Juantxo EGAÑA

Sorolla Donostian, Ricardo Martinen begian

1911. urteaz geroztik, Joaquin Sorolla margolariak zenbait uda eman zituen Donostian. Lehenago ere bertan margotzen egona zen, baita Euskal Herriko beste leku batzuetan ere, hala nola Biarritzen eta Zarautzen. Ia egunero Zumardiko Oriental kafean biltzen zen bere lagunekin. Tertulian, margolari valentziarrak bere arkatzak atera eta apunte batzuk egin ohi zituen, batzuetan mahai gainean. Hondartzan ere ikusten zen pintatzen, margo kaxa alboan, 1917ko udan egindako bat-bateko argazki honek erakusten duenez. Berarekin bere lagunak ageri dira, haien artean Madinabeitia doktorea. Argazkiaren egilea Ricardo Martin da, Donostiako Hondarribia kalean argazki denda bat zuena. Martinek ondo ezagutzen zuen Donostia eta egunez egun ibiltzen zen hiriko erreferentzia guneetan, hondartzetan, auzoetan, jaietan, udatiarrentzat antolatzen ziren ekitaldietan. Berezkotasunari eta senari jarraitzen zien argazkilaria zen, haren irudiek erakusten duten bezala.