Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Ardatza

Martin Larralde ez da sekula itzuli, baina itzuli balitz haurrak ikusiko zituen kalean, beraiek baino motxila handiagoak bizkarrean lotuta, eskolara bidean. Ordenagailuak asmatu ziren, eta pantailek liburu asko ordezkatu omen dituzte (aukera hori daukaten etxeetan behintzat), baina haurrek eskolara bidean jarraitzen dute irailean. Udazken gogorra datorrela abisatu digute meteorologo eta ekonomialariek: Ukrainak sutan jarraitzen du eta tximino baztangari buruz hitz egiten dute albistegiek. Lehor daude bazterrak: herriko festen ondorengo garagardo upelak baino hutsago omen dago Esako urtegia, eta tenperatura prezioak adina igo dela diote eguraldi iragarleek. Eta aipatzen ez badute ere, Israelek tiroka jarraitzen du Palestinan eta baita Turkiak Kurdistanen ere. Oporretatik bueltan hozkailua hutsik aurkitu eta supermerkatuko kutxan hartu zenuen sustoa oraindik gorputzean daukazu. Lehen gutxi erabiltzen zenuen autoa erabat utzi eta autobusean ibiltzen zara hara eta hona. Izututa igaro dituzu abuztuko egunak: koronabirusa, gerrak, klima aldaketa, Iberdrolaren fakturak... Gehiegi izan da zuretzat. Mundua bukatzera zihoala pentsatzerainoko larria sentitu zenuen. Eta, hala ere, hemen da iraila.

Eta urtero bezala, etorri bakarrik ez, harrapatu ere egin zaitu jadanik uda ez den baina udazkenera heldu aurreko garai zehaztugabe honek. Iratzargailuak jo ondoren bilintzi-balantza ibiltzen zara logelaren ilunpean, bezperan auskalo nork tranpa moduan estrategikoki kokatutako etxeko zapatila galduekin estropezuka. Uda atseden hartzeko izaten omen da, baina ezagun dute lo falta zure begi zuloek. Irratia piztu eta Ingalaterrara eraman zaitu esatariaren ahotsak ogi txigortua presaka ahoratzen duzun bitartean. Elizabeth II.a hil omen dela eta aztoratuta dabiltza guztiak: zalgurdian eramango omen dute gorpua Londresen barna.

Erdi Arora itzuli ote garen galdetu dizu esna daukazun neurona bakarrak, ogia hortz artean kraskatzen duzula. Donostiara bidaiatu du esatariaren ahotsak ondoren: Zinemaldia hasi omen da. Eta honek zer zentzu daukan galdetu dizu nagiak ateratzen ari den bigarren neurona batek. Nora doan zalgurdi bat pikutara doan mundu baten gainean; zertarako balio duten alfonbra gorri eta jantzi distiratsuek, Maria Kristina hotelaren pareko flash eta autografo zaparradek. Hau bukatzera badoa, ez ote genukeen beste zerbait sortzen hasi beharko.

Kolpetik itzali duzu irratia. Ordulariaren orratza zintzurrean nabari duzu. Heldu da iraila. Normalitatea deitzen genuen inertzia erora itzuli gara. Autoak bozina-joka ari dira kalean. Munduak bueltaka jarraitzen du. Jakin nahiko zenuke ea ardatzik mugitu ote zaion. •