Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Interview
Maitane Ormazabal Larzabal
Antolatzaile profesionala

«Minimalismoa da bidea»

Minimalismoarekin bat eginda bizi da. Bere esperientzia besteengana zabaldu nahian eta kanpoko ordenak barrukoa dakarrela sinetsita, pausoa eman nahi dutenek bidean lagun dute Maitane Ormazabal.

Minimalismoa da bidea. Hala dio Maitane Ormazabalek. «Gizarte kapitalista kontsumitzaile batean bizi gara eta jendea jabetu bitartean eskaintzen zaigunaren erdiaren erdia ez dugula behar, jai daukagu. Eta berdin dio nik zer esaten diodan, pertsona bakoitzaren buruak ‘klik’ egin ezean beti izango du joera gauzak pilatzekoa», adierazi du.

Ez da egun batetik besterako aldaketa. Praktika eskatzen du. «Armairutik has gaitezke, gauza txikitik, urrunago joateko. Soinketa da. Ezin dioguna da pertsona bati erabaki oso handiak hartzea planteatu oraindik erabaki txikiak hartzeko trebakuntzarik ez duenean».

Pauso txikietatik handietara. «Landu ditudan antolaketa proiektuetan ikusi dut. Bezeroa gauza txikiak erabakitzen hasten da eta konturatzen da horrek ematen dion energia eta ongizatea estrapolatu daitezkeela beste gauza batzuetara. Zertara? Agian ez diot denari baietz esan behar. Agian lanean mugak jarri behar ditut. Agian dauzkadan milaka ‘lagun’ horien artean ere –agendan itota ezinean nabilenean– murrizten hasi behar dut», azaldu du.

Bizitzeko modua da minimalismoa, armairua ala sukalde-gaina nola dauzkagun, hortik harago. Lehentasuna. Hitz magikoa. «Erabakitze prozesua da: hau erosi ala ez, daukadan hori kendu ala ez eta zergatik. Beti dira erabakiak. Eta ez gara erabakiak hartzen dakien gizartea, ezta gure burua zaintzen dakiguna ere –lehentasunak ezartzea gure burua zaintzeko modua da–. Horren azpian kontu asko daude, ezetz esateak zer suposatzen duen, zerbait ez erosteak estatus galera dakarrela pentsa dezakegu... eta lotsa handia ematen du hori onartzeak».

Richar Wollheim izan zen 1965ean lehen aldiz terminoa erabili zuena Ad Reinhardt-en obra artistikoari erreferentzia eginez. Arkitektura eta artean lehenengo, ondoren bizitza filosofia eraikiz joan zen. Janaria, janzkera, erlazioak… sinplifikatzea aldarrikatuz. Minimalismoak esentzia bilatzen du, gure bizitzan oreka izatea, garrantzitsuena denari jarriz arreta. Kanpoko ordenak barruko ordena dakar.

Bizi garen jendarte kapitalistan kontsumo arduratsuaren aldeko apustua egiten du. «Kontsumitzea ez da txarra, buruz kontsumitzea da gakoa», nabarmendu du.

Azken hamarkadetan dezente hedatu da munduko hainbat herrialdetan eta antolatzaile profesionalak espezializatzera iritsi dira: etxeetan batzuk, bulegoetan besteak, etxe aldaketetan... «Ni oraindik ezin naiz espezializatu», dio.

Izurriak gauzak ageriago jarri ditu. «Pandemiaren aurretik planteatu zen arlo sozioekonomikoan aldaketak egin behar zirela, ikusten baitzen geneukan ereduak ez direla batere interesgarriak eta arazo ugari ekartzen zizkiotela bai pertsonari, bai ingurumenari. Ez oraingoari aurre egiteko, beste alternatiba bat eskaintzeko baizik. Nik uste pandemiak islatu dituela mila gauza», esan du.

