dira aterkiak estoldek gainezka egiten dutenean? •