Mikel Zubimendi Berastegi

Memoria ona eta txarra, bien beharrean gaude

Minkideak errepikatu zizkidan aurrekoan eta lerrootara ekarri ditut gaurkoan George Santayana Espainian jaiotako AEBetako filosofoaren hitzak, mantra bilakatu direnak. Gutxi gorabehera zera diote: Iragana gogoratzen ez duena hura errepikatzera kondenatua dagoela. Mantrak egitera jolasten hasita, baina, esan daiteke honakoa ere: Iragana ahazten ez duena bertan egongo da beti, preso.

Memoriaren etika bat eta gogoratzeko obligazio moral moduko bat dagoela iradokitzen dute hitz horiek, horrore handienak berriro inoiz ez gertatzeko bide bakarra hori dela. Eta ahazteko etika bat ere balego? Iraganeko gorroto eta ezinikusiak etorkizunerantz ez bultzatzeko, iragan denari iragan izaten uzteko?

Oroitzea justiziaren aliatua da baina ez nago hain seguru bakearen konfiantzazko lagun handiena ote den beti. Badakit, badakidanez, ahaztea inpunitatearen ondoan datorrela sarritan. Kontu arantzatsua da, delikatua, memoriaren eta ahanzturaren etikaren arteko oreka zaila da. Hala ere, mantra batean fede itsua baino hausnarketa behar delakoan nago.

Memoria bilakatu al daiteke obsesio arriskutsu bat? Aukera bat eman ahal zaio ahanzturari? Ez dut esaten Adna Longley irlandarrak esan zuena egin behar dela, hots, amnesiari monumentu bat eraiki eta kokatu den lekua denok ahaztu behar dugunik. Ezta euskaldunok ezin dugula ahaztu eta espainolek ez dakitela gogoratzen ere. Ez naute Jesu Kristoren hitzek konbentzitzen, alegia, hildakoei utzi behar zaiela hildakoak lurperatzen. Baina iraganaren erabilera tentuz egin behar da, abusuan erori gabe. Mantra hartu eta akritikoki enpatxuraino erabiltzea da egin behar ez dena.

Memoriak badauka gure hilkortasuna ulertu eta onartzen dugun moduarekin zerikusia. Herri eta kultura guztiak, zibilizazio handienak, sortu eta erori egiten dira eta egin behar dira, eta, guk, bizi garen denboran botatzen ditugu gure sustraiak. Ez dago bermerik, ez da inon idatzia, gure bizitzaren une erabakigarri edo momentu historiko bat etorkizunean garrantzitsua edo gogoratua izango dela esateko. Eta neurri batean, iraganeko oroitzapenak gorde eta biziarazi nahi izateak, nolabait, gure denboratik harago bizitzeko giza desira bat islatzen du.

Maurice Halbwachs, Buchenwald kontzentrazio esparruan deportaturik hil zen soziologo frantsesa, memoria eraikuntza sozial bezala ulertzen duen teoriaren aitzindaria izan zen. Gogoratzearen ekintza fenomeno oso pertsonala den arren, berak aipatu zuen herri batentzat iraganeko gertakizunen gaineko kontzientzia partekatua oso garrantzitsua zela zerekin identifikatu eta bere jatorria nola ulertzen duen jakiteko. Memoria kolektiboa, baina, ez da iraganeko gertakizun faktikoen errelatoa, hein batean behintzat orainaldiaren kezkak islatzen dituen itxuraldatzea da.

Ulertzen dut inposatu nahi duten aldebakarreko kontakizunaren aurrean memoria osoa aldarrikatzea, egia guztia. Baina bizitzan pilatu ditugun min, kolpe eta azpijoko guztien inbentariuma egitea eta den-dena tripetara sartu eta bihotzaren geruzetan betikotzea ez dakit ba, ez dakit hori ote dugun bidea. Esan nahi baitut, «tuboeskapeak» ere behar dituela herri batek, ebakuazioa eta aireztatzea ezinbestekoa dela bizitza bera oxigenatzeko. Eta are, pertsonak bezala Euskal Herria ere zoriontsua izango bada, osasun on asko eta memoria txar pixka bat beharko dituela. •