Nekane Zinkunegi Barandiaran

Ideia arrunten aurkako txertoa

«Ideia arruntek sekulako indarra dute, azkar eta asko hedatzen dira, eta horiek aldatzea oso konplexua da». Xabier Aierdi soziologoari entzun nion esaldi hori, duela pare bat hilabete, eta buruan bueltaka darabilkit azken aldian. Covid-19ari aurre egiteko txertoaren bueltan sortu den eztabaidagatik, zehazki.

Oro har, esango nuke txertoa agertu izanak itxaropena eragin duela. Baina txertoaren aurka sutsuki ari direnak ere badaude, errezelo handiz dihardutenak. Ez ditut horiek, txertoaren aurka daudenak, negazionisten zakuan sartuko. Baina amorrarazten naute txertoaren aldekoon aurka dihardutenek. Zilegi bada txertoaren aurka egotea, zergatik tematzen dira alde egiten dugunon aurka?

Eta, noski, ez nuke inozoa izan nahi. Txertoa gure artean egoteak ez baitu esan nahi dena konpondu denik. Osasun zerbitzuak ez direlako indartu, ez dagoelako txertaketa aurrera eramateko behar adina erizain. Hartutako neurri batzuek gure eskubideak murriztu dituzte, bai, baina askatasun indibidualaren izenean nagusitzen ari den egoismoak ere ez dakar ezer onik.

Farmazia konpainiei publizitatea egiteaz kexu dira asko. Ados, enpresen arteko lehia hor dago, eta gizateriaren ongizatearen aurretik, nork bere etekinen alde egiten du. Baina orduan, txertoa da okerra, hala horren sorrera, proba eta banaketarako sistema? Zeren aurka gaude? Beraz, ideia arruntetatik harago begirada jaso eta hausnar dezagun zeren aurka eta zeren alde egin behar dugun. •