Espazioak gugana

Espazioak gugana egokitu behar du, ez guk espaziora. «Altzariak multifuntzionalak izan arren ez dira bizitza osorako eta are gutxiago barruko antolaketa eta objektuak. Ezinezkoa da, gu aldatzen goazen heinean gure espazioak aldatu egin behar direlako. Eta ikusten dudana da aldaketarik ez dela izaten eta horrez gain pilaketa latza egoten dela; sekulako desmadrea egoten da, jendeak ez daki bere espazioetan zer daukan, ez ditu gauzak aurkitzen, zoratu eta nekatu egiten da... Eta energiari dagokionez, zure etxean gustura aritu ezin izatea baino gauza tristeagorik ba al dago? Bai, egon badago, baina hau tristeetako bat bada», adierazi du.

Garrantzitsua da, bere esanetan, «kontzientzia izatea gure espazioetan zer daukagun eta nola daukagun. ‘Etxea gainera erortzen zait’, esaten didate. Tarteka denoi gertatzen zaigu baina horrek kalte egingo dizu, epe motzean zein luzean. Espazio txukun batek edonori bizitza hobetzen dio edozein eremutan».

«Jende askok ez dauka ordena balio bezala heziketan, ezta erreminta bezala ere. Eta asko dira beren etxean gustura bizi ez direnak. Eta energia ez baduzu zure etxean berreskuratzen, non demontre egingo duzu?», bota du.

Abantailez galdetu eta «errazago garbitzen duzu espazioa, ekonomikoki gastu txikiagoa duzu, gauzak erraz aurkitzen dituzu, ingurumenarekiko errespetua –arroparena mundu mailan kutsadura handiena eragiten duen bigarren industria da–, irabazten duzun denbora...», zerrendatu ditu.

Beti izan da Ormazabal txukuna eta ordenatua. «Gurasoak horrelakoak ziren. Ama duela hiru urte hil zen, oso gazte. Oso antolatua zen eta estetikari garrantzia ematen zion. Aita, berriz, oso antolatua eta praktikoa da».

Biengandik dauka. «Espazio ordenatuak politak iruditzen zaizkit berez eta antolaketa on batek egiten duena da askoz efizienteago izatea eta hobeto mugitu ahal izatea». 

Bidean ikasi du perfekzionismoak berarekin zekarren zurruntasuna malgutzen. «Haurrek lagundu didate toleranteagoa izaten. Errealitate aldakorrean bizi gara eta egokitzen joan behar duzu. Oso antolatua baina zurruna izanik ezingo nuke antolatzaile profesionala izan. Izan ere, bezeroa eta bere nahi eta beharrak ezagutu eta haietara moldatzen dut lanketa. Bestela ezin da eutsi, epe motzekoa izango da emaitza. Eta nire intentzioa da ahal den neurrian ikasitakoa gerora erabiltzen jarraitzea», aitortu du. 

Ordenarekiko eta antolakuntzarako berezko joera eta zaletasuna lanbide bihurtzea izan zen hurrengo pausoa. Duela bost urte jaio zen Txukuntzen enpresa. Bartzelona eta Madril aldean horretara dedikatzen ziren pertsonak zeudela ikusita. «Ez da posible niri hainbeste gustatzen zaidana lanbidea izatea!», pentsatu zuen.

Beharra handia ikusten du. «Bakoitzak bere espazioa nola daukan ez da nire arazoa. Baina niri deitzen badidate seinale gatazka edo arazoren bat dagoela», kontatu du.

Ongizatea eta efizientzia

Bi eremutan aritzen da: etxean eta lanean. «Etxe eremuari dagokionez, batzuetan aholkularitza bakarrik nahi du bezeroak, eta bestetan ni ondoan nahi naute prozesu osoan. Ongizatea dut helburu etxean. Lan eremuan, berriz, horrekin batera efizientzia eta produktibitatea bilatzen dut», azaldu du Ormazabalek.

Proiektu berezia amaitu berria du Hernanin bertako Udalaren ekimenez merkataritza txikia laguntzea helburu izan duena. «Udala lanketa handia ari da egiten Berriak merkatari elkartearekin batera. Egia esan, egoera ez da erraza baina nik uste pixkanaka herriko dendetara bueltatuko garela. Nire zerbitzua eskaini die Udalak: aholkularitza saioak doan. Sei bat establezimendu animatu dira», kontatu du.

