Albert Naya Mercadal (Afrin)

AFRIN: COVID-AREN ISILTASUNETIK GERRA HOTSETARA

Kurduen kantoiko gerra krimenak argitu gabe jarraitzen duten bitartean, covid-ak bizitzak hartzen ditu isilpean eta txertoaren horizontea ez da inon ageri. Desplazatuen kanpamenduetan fusil automatikoen hotsei birus isil bati baino beldur handiagoa diote.

Hiru urte pasatu dira Erdogan presidente turkiarrak Siriako kurduen kantoia okupatu zuenetik, bere hitzetan eskualdea «askatzeko». Baina haizeak Turkiaren bandera Afrin hiriko zeruetan astintzen jarraitzen du, eta ez dirudi etorkizun hurbil batean erriatuko denik. Siriako Armada Nazionala (SAN) deitutakoaren kontrolpean, kurduek historikoki berea izan den kantoia galdu dute. Eta, jakina, lehen olibondoen lur hauetan bizi zirenak itzalpean bizi dira orain, edo beren etxetik ihesi joan dira. Turkiaren kontrolpeko Afrinen, bere SANeko aliatuek daukate justiziaren ardura: «1.886 polizia dauzkagu», nabarmendu du Mohammed Husseyin komandanteak. Baina gobernuz kanpoko erakundeek eta instituzioek argi daukate: Ankarak Siriako lurretan operazio militarrak egiteko baliatu duen SANen baitan islamista erradikal asko daude. «Gu, bertako polizia legez, eta Turkiako Armada, Afrinera bakea ekartzen saiatzen ari gara. 2018. urteko ekainaren 18an hartu genuen, Turkiaren laguntzarekin, polizia lanaren ardura. Eta misio asko dauzkagu, zibilak laguntzea edo droga trafikatzaileen eta kriminalen aurka borrokatzea. Baina batez ere, terrorismoa», nabarmendu du Husseyinek. Eta zera gaineratu du: «Gure erronka handiena terroristak eta erregimen siriarra dira. Hor dago ISIS ere, jakina, baina erasoen %80 PKK/YPGrenak dira eta gainerakoak ISIS eta erregimenarenak». Bere bulegoan Recep Tayyip Erdoganen erretratua dauka ageri-agerian, eta mahai gainean dauzkan paper guztiak ikusita, badirudi dena kontrolpean duela. «Atentatu guztiak dokumentatzen ditugu», adierazi du, atentatu baten irudi gordinak erakustearekin batera. Eta bonba autoen basakeriaz mintzo dela, Herriaren Babes Unitateak (YPG, kurdueraz) egin ditu atentatu gehienen erantzule. Turkiarentzat, jakina denez, YPGak Kurdistango Langileen Alderdiari (PKK) lotuak daude.

Okupatzaileen polizia honek, baina, ez du erantzunik populazio kurduaren aurkako bahiketa, hilketa eta bortxaketen aurrean, Nazio Batuen Elkarteak (NBE) berak salatu baditu ere. NBEren Siriarako Ikerketa Batzordearen arabera, Ankararen aliatu askok egindako ekintzak gerrako krimenak dira, eta 2018. urtean esan zuen etnikoki arabiarrak zirenek kurduen etxeak bereganatzea eskualdeko populazioaren osaera etnikoa behin betiko aldatzeko saio bat zela.

Bi aldeetan biolentzia

«30 metrora izan zen, nire semea ere zauritu zuten, eroek bakarrik egiten dute hori». Adnan Abu Rabu-ren hitzak dira, Afrin hirian zauritutako azken biktimetako batenak. Bonba auto baten leherketak harrapatu zuen bere automobila konpontzen zegoela eta orain Afrineko Ospitaleko UZIan dago, hil ala bizi. Haren historia beste askoren historia da, baina berak kontatu dezake. Aurtengo lehen bi hilabeteetan, Ankarak PKKri egozten dizkion atentatuek hamarnaka hil dituzte.

Olibondoaren Adarraren atetik, 2018ko operazio militarraren ondoren Siriara sartzeko Turkiak inauguratu zuen sarreratik, kilometro gutxira yazidien hainbat herri daude. Agureak besterik ez dira geratzen. «Gazte guztiek Irakera, Turkiara edo Europara ihes egin zuten», azaldu digu Amir-ek, eskualdeko muhtar-ak. Islamismo erradikalak yazidiak mendeetan zehar jazarri ditu. Orain 19 herrixka baino ez dira geratzen, eta horietako batetik mintzo da Amir. «Batzuek PKKren presentziagatik ihes egin zuten, beste batzuk Siriako Armada Librearen aurreratzeagatik. Turkiarrekin ongi gaude».

Mahai luze batean eserita, agure guztiek isilean aditzen dituzte liderraren hitzak, nahiz eta batzuen desadostasunak milaka kilometrora entzun ahal diren. Haietako batek ahapeka esan du islamistek txikitu zituzten leku sakratuen berreraikuntzarako turkiarrek eman zuten dirua iritsi dela aitortu arren edo Ankarak Ilargi Gorria yazidien beharrizan batzuk asetzeko ekartzen duen arren, beren herriaren egoerak noraezean, hondoratzen jarraitzen duela.

