Maite Ubiria Beaumont

Etxera bueltatzeko bidea sasiz garbitzeko lanetan

Asteak berri esanguratsuak utzi ditu bakea eta elkarbizitza eraikitzeko bidean euskal presoen zein biktimen auziari irtenbidea ematea ezinbestekotzat jotzen duen euskal gizartearentzat. Alde batetik, hamarkada luzetan gradu bakarreko politika baizik ezagun ez duten errepresaliatuentzat legedian beste hainbat aukera izan badirela agerian utzi dute preso gehiago etxetik hurbilago egotera eramanen dituzten azkeneko mugimenduek. Beste hainbeste esan daiteke baldintzapeko askatasunaren inguruan Fernando Alonso sestaoarraren eta Frederic Xistor Haranburu senpertarraren izenak lehenengo lerroan ezarri dituzten ebazpenei buruz. Ez nuke inor mindu nahi, ez eta alferrikako kalapitak hauspotu ere. Aspalditik jakin badakigu aitzin urrats bakoitzak zapore gazi-gozoa duela, eta etxe anitzetan dauden hutsune latzak are nabarmenago egiten dituela. Hala eta guztiz ere, neke handiz heldu diren aitzinamendu horiek, herritar askok, denbora luzean, inoiz amore eman gabe, eginiko lanari esker gauzatu diren aurrerapauso horiek, bidea sasiz garbitzeko tresna baten gisara ulertu behar ditugulakoan nago.

Azkeneko bizpahiru urteetan Estatu frantseseko espetxe mapa zeharo aldatu den bezala, ibilbidea azkartzeko elkarlana astintzen jarraitzeko, ez dut ikusten Estatu espainiarrean urrunketaren paisaia hilgarria atzean uzteko egiten den pauso bakoitza baino aitzakia hobeagorik.

Frantziako presorik beteranoena izateko “ohorea” duen Georges Ibrahim Abdallahk 36 urte bete ditu espetxean. Lannemezango espetxean daukate. Xistor Haranbururi bezala, biziarteko kartzela zigorra ezarri zioten libanoar militante komunistari.

Senpereko semeak dagoeneko 30 urte eman ditu gatibu. Izan ere, kartzela zigor luzeak bete dituzten arren oraindik ere askatasunaren izpia ikusteko betarik ez duten bertze preso guztientzat berri zinez garrantzitsua da Xistor Haranburuk jaso duena.

Lehen aldiz eman baitio bizkarra dei auzitegi batek heriotza zigorra “frantziar erara” ezartzeko fiskalak zuen ezkutuko asmoari. Biziarteko kartzela zigorra jasotzen du Frantziako legediak, baina, europar zuzenbidearekin talka ez egitearren, ezin da muturreraino eraman zigor hori. Hau da, ezin da hil arte herritar bat kartzelan egotera kondenatu, heriotza zigorra bertan behera utzi baitzuen Frantziak 1981. urtean.

Horrendako 1997an Haranbururi ezarri zioten sententziak bazuen ohar garrantzitsua, baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aukera jasotzen baitzuen. 2008az geroztik presoak askatasunean ateratzeko zuen eskubide horri muzin egin dio frantziar justiziak. Memoria gara.

Irailaren 19an Baionan dagoen suprefeturaren egoitza hesitu zuten ehunka herritarrek. Ekimen sinboliko horren bidez, hautetsiek zein gizarte zibileko eragileek nabarmendu zuten, Haranburu, baita Jakes Esnal eta Parot anaiak ere, etxera itzultzea justizia ekimena izanik, Parisek baduela ahalmena murrua behingoz lurrera botatzeko. Igeltsero lan horretan ikusi genituen Jean-Rene Etchegaray lehendakaria, bai eta auzapez anitz ere.

Horren ondotik, urriaren 25ean, Euskal Elkargoak euskal presoei ezkutuko heriotza zigorra ezartzeko asmoa salatzen duen mozioa onartu zuen abantzu, aho batez. Bide luzea bada oraindik, baina zerk azkartu dezakeen bidaia eta zerk ez inoiz baino argiago gelditu zaigu. •