Ander Gortazar Balerdi - @andergortazar
Arkitektoa

«The mythic landscape (revisited)»

Mikel Eskauriazaren argazki bat da «The mythic landscape». Paisaia mitikoa. Atzealdean Anboto ageri da, euskal nortasunaren ikur goren, baina azkar egiten digute ihes begiek argazkiaren erdi-erdian dagoena ikusteko: merkatalgune bat, Eroski bat zehazki, euskal ekonomiaren sinbolo –eta, gehituko nuke nik, azken hamarkadetako lurzoru-kontsumo itzelarena ere bai–. Begiek kokatu dute Eroskia eta lehen planora doaz, non euskal lurralde antolamendua egituratzen duen elementu nagusia azaltzen zaigun: autobidea. Estanpa errealista, Aurelio Artetak koadro bihurtzeko modukoa.

Xabier Gantzarainek galdera egiten du “Zuloa” liburu ezinbestekoan: Jarriko ote luke lehendakari batek, edozein alderditako edozein lehendakarik, Mikel Eskauriazaren “The mythic landscape” argazkia bere bulegoan?

Argazki hura gogorarazi zidan beste bat ikusi nuen prentsan lehengoan. Paisaia mitikoa revisited. Atzealdean mendia ageri da, ez gailur mitikorik, ez tontor epikorik; soilik mendia, generikoa, pinudi triste bat eta pinudi izandako hutsune bi, Lecanosticta acicola onddoaren eragina seguruenik. Begiek, baina, azkar egiten digute ihes argazkiaren erdi-erdian dagoena ikusteko: luizi bat, zabortegi batena zehazki; zabor-jausi bat, agian hitza ofizialdu beharko genuke. Gure gizartearen kontsumo-gehiegikeriak maldan behera eroriak, figuratiboki eta literalki. Kea ere ikusten da. Begiek kokatu dute hondamendia –etimologikoki ezin zuzenago– eta beherantz doaz, non jada lekuz kanpo dirudien elementu kostunbrista agertzen zaigun: baserria. Mikel Eskauriazaren argazkian bezala, hemen ere badago autobidea baina ez dugu ikusten, (honda)mendiak irentsi egin du-eta hezur-haragizko bi pertsonarekin batera.

Zaldibarko zabortegiko lur-jausiak Euskal Oasia esaten zaion bazter miresgarri honetako miseria asko laburbiltzen dituen sentsazio orokortua sumatu dut. Azaltzen zaila den ezinegona sortu zidan niri, gizarte moduan gure buruari sinestarazi dizkiogun mito asko gezurtatzera baletor bezala: euskal paisaia idilikoaren mitoa, kudeaketa onaren mitoa, enpatiarena, lurralde orekatuarena eta garapen jasangarriarena. «Hondakinen arazoa konpondu dugu» baieztapenaren mitoa. Jordi Borjak dio hierarkia sozio-territorialak areagotu eta eskalaz handitu egin direla, «bikaintasuneko enklabe globalizatuen eta profil baxuko hiri-zatien arteko konbinazio maltzurra» sortuz. Euskal Hiria sutan.

“The Simpsons” telesailaren atal borobil batean –“Trash of Titans” (s09e22)–, Homer hondakinen kudeaketaren buru izendatzen dute. Herrialde osoko zaborra meategi abandonatu batean jasotzea otutzen zaio, egoerak eztanda egiten duen arte: zaborra lurpetik ateratzen da zurrustaka, Springfield osoa estaliz. Aukera hobeagoaren faltan, Quimby alkateak herria lekuz mugitzeko agindua ematen du. Atalaren amaieran Simpson familia azaltzen da berriketan, kamioi batek atoian daraman etxearen atarian. «Hiria lekualdatu dugu, baina Springfield berria izorratuko dugu ere», ohartarazten du Lisak. «Bai, baina… zer egingo diogu ba! Behar banauzue, Moeren tabernan egongo naiz», erantzuten dio Homerrek axolagabe, eskutan zuen patata poltsa hutsa haizeak eramaten duen bitartean. •