11/01/2020

Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria
Izenak

Hotz amaigabe bat baino latzago». Kartzelari buruz Euskal Herrian sortu den kanta ezagunenak ez du «kartzela» hitzik aipatzen. Ez du behar. Bere esaldi bakoitzean mamitzen du kartzela zer den kalearen distantziatik; nola bizi dugun izuen gordeleku hori gaur Bilbon eta Baionan izango garenetako askok. 564 horietatik aldatu dira zenbakiak, baina kartzelak hor jarraitzen du, izena jarri edo ez, 90eko hamarkadan bezain gertu. Eta askotan, urrun.

Kuriosoa baita hitzena, izenena. Izen potoloena bereziki. Batzuei iraungitako jogurten kirats sarkorra darie. Espainiako kongresuan entzun dugu VOXeko diputatua “askatasuna” aldarrikatzen, CUPekoak aldarrikatutako “askatasuna” ukatzeko. Hitz batzuk gabon bueltako sabelak bezain malguak dira nonbait; denontzako dute lekua. Gauza bat eta horren kontrakoa adierazteko gai dira. Eta pentsatu dut kontua akaso ez dela zer esaten den, nori eta, batez ere, nondik esaten zaion baizik.

Gazteagotan egun handi baten esperoan egoten nintzen sarri. Uste nuen iritsiko zela momentu bat «askatasuna», «independentzia» eta «justizia» bezalako kontzeptu abstraktuak iritsiko zirena. Goizean jaiki eta ogi txigortua marmeladatan bustitzen ari nintzen bitartean leihoz bestaldera ikusiko nituela. Pixkanaka ikasi dut, ordea, ezetz; “askatasuna”, “independentzia” eta “justizia” ez direla iristen, praktikatu egiten direla. Eguneroko erabaki txikiak direla, eta erabaki horiek hartu ahal izateko marko orokorrago bat ere bai. Orain ez dakit erabakiek markoa edo markoak erabakia, zerk mugitzen duen zer.

«Kartzela» hitzak, tamalez, aspaldi utzi zion gurean kontzeptu abstraktu izateari. Gure inguruan munduko herrialde askotan baino presenteago dago kartzela, bere praktika-sorta eta hiztegi partikularrarekin. Ikasi dugu “kartzela” hitzari “hitza”, “gogorra” eta “urruna” lotzen; eta baita “sostengua”, “maitasuna” eta “elkartasuna” eransten ere. Ikasi dugu preso batzuei “politiko” deitzea debekatuta dagoela, hain zuzen ere, preso politikoak direlako. Eta ikasi dugu beste preso batzuei “sozialak” edo “komunak” deitu behar zaiela, hain zuzen ere, ez direlako: ez direlako ez sozialak eta ezta arruntak ere. Ertzekoak dira, bereiziak, gatazkatsuak, ezkutatu beharrekoak, bere egiturazko injustiziak eta indarkeriak kudeatu ezin dituen jendarte baten soberakinak. Eta badakigu kartzelak ez duela ezer konpontzen; asko jota ezkutatu egiten du, denboran atzeratu, errua norbaiti bota eta sakoneko arazoa ukatu. Hori jakinik, aukera ederra daukagu kartzelarik gabeko edo, behintzat, kartzelatik haragoko justizia bat irudikatzeko.

Orain presoak. Orain Baiona. Orain Bilbo. Berriz ere hitz abstraktuak ibiliz praktikatuko ditugu milaka lagunek. “Autonomia” kaletik pasako gara asko. Ez dakit kale bati izen hori jarri behar izateak zer adierazten duen... •