Koldo Sagasti

Normaltasunera itzuli

Esaera zahar batek dio sutan probatzen dela eltzea nolakoa den, alegia, egoera kritikoek nor bere lekuan uzten dutela. Azken asteotan koronabisuraren izurriteak eragindako salbuespenezko egoeraren testuinguruan ere nork bere txarrena eta onena erakutsi du. Auzokide adeitsutzat geneukana balkoiko zelatari eta salatari bihurtu da; eta ustezko agintari zentzudunek, kudeatzaile eredugarrien itxura saldu dutenek, agerian utzi dute euren gupidagabetasuna, lehenetsi egin baitute gutxi batzuen aberastasuna gehiengoaren ongizatearen aurrean. Ifrentzuan daude larrialdi egoerak bultzatuta bere onena eman duten milaka herritar solidarioak; besteak beste, han-hemenka itxialdi egoeraren ondorengo behar humanitarioei aurre egiteko elkartasun sareetan antolatu diren pertsona anonimoak. Lehenengoek erakutsi dute norberaren interesa hobesten duen sistema kapitalistak porrot egin duela egoera kritiko batean komunitatearen oinarrizko beharrak asetzeko. Aitzitik, bizi-estutasun baten aurrean, senak elkarri laguntzera bultzatu dituen askok agerian utzi dute elkartasuna dela krisialdietatik onik ateratzeko biderik eraginkorrena. Izurriak aurrez aurre jarri ditu kapitala eta bizitza.

Sinistuta nago amesgaizto honetatik esnatzen garenean ezingo garela inoiz lehengo normaltasunera bueltatu. Normaltasunean mandatariek deuseztatzerainoko murrizketak ezarri zizkioten orain salbatzen gaituen osasun sistema publikoari. Normaltasunean kezkatuago daude enpresa jardunaren etenaldiak abiadura handiko trenari eragingo dion atzerapenaz herritarren bizitzaz baino. Dena bere onera bueltatutakoan ez gara itzuliko muturrera eraman gaituen normaltasunera. Bestelako gizatasun balioetan oinarritutako normaltasun bat eraikitzeko abiapuntuan gaude. •