Eta demografia oso argia da zentzu horretan: «Gerra baino lehen, 2010ean, 40.000 yazidi inguru ginen eskualde honetan, orain ez gara 3.000 baino gehiago». Yazidien %90ek ihes egin zuten beren etxetik. Baina haien lurrak ez dira hutsik geratzen. «Gerrarekin beste lurralde batzuetako arabiarrak etorri ziren, lehen baino ohikoagoak dira arpilatzeak, eta tartean dira guretzat hil ala biziko arrisku diren islamista erradikalak». 70 urtetik gorakoa den Ahmed-ek, gertatutakoa antzeztuz, baieztatu du hori: «2018ko abenduan gertatu zen guztia, bi pertsona gure etxera sartu zirenean. Ahoa estali ziguten emazteari eta bioi, eta labana lepoan jarrita, bertan akabatuko gintuztela esan ziguten dirua ematen ez bagenien».

Covid-a, gaitz-erdi

Afrineko hautsez betetako kaleetan maskarak baino AK-47 fusil gehiago ikusten dira, baina gerra bezala covid-a ere oso presente dago. Wagan sendagileak, Afrineko ospitale berriko sendagile buruak, kutsatzeen zenbakiek azken hilabeteetan behera egin dutela adierazi digu. Maskararen erabilera urria den arren edo desinfektatzailearen hutsunea nabarmena, Turkiak finantzatutako ospitalea ez dago gainezka. «Covidarentzako 23 oheko atal berezi bat dugu, eta horietako 6 gaixo kritikoentzako dira», kontatu du sendagileak. Haren hitzetan, Afrinen 3.600 kutsatu eta 75 hildako erregistratu dira, baina herritarren ezjakintasuna ere azpimarratu du: «Inork ez du maskararik jartzen, ezta segurtasunezko distantzia uzten ere».

Gerrak desplazatutakoen barne kanpamenduetan, baldintzak okerragoak izanik, emakume adindu batek hitza jarri dio askoren pentsamenduari: «Covidaren aurka Jainkoak lagunduko digu», dio hatz erakuslea zerura begira jarriz. Kanpamendu horietan gertatzen dira kutsatze gehienak, sendagileak esandakoaren arabera. Baina Muhemediya-ko kanpamenduan fusil automatikoen hotsei birus isil bati baino beldur handiagoa diote. Eta isiltasun hori da giroan nabarmentzen dena iristen ez diren eta berandu baino lehen iritsi beharko liratekeen txertoen gaia ateratzen denean. «Haietaz hitz egiten entzun dugu, diotenez laster jasoko ditugu», bere burua konbentzitzen saiatzen da sendagilea, «Turkiaren mende gaude, emango zizkigutela esan ziguten, baina oraindik ez daukagu bat bera ere».

Turkia da egun, indar okupatzailea den heinean, lurraldearen bermatzailea, eta ez bakarrik ospitaleak eraiki eta behar duten materialez hornitzeari begira. Afrineko ia 700.000 biztanleei txertoa jartzeko ardura ere badu. Hala ere, Turkian bizi diren errefuxiatu siriarrek ere ez dakite noiz lortuko duten beren dosia, eta bitartean, Ankararen txertatze plan erraldoiak 8 milioi biztanle turkiar txertatu ditu.

Beste lurralde batzuetan Damaskoren mende daude eta Human Rights Watch-eko Sara Kayyali-ren ustetan, Afrinekoak bezain oker, zaurgarri, egon daitezke. «Siriako Gobernuak osasun laguntza oztopatzea eta erretenitzea gerrarako arma bezala erabili du, baina joko horretan segitzeak pandemia kontrolatzeko mundu mailako esfortzua ahultzen du». Beraz, azpimarratu duenez, «Siriarako txertoen hornitzaileek ahulenengana iristen direla bermatzeko eurenak eta bost egin behar dituzte, herrialdean zeinen kontrolpeko eskualdean bizi diren gorabehera. Txertoen hornitzaileetako bat Txina da. 150.000 txerto eta 20 arnasgailu hitzeman dituzte, Damaskon den enbaxadore txinatarraren hitzetan, «Siriako gure anaia eta sozioentzat».

Bestalde, Osasunaren Mundu Erakundeak Covax izeneko mekanismo bat martxan jarri du txertoak munduko txoko guztietara iristeko helburuarekin, bereziki gerra eta pobrezia larriak diren lekuetara irits daitezen. Siria izango da horietako bat, baina ekitatiboki banatuko dituen jakinkizun dago. Osasun ministroak berak esan zuenez, «gure herrialdearen burujabetasuna ez kolpatzea» izango da banaketarako ezinbesteko eskakizuna. Horrela bada, milizia kurduen kontrolpeko Siriako ipar-ekialdea da txertoak azkar hartzeko okerren kokatua dagoen lurraldea.