Itzea Urkizu Arsuaga

Zapla!

Patuak kondenatuta nauka, hauteskunde hitzorduen bezperetako iritzi testuak idaztera; agerkari honetan, halaxe tokatu zait azken hiru alditan. Aldi gehiegitxo, akaso, gure etorkizuna askatasun osoz aukeratzen dugula sinesten jarraitzeko. Horregatik, ez pentsa testu honek biharko hitzorduaren bueltako zurrunbilo, ika-mika eta lehiak hartuko dituenik. Ez. Hausnarketa egunak Madrilen harrapatu nau, baina ez kongresura begira.

Udan oparitan jaso nituen, gaur, Wizink aretoan, Berri Txarrak ikusteko sarrerak eta lo lekua. Kontzertuaren aitzakian, posta bidez eman dut botoa, ikusi dut haren funtzionamendua, eta sortu zaizkit botoaren eta hura helmugara iristeko aukeren inguruko zenbait zalantza. Baina alferrikakoak dira susmo guztiak, aske eta erabakimenez ari garenez. Kontzertuetan bezala.

Sarrera erosi duzu hitzordu gogoangarri baten grinaz. Zuk 1,63 metro neurtzen duzu, eta hori ez da ez zure errua ezta 1,92 metro neurtzen duen eta zure aurrean dagoen tipoaren errua ere. Geneena, gizateriaren eboluzioarena edo nork daki zerena den errua. Kontua da, erronka oso desberdina dela, batentzat eta bestearentzat, kontzertuaz gozatzea. Ikuspegi panoramikoa versus buru arteko tarteen enkoadraketa perfektua. Dena emanda jasotzea versus iristen denari ahalik eta zukurik handiena ateratzea. Zerua zabalik, edo kristal bat aretoko sabaian (ere).

DNAn idatzirik datorkigun altueraren anekdotan utz nezake kontua, baina ez dut nahi. Sinestarazi baitigute, sentitzen, susmatzen, imajinatzen, desiratzen dugun hori egiteko libre izan behar dugula. Botoarekin bezala, baina paperik gabe; nik nahi dut, eta egin egingo dut. Eta, horrela, gitarraren sokak ia ukituz lehen lerrotik kontzertua ikusi nahi duen berberak, garagardoa eskuan izan nahi du segundoero. Eta bigarren kanturako jendea barrara bidean jartzen da, eta zure abesti kuttunetan kuttunenari ez dizkiozu zentzumenak nahi beste zabaltzen, eskuinetik eta atzetik norbait datorrelako katxiarekin, eta aurretik zeharka hiru zale pasatzen ari direlako, tabernara joanda galdu duten zuloa berreskuratu nahian.

Ez naiz ni izango, musika onaz eta une errepikaezinez trago batekin gozatzearen kontrako aldarriari ekingo diona; alderantziz. Baina kontzertu askoren ondoren pentsatu izan dudan zerbait letretara ekartzeko aitzakia bat besterik ez da hau; gure eguneroko jarrerei autokritika egiten saiatzekoa. Nahi duguna aukeratzen eta borrokatzen dugula uste dugun bitartean, ahal duguna aukeratzen eta borrokatzen dugula, eta ingurukoen ahalari edo ezinari begiratu gabe gainera.

Hala plazaratu dute Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministek ere. Zapaltzen gaituzten bezala zapaltzen dugula askok.

Zapla, gure nortasun linguistiko menperatuari! Zenbaitek aukera dezakeguna, beste hainbatentzat posibilitatera ere ez dela iristen, eta hori onartzeak barrutik erretzen gaituela.

Zapla, pribilegio zuri eta heterosexualei!

Zaplaztekoek bezainbesteko mina eman zidan, Durangoko Salda Badago jardunaldiak gripetik eta sofako streaming-etik jarraitu behar izateak, baina tira... Hori bera halabeharrez hautatzeko aukera izate hutsa, bada nahikoa pribilegio, ezta? •