«Antolaketa sistema estatikoa da, zure beharretara egokitzen da. Baina ordena, aldiz, ez. Nik nahiago dut gauza gutxi eduki, ondo pentsatuta –hau da gakoa– eta erabakiak lehentasunen arabera hartu», gaineratu du.

Nork bere ordena du. «Oso subjektiboa da, ordenak erreminta bezala baditu balioak oso objektiboak direnak baina pertsona bakoitzak bereganatu egiten ditu».

Antolatzaile profesionalaren jarduna ez da dekoraziora edo txukunketara mugatzen. Sakoneko prozesua da, oso. «Antolaketak psikologikoki asko mugitzen du, batzuetan gehiegi. Gauza bat aldatzen hasten garen unetik pertsona horri barruan dena mugitzen hasten zaio. Kontatzen hasten zaizu eta zu entzuteko zaude. Zuk zure mugak jarri behar dituzu baina era berean lagungarria izango zaiona esan behar diozu, ezin duzu ‘meloia’ ireki eta horrela utzi», esan du.

Bezerorik malkotan ikusi duen galdetuta «denak, bakarren bat salbu», erantzun du. Batetik, frustrazioa. «Ez dute ulertzen beraien kabuz zergatik ez duten egin ahal izan; egokiak ez ziren erabakiak gogoratzen dizkie; norbaiten falta sumatzen dute... arrazoiak askotarikoak dira. Niretzako errazagoa litzateke armairu aldaketa soila egitea, ‘moñono’ jartzea besterik gabe, baina ez, oso potentea da».

Prozesua amaitu osteko «arintasuna» nabaritzen eta eskertzen diote Ormazabali. «Lehengo eta oraingo irudiak ikus ditzakezu, baina bidean bizi izan duena ezin da objektibizatu, psikologikoki eman dituen aldaketa guztiak ezin dira adierazi. Nire lana ez da estetikoa –gustatuko litzaidake, askoz errazagoa litzateke–. Une batzuetan oso gogorra da baina era berean eskergarria».

Marie Kondo metodoa da agian mundu mailan ezagunenetakoa. «Gustukoa dut, minimalista da baita ere, baina Txukuntzen-ek badu bere egiteko modua», argitu du.

Alor honetako profesionalak pixkanaka ugaltzen ari diren arren, orain ezjakintasuna da nagusi. «Egunetik egunera gehiago gaude baina asko esplikatu behar dugu zer egiten dugun», aitortu du.

Lanbidea mitifikatuta daukagulakoan dago Ormazabal. «Aholkularitza saioak arinak dira, baina badira egunak maskara jantzita aritzen naizena, hauts artean; trasteroetan eta biltegietan, esaterako. Zikin asko dago eta pisu handia mugitu behar da».

Aurpegi ezaguna

Antolatzearekin batera komunikazioa oso gustukoa du eta ahalegin berezia egiten du alor honetan, euskarari lehentasuna emanez, betiere. Bere aurpegia ezaguna egingo zaie zenbaiti hainbat hedabidetan –Hamaika Telebista, esaterako– saioak egin izan baititu ikusleei gomendioak eskainiz.

Jendartearen garapenarekin garai berriak iritsi dira. Etxea «zerbait pisutsua» bihurtu zaigulakoan dago. «Emakumeak etxea txukuntzen zuen lehen eta zeregin garrantzitsua zen berea. Emakumea atera zen etxetik kanpora lanera, gizonezkoa ez da hainbeste sartu, eta horrek ekarri ditu mila arazo zaintzaren eta etxearen antolaketaren inguruan; galdu egin dira ohitura asko».

«Ordenak eta antolaketak ez dauka generorik, denontzat onuragarria izanik denon ardura izan beharko luke. Eta tamalez emakumeon kontua izaten jarraitzen du», esanez amaitu du.