04/07/2020

Reportage
ZURRUMURRU PUZTUA
Marxetik gaurdaino kapitalismoaren bukaera iragarri dutenen zorigaitzaz

Barru-barrukoa dugu mundu ezberdin eta hobe baten imajinazioa. Kapitalismoari eskela asko jarri zaizkio, bere amaieraren profeta ugari izan dira. Baina porrot egin dute. Bizirauna du, moldagarria da, ez da erraz hiltzekoa. Hala ere, seinaleen bila jarraitzen dugu, beldurrez edo esperantzaz, kapitalismoaren bukaeraren zantzuen bila.

Mikel Zubimendi Berastegi
Pd04_gaur4_argazkiabat

Modan dago ideia, berriz ere. “Aldaketa estruktural handia” behar da, errotikakoa. Azken urteetan bi aldiz egon da modan, gainera. 2008ko krisiaren ondoren eta koronabirusaren krisi ekonomikoa gaiztotzera doan honetan. Ezker politikoaren aldarrikapenik ausartenaren etorrera moduko bat da, profetek aurreratutako agerraldia: historiaren gurpilak behingoagatik biratu eta kapitalismoa azpian hartuko du, hiltzeraino.

Baietz esango nuke, baita koronabirusaren krisi honetan ere, aldaketa sakon eta azkar baten beharra asko indartu den ideia dela, kapitalismoaren amaieraren aurreikuspenak ez direla oso aspaldian hain popularrak izan.

Izan ere, kapitalismoarentzat azken hamarkadak oso gogorrak izaten ari dira. Finantzen eta burbuilen leherketa haren ondotik, jendeak begirada askoz kritikoago batekin ikusten du. Oraingo pandemiak bisio hori asko zabaldu du. Osasunaren alde aktibitate ekonomikoa geratu eta milioika langabe gehiago, hazkundea zeropetik, industria osoak diru publikoaren arnasketa artifizialean, bonuen erosketa frenetikoak, krisi handi-handi baterako osagaiak badaudela dirudi, bai. Zuzen-zuzen, erremediorik gabe, horra goazela. Kapitalismoaren amaieraren hasiera ote?

Han eta hemen irakurtzen denez, Depresio Handiaren krisia gaindituko omen du datorrenak, inoiz ezagutu ez dugun eskala izango du. Are gehiago klima emergentzia betean egonik, tenperatura globalak errekor denak hautsi eta inoizko altuenak izango direnean. Horretan ere, kapitalismoaren amaieraren hasieraren beste seinale bat?

Pentsa, 2020ko apirilaren 4an “Financial Times” egunkariak datozen urteetan historialariek aipatuko duten editoriala argitaratu zuen. Badakigu negozioen munduko egunkari inportanteena dela, ez dela argitalpen aurrerakoi bat. Munduko finantzen eta politikaren jokalari aberats eta indartsuenek irakurtzen dutela. Hilabetero, aldizkari formatuan gehigarri bat publikatzen du “Nola gastatu” izenburu lotsagabearekin, yate, luxuzko etxe, diamantezko ordulari eta munduko auto garestienekin. Baina apirileko larunbat hartako editorialean honakoa argitaratu zuen:

«Mahai gainean erreforma erradikalak jarri beharko dira, azken lau hamarkadetako norabide politikoa alderantzikatzeko. Gobernuek rol aktiboago bat onartu beharko dute ekonomian. Zerbitzu publikoak pasibo baino inbertsio moduan ikusi, eta lan merkatua hain zalantzakorra, hain segurtasun gutxikoa ez izateko bideak aurkitu. Aberastasunaren birbanaketak agendan egon behar du berriz ere, eta, aberatsen eta zaharren pribilegioek, eztabaidan. Duela gutxira arte xelebretzat jotzen ziren politikak, errenta eta aberastasunaren gaineko zerga berriak edo bizitzeko gutxieneko soldata bezalakoak, koktelaren osagai izan beharko dira». Ezohikoa, harrigarria benetan. Amaieraren hasiera horren beste zantzu bat?

Pentsatzea libre. Baietz pentsa dezakegu, hala dela. Baina, agian, kapitalismoa hilzorian dagoela erakusten duten ebidentzia forentsikoak ditugula uste badugu, edo, kristauak Jesusen berpizkundearekin bezala, haren gainbeheraren zain erabat sinetsita egon bagara, edo haren kolapsoa larritasun osoz aurreratzen ibilita bagaude, bi aldiz pentsatu beharko dugu. Ze, agian, mundu zahar kapitalistaren heriotzaren lekuko izaten ari gara, eta, igual, egia ere bada mundu berria urak puskatu eta jaiotzear dela. Baina, halaber, pentsatu behar da gerta litekeela mundu berri hori, guztiz eta nabarmen, ezaguna izatea guretzat.

