Amaia Nausia Pimoulier

Jaitsi bolumena

Azken boladan ez dut sare sozialetan gehiegi parte hartzen. Oso espazio etsaikorra iruditzen zait, batez ere Twitter. Ez dut ia txiokatzen, asko jota, noizbehinka, gustuko artikulu interesgarriren bat birtxiokatzen dut, edo autobonbo pixka bat egin hitzaldi edo argitalpen baten inguruan, ezer gutxi gehiago. Aitortu behar dut beldurra eragiten didala gai baten inguruan zerbait txiokatu eta erantzun bortitzak jasotzeko aukerak. Kezkaz ikusten dut nola azken boladan jarraitzen nituen emakume askok sareak, Twitter bereziki, uztea erabaki duten jasaten zuten trollen erasoekin nazkatuta. Irakurtzen ditudan hari gehienetan, gizonezkoak izaten dira eztabaidetan eta elkarrizketetan nagusitasuna hartzen dutenak. Moduak nahiko gogorrak izaten dira eta edozein eztabaida berehala polarizatzen da. Laburbilduz, sortzen diren polemikak eta gatazkak kudeatzeko moduak oso bortitzak egiten zaizkit.

Askotan esan da sare sozialek eztabaidak zabaltzen eta gizarteratzen laguntzen dutela, baina, kontrara, iruditzen zait haserrea zabaltzeko bitartekoa direla eta inolaz ere ez bizikidetza sustatzeko bidea. Feminismoak aspaldi egin zuen horren inguruko lanketa, sare sozialak existitu aurretik ere; badago beste modu bat gatazkak ulertu, publikoki agertu, eta, batez ere, kudeatzeko. Politikan, bizitzan bezala, garrantzitsua da nola harremantzen garen, eta sare sozialetan ere hala beharko luke. Feminismoak hori erakutsi digu, tradizionalki atriarkatuak sortu dituen errealitate dikotomikoen aurrean alternatibak badaudela; irabazleak/galtzaileak, biktimak/erasotzaileak, dena dutenak/ezer ez dutenak. Politika egiteko orduan oso argi antzematen da dikotomia horien inposaketa. Baina badaude beste harremantzeko modu baliagarriagoak non bestea ez den gure etsaia.

Zaila da dikotomia horiekin apurtzea, batez ere oso errotuta ditugulako egiteko modu horiek. Esate baterako, gizartearen oinarrizko antolakuntza izan daitekeen familia tradizionalaren egiteko moduak. Ohikoa izan da gure gurasoen edo aitona-amonen etxean aitaren paper autoritarioa, non gatazka kudeatzeko momentuan aitak zuen egia absolutua; gatazkaren gakoa zein zen kontuan hartu gabe eta elkarri entzun gabe, azken erabakia hartzen zuen aitak, askotan zigorraren bidez –oinarrizko gizarte antolakuntzatik haratago, hori izan da Estatuaren funtzionamendua eta horrela izaten jarraitzen du egun ere–. Amak ,aldiz, familia mota horietan kontziliazioa bilatzen zuen, bi aldeak gerturatuz, atzetik lana eginez, ia ezkutuan, aita konturatu gabe, sukalde lan motel eta leuna eginez.

Egia da familia tradizional guztiak ez direla horrelakoak izan. Adibide arketipiko bat da. Baina feminismoak ama horien esperientzia eta balioa mahai gainean jartzen ditu. Emakumeek, historian izan duten lekua –edo leku eza– dela eta, kudeatzeko beste modu batzuk ikasi dituztelako.

Emakumeen esperientziari balioa eman beharko litzaioke, emakumeak beti aritu direlako bizikidetza ereiten, egunerokotasunean harremanen zaintzaile izaten, sareak ehuntzen, konfiantza espazioak sortzen. Hori izan da gizartean egokitu zaien lekua, eman zaien espazio txikia, eta horretan trebatu gara emakumeak.

Normala, beraz, Twitter bezalako espazioak guretzat deserosoak izatea. Ez dakit gure neurrira egindako beste sare sozial bat eraiki beharko genukeen edo gizon batzuen bolumena jaitsi. Bien bitartean, eta nire babeserako, nire bolumena baxu mantenduko dut. •