Aitor AGIRREZABAL
{ Analisia }

Erreferenduma, pausatuki

Nicola Sturgeonen erreferendumerako bide pausatuak hauspo handia jaso zuen maiatzeko hauteskunde egunean eta Alex Salmonden proposamenei, aldiz, bizkarra eman zien eskoziar gizarteak.

Maiatzaren 6an egin zituzten hauteskundeak Eskozian eta aurreko egun eta asteetan, zita horretaz baino gehiago, balizko bigarren independentzia erreferendum baten inguruan hitz egin zen. Eztabaida orok eramaten zuen puntu horretara. SNPk ederki baliatu zituen kanpainan Eskoziak dituen eskumenen ahalmen eta, batez ere, gabeziak, erreferenduma lehen lerroan jartzeko. Eta joko horretan sartu ziren gainerako alderdi guztiak ere. SNPk ia aldez aurretik irabazia zuen joko bat izan zen hura. Sei aste igarota, pausatuki hartu dute independentista eskoziarrek bigarren galdeketaren erronka.

Sturgeonek argi utzi du galdeketa hori antolatu nahi duela, baina betiere koronabirusak sortutako krisia gainditzerakoan. Konpromisoa hartu zuen erreferenduma antolatzeko eta 2023ko urte amaiera jarri zuen epe gisa, pandemia gaindituta egondakoan.

Kanpainan, Alex Salmonden Alba alderdi berria, ordea, lan horiek hauteskundeen biharamunean abiatzeko promesarekin aurkeztu zen lehiara. Eskoziarrek baina, babes argia eman zioten Sturgeonen planteamenduari eta Salmond eta bere alderdia Ganberatik kanpo utzi zituzten. Beste modu batean irakurrita, Sturgeonen erreferendumerako bide pausatuak hauspo handia jaso zuen bozketa egunean eta Salmonden proposamenei, aldiz, bizkarra eman zien eskoziar gizarteak.

Eta apustu hori berretsi du eskoziar agintariak aste hauetan. «Laugarren agintaldia dugu jarraian, eta asko dago egiteko. SNPren gobernu eskoziarra erabat konprometituta dago hauteskunde kanpainan eskoziar herriari egindako promesak betetzearekin», azpimarratu zuen kargua berritzerakoan. «Demokrazia parlamentarioa edonola neurtuta ere, legealdi honetan erreferenduma egiteko agindu argia dago», gehitu zuen Sturgeonek behin kargua hartuta. Eta Londresi ere zuzendu zitzaion: «Demokraziaren intereserako garrantzitsua da hori aitortzea eta errespetatzea».

Promesaren bigarren partea ere bete-betean ari da betetzen eskoziar liderra. Uneko osasun egoerarekin erreferendumaren aurretik lehentasun handiagoa duten gauzak daudela errepikatu du behin eta berriro. Eta, zentzu horretan, ohikoa den lehen 100 egunetako erronketan ez zen galdeketaren inguruko proposamenik izan, nahiz eta erreferenduma egiteko konpromisoa berretsi zuen han ere. Osasun zerbitzu publikoa berreskuratzea, hezkuntza, haurrak, garraioa eta klima larrialdia izan zituen hizpide. «Ekonomia modernoa eta goi teknologiakoa eraikiko dugu, justizia eta errukiaren balio iraunkorrei eusten diegun bitartean. Politika hobea bilatuko dugu. Eta Eskoziaren etorkizuna Eskoziaren eskuetan jarriko dugu», adierazi zuen.

Eskoziar hauteskundeetan jasotako porrotaren ostean, Alba alderdiak Londresen dituen ordezkariengan jarri du indarra. Sturgeonen estrategia pausatuagoarekin bat egin ez eta Westminsterren «Eskoziako Legea» zuzentzeko planak aurkeztuko dituztela iragarri dute, Eskoziako Parlamentuak independentziari buruzko bigarren erreferendum bat egiteko «demokratikoki ukaezina den aginduan» aurrera egin ahal izatea bermatzeko.

Eskoziako Legea Eskoziako Parlamentua sortu zuen Westminsterreko legedia da, eta Erresuma Batuko gobernu delegatu gisa dituen botereak ezartzen ditu. Albaren planak lege horri zuzenketa bat egitea eskatuko luke, Eskoziaren independentziari buruzko erreferenduma egiteko ahalmena Eskoziako Parlamentuaren eskumena dela argi uzteko asmoz.

Chris McEleny Albako idazkari nagusiak honela defendatu zuen proposamena: «Demokratikoki ukaezina den agindu bat dago Eskoziaren independentziarako. Ezin da onartu lehen ministro britainiar bat bera ere Eskoziako jendearen bidean jartzea bere etorkizuna zehazteko. Hala ere, nahiz eta independentziari buruzko erreferendum baterako hainbat agindu eman, Boris Johnsoni aukera hori ukatzea ahalbidetu zaio». Horren aurrean, SNPri plan horiek babestea eskatu diote. Oraingoz, emaitzarik gabe.

Bien bitartean, unionismoak independentismoaren gorakada gelditu eta erresumaren batasuna indartzeari ekin dio. Eta bide horretan jokatu duten lehen karta koroarena izan da. Cambridgeko dukeari eta dukesari Eskozian denbora gehiago ematea da estrategia horren muina.

Bikoteak duela aste gutxi egin zuen bisita ofizial bat eta, antza, Sturgeonen Eskozia berreraikitzeko proposamenen aurrean, koroaren presentzia eta laudorioak dira unionismoaren kontraerasoa. Bisita hartan filtratu zen bikoteak Gordon Brown lehen ministro ohiarekin hainbat elkarrizketa izan dituela, Eskoziaren independentziaren ingurukoak.

Berriz ere Gordon Brown, batasunaren «salbatzaile» erara. Holyroodeko hauteskundeak igaro eta gutxira, Brownek Our Scottish Future (Gure eskoziar etorkizuna) aditu taldea iragarri zuen, eta «kanpainako mugimendu» bihurtuko zela adierazi, «erdiko Eskozia» erakartzeko asmoz, «batasunaren edo independentziaren inguruan dituzten jarreretan itota ez dauden pertsonak» erakarri nahian.

2014ko hauteskundeetan Brownek paper garrantzitsua jokatu zuen, azken asteetan, inkestek ia berdinketa iragartzen zutenean, gerora gauzatu ez zen botere itzulketa masibo bat hitzemanez. Garai berean, Erresuma Batuko erreginak hauteskunde politikoetan ohikoa ez duen jarrera hartu zuen eskoziarrei «etorkizunean kontu handiz pentsatzea» eskatuz. Orduko hartan behintzat, eskoziar mugimendu independentistak Eskozia independente batek koroa mantenduko zuela baieztatu zuen, hala agertzen zen Liburu Zurian, Commonwealth-eko gainontzeko nazioen gisara.

Orain maizago agertu da irletako prentsan Buckingham jauregiak Eskoziaren etorkizunaren inguruan duen «kezka», unionismoaren lehen bala bihurtzeraino.

Baina, egia esan, Sturgeon ez da ez batzuen ez besteen eztabaidetan sartu, oraingoz. Bere proiektua eta bere irudia oso indartuta atera ziren hauteskundeetatik eta agenda eta denborak berak markatzeko asmo irmoz agertu da. Uda du aurretik, pandemia irauli eta irailean urte politikoari ofentsiba berri batekin aurre egiteko aproposa. Bitartean, fokuetatik urrun negoziazioak kozinatzeko aukera irekiko zaio. Boris Johnsonek ate hori irekitzea edo ez, etorkizuneko Eskoziaren gakoa.