Profeziaren anatomia

Kapitalismoaren amaieraren profeziak kapitalismoa bezain zaharrak dira. Karl Marx izan zen lehen profeta eta nola gertatuko den ere aurreratu zigun: barrutik lehertuta; inplosioaren teoriko handiena izan zen. Ze Marxek ez zuen soilik kapitalismoaren funtzionamendua esplikatu, ideia bat ere aurkeztu zuen: kapitalismoak barruan duela bere amaieraren hazia, kontraesanez josia dagoelako, eta, gainera, bere sabeletik jaioko direla ehortziko dutenak: jende masa bat, proletariotza. Ideiak, bere bi zangoekin (barne kontraesanen fatalismoa, lege; eta ehorzleen klasea, subjektu), bide luzea egin zuen.

Marxek eta XIX. mendeko pentsalari politiko askok oso serio hartu zuten gizakion kontuetan bazirela lege zientifikoak. Eta, horretxegatik, ez zuten bakarrik gizartearen mugimendua deskribatzen, mugimendu hori aurreikusteko gai ziren. Oinarri horietan eraiki zituen Marxek kapitalismoaren “gehiegizko ekoizpena edo gainprodukzioa” eta “irabazi edo mozkinen tasa gutxitzeko joera” bezalako barne-kontraesan pisutsuak, sistema haustura puntura eramango zutela iragarriz. Marx eta Rosa Luxemburg izan dira kapitalismoaren inplosiozko kolapsoaren profeta gorenak, baina hori ez da kapitalismoaren amaieraren aurreikuspen bakarra izan. Eskola asko eta oso ezberdinak daude.

Iraultza Industrialetik dator pentsalarien obsesioa, galdera-mailuaren danbatekoa: noiz bukatuko da kapitalismoa? Nola? Bukatuko al da? Heriotza geldo eta mingarria izango du? Inplosioak lehertuko du? Sobietar ereduak, edo nahi bada, sozialismo erreal-erreal hark, izan zuen inplosioa bezalakoa? Ala, agian, sobietar ereduaren inplosio hark alternatiba soziopolitikoa kendu ziolako, sistema kapitalista orain pipiak jota dago, barnetik bere burua jaten, autofagozitatzen ari al da?

Edo, agian, zergatik ez, benetan kapitalismoaren azken krisi konpongaitz eta hilgarriaren ikusle bagara, prozesu hori egiazki martxan badago, segidan etorriko dena, alternatiba bezala, agian ez da sozialismoa izango. Agian, interregno iraunkor bat etorriko da, orekarik gabeko mundu sistema, denboran luzatuko den kaos eta entropia sozialeko aro beldurgarri bat.

Lau eskola

Denbora guztien bukaera iragartzen zuten Bibliako profeten antzera, ezkerreko pentsalari eta “marxista-dadaista” exotiko askok berdin jokatu dute kapitalismoaren existentziarekin. Hark, baina, bere kritiko horiek guztiek ez bezala, bizirik iraun du. Bi mendez kapitalismoaren amaiera etengabe iragartzen, nola moldatzen den eta aurrera nola egiten duen ikusteko. Zergatik ez dute asmatu? Zergatik dira hain txarrak igartzen?

Oro har, txosten forentsikoek kapitalismoaren heriotzaren bi arrazoi eman izan dituzte: barne kontraesanek lehertuta hiltzea, edo, behin muga pasaezin batera iritsita, eraldatu beharrak eraginda hiltzea. Esan liteke, baina, bi horiek hipotesi garrantzitsuenak diren arren, lau eskola daudela.

