Nekane Zinkunegi Barandiaran

Ardura

Maiatzaren hasieran, orriotan idatzi nuen normaltasun berrirako trantsizioa iragarria zutela agintariek. Badirudi zerbait aldatu den itxura eman nahi izan dutela, baina arazorik ez da konpondu. Iragarri dizkigute covid-19ak eragindako krisiari aurre egiteko neurriak. Akaso, komeni da ohartzea pandemiak ez duela krisirik eragin, lehendik zegoenaren ondorioak areagotu baizik ez duela egin. Eta, beraz, neurriak ez direla oraingo egoera arintzeko hartu behar, egoera honetara ekarri gaituen sistema aldatzeko baizik.

Izan ere, banketxeei eta aberatsei zergak ezarri ordez, kulturaren alde apustu egin ordez, edota lan erreforma bertan behera utzi ordez, bizitza normala zer den zehaztu digute: irekita dauzkagu tabernak eta dendak kontsumorako, ireki zituzten mugak oporretara bidaiatzeko, eta, herri honen zati batean behintzat, itxaron zuten hauteskundeak pasa arte maskara derrigortzeko. Eta orain, egun batetik bestera, herritarrei arduratsuak izateko eskatzen diete.

Izan ere, zeinen arduragabeak batzuk, ezta? Gazteak behintzat bai, zenbaiten ustez.

Eta norena da eguneko zentroak ixtearen ardura? Edo udalekuak bertan behera uztearena? Norena da gizarte zerbitzuetatik ase beharko liratekeen zaintza lanak etxeetara itzuli eta zaurgarrienen lan zama areagotzearen ardura?

Maskara? Beharko dugu, bai. Zenbaiten kudeaketa ereduak botatzen duen usain txarretik babesteko, besterik ez bada. •