Joxean Agirre

Zuberoa

Badaude edonoren esku dauden luxuak eta horietako bat da Donazaharretik abiatu eta, Beorlegiko herria zeharkatuz, mendiko errepide ikusgarrietan gora Ahüzkiko Bentara igotzea. Horretarako, auto bat behar da eta pazientzia pixka bat, bidean lauzpabost artalde uxatu behar izaten baitira eta, zailagoa dena, behi taldeak ere bai, herrialde horretako behiak bezperako beroa aprobetxatzeko galtzadaren gainean lo egiteko ohitura baitute.

Benta hori da Pirinioei begira egoteko talaiarik ederrenetako bat. Bertako iturriak kantu bat baino gehiago inspiratu ditu. Bainuetxe ere izan zen (jauntxoak mando gainean igotzen ziren Altzürükütik) eta gaur bazkaltoki ikusgarria da.

Urrunean Pirinioak eta Zuberoako mendiak bertatik bertara miresteko bigarren talaia bat Atharratzeko Madalena ermita da. Erromes leku garrantzitsua izan zen. Elizaren kanpoko horman 2000. urtean oroitarria ipini zioten Jean Pitrau laborari mugimenduko liderrari. Mendi horren maldan, Erbinia baserrian, jaio zen eta bertan hil zen 1975ean. Aguxtin Errotabeherek “Jean Pitrau, la révolte des montagnards” liburua eskaini zion 2011n. Bertzaizek hari buruzko pastorala idatzi zuen eta Atharratzeko herriak taularatu zuen 2016an. Eta “Argia” astekariaren Larrun gehigarria eskaini dio Pello Zubiriak egunotan. Jeunesse Agricole Chretienne taldean hasi zen (urte batzuk geroxeago Hegoaldean Baserri Gaztedi izango zena) eta ELB sindikatuak aita pontekotzat jotzen du gizon hau. Europako nekazari gazteak etortzen zitzaizkion etxera eta Edgar Pisani Nekazaritza ministroa ere etorri zitzaion, auzokoen harridurarako helikopteroz, bisitan, 1962an.

Jean Pitrauk urteak eman zituen Atharratzeko Udalean zinegotzi ere.

Lapurdiko udaletxe batzuetara alkate abertzaleak iritsi diren honetan ez legoke gaizki 80ko hamarkada hasierako Zuberoako lehen alkate abertzaleak gogoratzea, Larrainekoa eta Pagolakoa, esate baterako. Bigarren hau, Mixel Etxeber, herrian bertan bizi da orain eta luxua da berarekin hizketaldi bat izatea. Ahotsak plataforman bere kontakizun batzuk bilduta daude, baina seguru nago Mixelen ibilerek liburu baterako ematen dutela. Hori bai, protagonismoa Fabien Bereterbide apaizarekin partekatu beharko du, oso gutxitan ibili baitira apaiza eta alkatea elkarrekin hain estuki lotuta. Fabien 2015ean hil zen. Garai hartan kontatu ohi zuenez, herriko eskuindarrak ez ziren elizara joaten bera abertzalea zelako eta abertzaleak ezkerrekoak izaki joaten ez zirenez, obratan hasi behar izan zuen lanean. •