Aurrena, aipaturiko inplosioaren eskola, kapitalismoa bere kontraesanen biktima ikusten duena. Gero, ahitzearen teoria dago, modu batean ala bestean John Stuart Mill, Keynes eta enparauek proposaturikoa. Haien ustez, gehieneko oparotasuna emanda, aberastasuna metatzeko bultzada eta aberastasunaren baliabide fisikoak, biak agortzen direnean, apurka-apurka kapitalismoa egoera egonkor batera iritsiko da eta orduan galduko du bere indarra. Hirugarrenik, konbergentziaz gertatuko dela diotenak ere badira, aurrerabide teknologikoak kapitalismoa eta sozialismoa bateratu eta bereizezin egingo dituela uste dutenak. Eta, azkenik, inboluzio kultural batek azken kolpea emango diola uste dutenak, eskuinekoak eta ezkerrekoak, neurrigabeko aberastasun eta kontsumoak kapitalismoaren oinarri kulturalak higatuta, bere arrakastak birrinduta hilko dela, kontsumitzaileen dekadentziak aurreztearen eta gogor lan egitearen lekua hartu duelako. Marcusek berak hedonismoaren sintomak kapitalismoaren arrazionaltasunekiko askapen gisa hartzen zituen.

Kultura ez da superestruktura

Kontuak kontu, kapitalismoak bere desagerpenaren profeta denei tirrit egin die, bizirik iraun du jarri dizkioten eskela guztiak gorabehera. Eta, segur aski, ez da izan, askok uste duten bezala, ekonomikoki efizienteago delako edo merkatuak berezko dituen bertuteei esker, ez. Gure gizartearen egitura hierarkiko eta indibidualistan sustraiak botatzen dituelako baizik. Pertsonaren miseria eta demontreetara ongi itsasten delako, kultura egiten badakielako.

Zeren kapitalismoaren erorketa aurreratzen digute, baina zer da kapitalismoa? Funtsean, gauza bi: antzinako giza jarduera eta berriagoa den sistema sozioekonomikoa. Gizabanakoak ekoizten eta salerosten, argi definitutako jabetza eskubide eta soldatapeko lanean oinarrituriko sisteman.

Eta bitasun hori bere bizirik irauteko indarraren iturri balitz? Kapitalismoa ez baita soilik hainbat pentsalari eta politikarik amestutako teoria multzoa. Giza ekintza eta bultzadekin ehundutako sarea da, antolatzeko printzipio dinamiko bat da, sistematizatua dagoenean, efizientea izatera irits daitekeena. Sozialismoan ez bezala, ez du estatuaren beharrik “gizaki berria” lanean jartzeko.

Letrok sinatzen dituenak, baita euskaldun moduan ere, Marxen determinismo ekonomiko gordin hori mastekatu eta irensteko arazoak ditu betidanik. Niretzat, gizarteak burdinaz jantzitako lege zientifikoen arabera funtzionatzen duelako ideiak badu mitotik zerbait. Eta horrek ez gintuzke itsutu behar kapitalismoaren bizitza luzeraren arrazoi kulturalak ez ikusteko. Kultura ez delako superestruktura hutsa, dezente autonomoa eta sarritan inertziagatik gobernatzen den zerbait da. Egitura sozialen itsasgarri oso potentea.

Eta, hain zuzen, horregatik daude kapitalismoa eta kapitalismoak. Japonian, AEBetan eta Norvegian ekonomia kapitalistak dauzkate. Baina geografiak eta kulturak axola dute hemen, forma, kalitatea eta izaera ematen dizkiotelako kapitalismo bakoitzari, determinismo ekonomiko gordin horrek bezainbat, edo, agian, gehiago.

Kutxatik kanpo pentsatu

Kapitalismoa munstro bat da, makina diaboliko bat, antagonismoak eta behar faltsuak sortzen dituen sistema ustela. Erosten dut aldarria, baina ezin gaitezke horrekin konforma. Sozialdemokraziak begien bistatik galdu du izaki sozial egiten gaituena. Ulertzen dut esan nahi dena eta ados egon naiteke. Baina kontua ez da hori, aldarrikapenarekin ez da aski. Zoritxarrez, Euskal Herriko Twitter esferaren burbuila txikian ikusgarri egiten da marxista-dadaista batzuen nabarmendu nahia, harrozko jarrita, “klase” hitza aho bete eta “sozialdemokrata” hitza irain. Horrela, %100 marxista, komunista total, bertan goxo eta mugitu gabe egonda ez da askorik aurreratzen. Jakina behar dela marxismoa, baina horrela erabilita ez. Euskal Herrian marxismo ona behar dugu, serioa, kritikoa, bere ortopedien jabe eta kutxatik kanpo pentsatzeko gai izango dena. Eta kapitalismoaren errotikako gainbeheraren profezia sinistea edo ez libre, barneratu beharko da ere bere desberdinkeria eta injustizia oro gainditzeko bidean egiten diren urrats guztiak, txikiak izanda ere, inportanteak direla, eta, emaitza oro, lorpenak.

