Itzea Urkizu Arsuaga

Gramatika bat pandemiari

Buztana dantzan, belarriak tente. Gure lagunik fidelenak omen dira, etxera itzuli eta ateari harramazkaka hartzen gaituztenak. Senti nezake kariño pixka bat etxeko egin ditugun animalia horiekiko, noski; baina, gaur-gaurkoz, ez nuke txakur batekin harreman serio bat bilatuko. Kontua eta paradoxa da, txakur bati eta haren bueltan eraikitako fikziozko unibertsoari zor diodala gaur egun plazer gehien eskaintzen didan pasioetako bat.

Banbulo esan, eta bat-batean itzultzen bainaiz hamar urte nitueneko Gabonetara. Ohean eseri, liburua zabaldu, eta zazt: lehenengo aldiz kateatu nintzen beste norbaitek idatzitako istorio batera. Orduan hasi nintzen ama pixka bat hobeto ulertzen: zergatik pilatzen zituen liburuak lurrean; nola irakur zitzakeen bi eta hiru liburu, aldi berean; zein garrantzitsua zen beretzat biltegiratze handia zuen apalategi bat izatea egongelan.

Gerora etorri ziren ikasleok literatur unibertsoetara inposizioz gerturatzeko saiakera antzuak, liburuzainak gomendatutako istorioak eta nik neuk kuriositatez aukeratutakoak. Mailegatutakoak eta erositakoak. Irentsitakoak, edo itxaron-zerrenda imajinario batera gehitutakoak, bizitza kontenplatiboago baten zain.

Hau guztia diot, azken asteotan ohi baino obsesio handiagoz bilatu dudalako irakurtzeko tarte bat. Hain justu orain, gure bizimodua eta praktika sozialak errealitatetik baino gertuago daudenean fikziotik; bi urte daramatzagunean motxila bete eta bete eta bete.

Gure kontrolari ihes egiten dion pandemia batek ekarri gaitu hona, eta guk «ondo » bakarrik erantzuten dugu, kortesiaz «zer moduz?» galdetzen digutenean. Gure haurrak ere ikasi du, honezkero, inertzia horren erritmora mingaina dantzatzen. Eta, hori ahoskatzen duenero, ezetz pentsatzen dut, erantzuna ez dela beti hori. Beti ez gaudela ondo, gaizki ere egoten garela, eta hizkuntzaz jabetzen ari den burmuin txiki horri erakutsi nahi diodala gramatika emozionala artikulatzen ere.

Bestela, iritsiko da mahai baten bueltan egotea tokatuko zaion egun bat. Buruak esango dio hitzordu zoriontsua dela, pozik egon nahi duela; baina beharbada mahaikideen elkarrizketatik aldenduta sentituko da, auskalo zer sokak erraietatik tira egiten diolako. Parte hartu nahiko du eztabaidan, baina sabelak ez dio utziko; edo, kontrara, momentuak eskatzen duen intentsitatea erruz gaindituko du bere adierazpenetan. Eta ez du jakingo horri bueltarik ematen, horrela bizitzera ohituko delako, gu ohitu garen bezala.

Bizikide egin baitugu antsietatea, ikasi egin dugu gorputzari tratu txar hori ematen, erritmo honen exijentzietara ailegatu ahal izateko. Sistemaren funtzionamendurako pieza bat gehiago izaten utzi diogu, eta gure sabela eta burua kolonizatzen. Txintik atera gabe, gainera. Horregatik, agian, beste norbaitek idatzitakoak irakurtzeko obsesio hori. Liburuek eta liburuak idazten dituztenek hitzetan jartzen dutelako gainerakook isilik artikulatzen dugun gramatika emozional hori. Lagun fidelak direlako. •