Pierre CELERIER (Afp)
AFGANISTAN

Bamiyanen ondare historikoa bera ere mehatxatu du klima larrialdiak

Bamiyango altxor arkeologikoari sekulako kalteak eragin dizkiote talibanek zein lapurren harrapaketek. Horien jarduera suntsitzaileak txikitu ez duen ondareak bestelako mehatxu bati egin behar dio aurre une honetan, seguru asko beste mehatxu horiek baino izugarriagoa den bati: klima larrialdiari, alegia.

Afganistango Bamiyan probintziako altxor arkeologikoari sekulako kalteak eragin dizkiote talibanek, alde batetik, eta lapurren harrapaketek, bestetik. Horien haserre suntsitzaileak txikitu ez duen ondareak bestelako mehatxu bati egin behar dio aurre une honetan, seguru asko beste mehatxu horiek baino izugarriagoa den bati: klima larrialdiari, alegia.

Hindu Kush mendikate ikusgarriko bailara batean dago Bamiyan. Bere eremu aldapatsu ikusgarriek armada ugari ikusi dituzte historian zehar: Alexandro Handiaren armada izan zen bertatik pasa zen lehenengoa; XX. mendean sobietarrak eta haien okupazioaren aurkako mujahidinak ibili ziren borrokan; eta azken urteotan, talibanak, Osama Bin Laden zenak sortutako Al Qaeda sarea eta tropa estatubatuarrak. Talibanek 2001ean, lehergaiak erabilita, suntsitu egin zituzten Budaren irudia zuten bi estatua erraldoi eta lekuaren izena mundu osoan ezaguna egin zen.

Hala ere, bertako haitzuloetan makina bat tenplu, monasterio eta pintura budista gordetzen da oraindik, teorian turista ugari erakartzeko moduko ondareak.

Ezin eutsi higadurari

Shahr-e Gholghola gotorlekua ere Bamiyan bailaran dago (Zetaren Bidearen garaian eraikia), eta Shahr-e Zuhak zitadela ere bai. Adituek jakinarazi dute bi leku horiek ere mehatxupean daudela higaduraren eta gero eta zakarragoa den klimaren eraginez. Erabat suntsituta geratzeko arriskua ikusten dute.

Afganistango eskualde honetan gauzak aldatzen hasiak daude. Lehorte jasangaitzen ondoren eurite ikaragarriak etortzen zaizkie azken bolada honetan. Eta udaberrian, urtzaldiak oso handiak izaten dira, orain arte ezagutzen zituztenak baino handiagoak.

Testuinguru larri horretan, klima aldaketak eraginda, «egitura horiek kolapsatuta gera daitezke eta sekulako higadura jasan beharko lukete», Nazio Batuen Erakundeak 2016an egin zuen txosten batean afganistandar funtzionarioek esplikatu zutenez.

«Higadura prozesuak askoz ere bizkorragoak dira orain; euriteak, berriz, hondatzaileagoak; eta haizeak eragindako higadura, orain arte baino larriagoa. Jakina, baldintza horietan egiturek jasan beharreko eragina ikaragarri gogorra da», esan dio AFP agentziari Philippe Marquis Afganistaneko Ordezkaritza Arkeologiko Frantsesaren zuzendariak.

Marquisek oso ondo ezagutzen du eskualdea, urte asko egin baititu bertan lanean. Haren esplikazioen arabera, «herrialdea geologikoki oso hauskorra da, batez ere landaretza asko murriztu zaiolako deforestazioaren eraginez».

Irakurketa berbera egiten du Iconem konpainia frantsesak. Shahr-e Zuhak, esaterako, «oso hauskorra» da azken hogeita hamar urteotan etengabe hazi den higaduraren ondorioz.

Ez da gauza berria

Bertako herritarrek adierazi dute klima aldaketa ez dela gauza berria beraientzat, denbora asko baitaramate arazoari aurre egiten.

Baqe Ghulami 21 urteko gaztea Saikhand barrutikoa da, Bamiyango iparraldekoa. «Klima aldatzen ari da, orain udak beroagoak izaten dira, eta neguak hotzagoak», esan dio France-Presse agentziari, Buda erraldoiek utzitako hutsuneari begiratzen dion bitartean.

Bera musulmana den arren, eskualdean dituzten gauza aipagarri asko beste erlijio batekin lotutakoak direla jakinda, harrotasunez defenditzen ditu eskualdeko historia eta ondarea. Berarentzat eta gurekin hitz egin zuten herritar guztientzat, beren historia da eta maitasunez gorde behar dute.

Kultura Zentroa eraiki

Hutsik dauden kobazuloen ondotik begiratuz gero, bisitariek Kultura Zentroa ikus dezakete: eraikuntza lanak 2015ean hasi ziren baina oraindik erabat bukatu gabe dago. Instalazio horien helburua bertakoek zein bisitariek eskualdeko ondareari eutsi egin behar zaiola garbi ikus dezaten da, eta behar hori premiazkoa dela.

