Koldo Sagasti

Salba ditzagun Gabonak

Gabonak salbatzea, horixe da EAEko Gobernuak larrialdi sanitarioari aurre egiteko darabilen estrategiaren atzean datzan motibazio nagusia. Ez dadila erritmoa gelditu, ikuskizunak jarraitu behar du. Irizpide zientifikoetan oinarritutako jardunbideak bestelako kudeaketa eskatuko luke, merkataritzaren etekinen aurrean pertsonen ongizatea eta osasun segurtasuna hobesten duena, baliabide publikoak osasun zerbitzu publikoak indartzera bideratzen dituena. Baina ezin dugu ekonomiaren makineria gelditzen utzi, gaitzaren kutsatze tasa negargarriek hori erabaki zentzudunena dela iradokitzen badute ere.

Ateo konbentzitua naizen aldetik, gutxi axola didate Gabonak bezalako ospakizun erlijiosoek. Amorrua ematen dit gehiengo sozialaren aginduz niretzat guztiz arrotzak diren konbentzionalismoen parte izan behar izateak. Logikarik oinarrizkoenetik kanpo ikusten dut, krisialdi larri batean murgilduta gaudela, gau osoan zehar Gabonetako milaka argi piztuta eduki behar izatea, areago hamarretan etxeratzeko agindua dagoenean. Iberdrolaren mozkinen logikatik baino ezin dut ulertu. Gogaikarriak iruditzen zaizkit gabon kanta kirrinkariak, jaiotzak, desfile arranditsuak eta, oro har, egun seinalatu hauek inguratzen dituen parafernalia guztia. Baina nago Gabonak salbatzeaz ari direnean ez direla erritu multzo hori salbatzeaz ari.

Gabonak salbatzea diotenean Gabonen negozioa salbatzea esan nahi dute, etengabeko irabazien doktrinan oinarritutako makineria elikatzea, ekonomia bizitzaren gainean jartzea. Inpresioa ematen dit, inoiz baino gutxiago edanagatik, aurtengo ajea inoizko handiena izango dela. •