Profetak eta profeziak hor daude, baina errealitatea tenkorra da eta zaplazteko latzak ematen ditu. Ez dakigu nola eta zergatik, baina bai hartu dituen shock eta kolpe guztiak hartuta ere, krisitik krisira saltoka, kapitalismoak bizirik segitzen duela, gurekin beti. Eta horren ebidentzia forensikoak ere begien bistakoak dira: egun, antikapitalismoa ahulduta dago eta neoliberalismoak sozialdemokrazia azpiratu du. Merkatuak gure bizitzaren eremu ia denak jan ditu, denak dauka prezioa.

Hala ere, profetek berdinean segitzen dute: «Kapitalismoa bukatuko da! Eta batzuek uste baino azkarrago gertatuko da!». Azkarrago? Modan dagoen Ursula K. Le Guinen hitz batzuk bolo-bolo dabiltza ezkerraren munduan: «Kapitalismoan bizi gara. Bere botereak saihetsezina dirudi, halabeharrezkoa. Berdin gertatu zen erregeen eskubide jainkotiarrarekin». Ados, baina erregeen eskubide jainkotiarrarekin bukatzeko milurteko bat behar izan zen, pentsa!

Oker egotea ez da okerrena

Porrot egin eta errealitatearen azterketa pasatu ez duten iragarpen fatalista horiek guztiek, baina, kapitalismoaren iraunkortasuna eta moldagarritasuna ulertzen lagundu diezaguketen gakoak eskaintzen dizkigute. Millennial marxistentzat ohartarazpen bat ere badira. Egia batzuen beharrean den ezker naif horrentzat irakaspen bat, marxista-dadaista eta fundamentalista guztientzat erronka intelektuala, ganbara mentala aireztatzeko gonbita.

Inor ez dago eserita, kapitalismoaren bukaera noiz etorriko zain. Sinpatia diot pragmatismoari. Onar dezaket eta ziur egon naiteke kapitalismoak Lurraren biosferarekin bukatuko duela, baina onartzen dut ere dagoen arriskua: Lurraren biziraupenerako, Planetaren salbaziorako kapitalismoaren heriotzan jartzea esperantza denak.

Kapitalismoaren gainbehera denbora kontua dela esaten dutenak ulertzen ditut, baita bere amaiera azkar batean iritsiko ez dela aitortzen dutenak ere. Profeziak otzan-otzan onartu behar direla, baina, ez nago ziur. Nahiago nuke aurrez aurre dauzkagun perspektiben inguruan oker egotea, kapitalismoaren amaieran fede gutxi dutenek egindako aurreikuspenak erratuta egotea. Baina, bitartean, kapitalismoa ahalik eta azkarren amaitu behar dela uste duten guztiek, uste hori ahalik eta argien esplikatu behar dute, eta, jakina, helburu hori lortzeko ahal duten guztia egin. Abentura intelektualek etorkizuna atzeratu edo saihestu dezakete; abentura politikoek, aldiz, ez. Beraz, ez ahaztu oker egotea baino gauza askoz okerragoak badaudela. Eta eutsi goiari, hura ez baita eroriko-eta.

Kapitalismoaren amaieraren profeziak kapitalismoa bezain zaharrak dira. Marx izan zen lehen profeta eta nola gertatuko den ere aurreratu zigun: barrutik lehertuta, inplosioz

Iraultza Industrialetik dator pentsalarien obsesioa, galdera-mailuaren danbatekoa: noiz bukatuko da kapitalismoa? Nola? Bukatuko al da? Heriotza geldo eta mingarria izango du?

Inboluzio kultural batek azken kolpea emango omen dio kapitalismoari, arrakastak birrinduta hilko omen da, kontsumitzaileen dekadentziak lan gogorraren lekua hartu duelako

Kapitalismoa munstro bat da, makina diabolikoa, antagonismoak eta behar faltsuak sortzen dituen sistema ustela. Aldarri salgarria da, baina ez dago horrekin konformatzerik

Twitterreko marxista-dadaistak baino, Euskal Herrian marxismo ona behar da, serioa, kritikoa, bere ortopedien jabe egin eta kutxatik kanpo pentsatzeko gai izango dena

Porrot egin duten profeziak kapitalismoa ulertzeko gako dira, baita ohartarazpenak ere «millennial» marxistentzat eta irakaspenak egia beharrean den ezker naif horrentzat