Iñaki Altuna

Etorkizunaz hausnartzeko ere geldialdia

Asteburu honetan astebete pasako da Hego Euskal Herrian, Espainiako Gobernuak hartutako erabakiaren ondorioz, alerta egoera indarren jarri zenetik. Pixka bat geroago hartu zuten Parisen Ipar Euskal Herriari eragiten dion konfinamenduaren erabakia, Herriko Etxeetako hauteskundeak egin ostean. Gezurra dirudi orain dela hain egun gutxi hainbeste jende deitu zutenik bozkatzera. Arduragabekeria galanta izan zen, nahiz eta, egiari zor, Macronek sekulako presioa izan zuen beste alderdi politiko batzuen aldetik hauteskundeak egiteko, hitzorduaren balizko atzerapen bat oso posizio ahulean zeuden presidentearen hautagaien alde aprobetxatuko zuela leporatzen baitzioten.

Gauza asko pasa dira hamabost egun hauetan, denetarik. Albiste asko izan da, batzuk, zoritxarrez, egunero gertatzen dira, zifra ikaragarritan. Egunero-egunero ikusi dugu hildakoen eta kutsatutakoen kopurua emendatzen, gora eta gora, ondorio lazgarriekin pertsona eta familietan, eta baita osasun sisteman ere. Horrek gainezka egitea da, hain zuzen, arazorik larriena.

Herriko Etxeetako hauteskundeei buruzko aurreko aipamenari erreparatuta, ohar gaitezke eskas aritu dela hainbat gobernuburu krisi honetan. Beste horrenbeste egin du Iñigo Urkulluk, bai hauteskunde autonomikoen atzerapena bai konfinamenduaren ezarpena bultzatzeko hain uzkur ibilita.

Seguru asko, berandu ibili gara guztiok, batzuk beste batzuk baino gehiago, betiere. Eta egia da, horrela aitortu behar diogu gure buruari, Europan Txinako esperientzia ikusita neurriak garaiz hartu izan balira eta ondorioak hain larriak izan ez balira, beharbada, oraintxe, gobernuak kritikatuko genituzkeela, muturrera jotzeagatik. Esajeratzeagatik.

Eskas ibili dira batzuk zein besteak, bistan da. Baina oraingo kontua ez da beste krisi eta arazo batzuk bezalakoa. Ez da honen edo haren dimisio eskaerarekin kitatzen. Huskeria litzateke horretan geratzea. Zalantzan gauza asko jarri ditu krisi honek. Iraultzaileenek sistema osoa jarri duela ezbaian esango dute, arrazoiz; baina “Mendebaldeko demokraziak” deitutakoetan sinismena galdu ez dutenek ere errealitatea onartu beharko dute; neoliberalismo harrapakariagatik, ongizate estatuaren ideia bera kaltetuta atera da. Klima larrialdia, beste zerbitzu publikoetan bezalaxe osasungintzan izandako murrizketak, pertsona eta kolektibo zaurgarriek pairatzen duten babes eza… hain dira denak nabarmenak, are nabarmenagoak koronabirusak eragindako krisiaren ondoren.

Horregatik guztiagatik, bat-bateko beroaldi edo haserrealdiez harago, egun batzuetako ika-mika politikoetatik harago, etorkizunari buruz sakon hausnartu beharra dago, herri bezala zer izan nahi dugun eta mundu honi zer ekarpen egin nahi diogun argitzeko. Eta horretarako ere geratu beharra izango dugu, patxadaz hausnartzeko. Egunotan hasi daiteke ariketa hori, informatuz, pentsatuz, ideiak partekatuz, elkartasuna eta elkarren arteko zaintza eraikiz; krisi honen irteerari ere modu egokian aurre egiteko. Ez baita erraza izango. Putre beltzak ere bueltaka arituko dira, berriro ere, 2008ko krisi finantzarioak sortutako hondamendian gertatu zen bezala, herri langilearen eta klase herritarren bizkar gainera bota nahiko baitute faktura. •