«Ez dugu ezer aurreratuko jendeak, besterik gabe, lekuak ikusten baditu, inolako informaziorik jaso gabe», esan du Ali Reza Mushfiq 26 urteko Bamiyango Unibertsitateko Arkeologia Saileko zuzendariak.

Zentroak ez du bere ideiak gauzatzeko diru nahikorik, ordea. Arkeologoak zalantzarik gabe onartzen du «higadura gora egiten» ari dela leku honetan, baina bere iritziz higadura bera baino kaltegarriagoa izan daiteke «gizakion eragina», Afganistan osoan ugariak diren lapurrak barne. Pobreziak eragindako fenomenoa.

Buda erraldoien hutsuneak eta Shahr-e Gholghola gotorlekua babestuta daude gaur egun. Inguruetan jarrita zeuden pertsonen kontrako minak asko kostata kendu ondoren, milaka turista bertaratu izan da urteotan.

Baina bisitari horien etorrerak ez du lortu egoera aldatzea. «Bertako jendeari erakutsi egin behar diogu zer egin behar duten bisitariek ezer suntsitu ez dezaten», uste du Mushfiqek. Gogorarazten du herritar askok leku historikoak erabiltzen dituztela janariak gorde eta ganadua edukitzeko. Muturreko pobreziaren beste ondorio bat.

Kobazuloan bizi behar

Buda erraldoi bat zegoen lekutik metro batzuetara, Ammanullah herritarrak esplikatzen du bera eta familia koba batera joan direla: hondakinak erabilita eraikin txiki bat egin dute barruan, eta leihoak estaltzeko, plastikoa erabili dute. 37 urteko gizonak eransten du berea ez dela gauza bera egin duen familia bakarra: «Hemen hemezortzi familia gaude. Beste aukerarik ez genuen. Joan egingo ginateke norbaitek etxeren bat emango baligu».

Edonola ere, Philippe Marquis zuzendariaren iritziz, mehatxurik larriena ez da bertan bizi direnekin lotutakoa, lekuen jabe egiten direla-eta. Ezta lapurrak ere: «Egoera hori dramatikoa bada ere, ez da higadurak eragindako suntsiketa bezain kaltegarria».

Higaduraren eta klima aldaketaren efektuen eragina arindu ahal izateko milaka milioi dolar beharko lirateke, baina gerrek txiki-txiki eginda utzitako Afganistanen ez daude horrelako gastuak egiteko moduan. Ezta pentsatu ere!

Ameriketako Estatu Batuetako Notre Dame Unibertsitateko Mundu mailako Moldatze Ekimenak herrialdeak sailkatu ditu klima aldaketaren efektuei aurre egiteko duten gaitasunaren arabera. 181 herrialde ageri dira, eta Afganistan 173. postuan dago.

 

euria eta elurra beranduegi iritsi zitzaizkien Nekazariei zein artzainei

Gerrak erabat suntsitutako herrialdean klima aldaketari buruzko eztabaidari ez zaio garrantzi handirik eman nahi izan, nahiz eta bertako herritar gehienen bizimodua oztopatzen ari den.

Nekazaritza eta abeltzaintza dira herrialde menditsuko jarduera ekonomikorik aipagarrienak eta azken urteotan bertan ezagutu dituzten klima oszilazio ulertezinek amaitzen ez diren lehorteak ekarri dizkiete aurrena, eta eurite suntsitzaileak gero. Nekazariek eta artzainek ez dute arazoari aurre egiteko moduko baliabiderik, ez daude behar bezala gaituta eta, pixkanaka, oraindik zituzten azken itxaropen apurrak ere galtzen hasiak dira.

«Azken urteotan, euria eta elurra nahi duenean egiten du, ez orain arte ezagutu ditugun patroien arabera. Urte asko eduki genituen lehortearen moduko egoera batekin, eta bat-batean euri eta elur asko izan genituen aurreko neguaren bukaeran eta udaberriaren hasieran. Ura beharrezkoa genuen, baina beranduegi iritsi zitzaigun, ordurako herritar gehienok ganadua salduta baikenuen, prezioek behera egingo zutelakoan. Izan ere, euria hasi baino lehen, abere guztiak gosez hiltzen ari zitzaizkigun», esplikatu dio Anadolu agentziari Mohammad Raheem 20 urteko artzainak.

Nazio Batuen Erakundeko Gai Humanitarioen Koordinatzaileak emandako datuen arabera, 2018ko hilabete bakar batean 300.000 lagun beren etxeak utzi beharrean izan ziren, muturreko lehortearen eraginez.