Ula Iruretagoiena
Arkitektoa

Klixeak

Ilustrazioa: Ula Iruretagoiena Busturia
Ilustrazioa: Ula Iruretagoiena Busturia

Herri ertainek eta hiritik kanpoko herrigune eta bizitokien ingurukoek interesa hartu dute unibertsitatean, hirigintzan eta praktika artistikoetan, eta ikusgarritasuna irabazi dute. Joera duela zenbait urtetatik datorren arren, askok diote azken urteetako gertaerek eta etorkizuna markatzen duten naturaren seinaleek indartu egin dutela. Naturatik gertu bizitzea salbazioa dela diotenen artean eta etorkizunean biztanleria gehiena hirietan biziko dela diotenen artean –eta, beraz, hiriaren ikerketa etorkizuna dela baieztatzen dutenak– dabil egun pentsamendua. Planteamendu horietan, landatarren eta hiritarren arteko desberdintasuna lehia modura ikusten dela ematen du, desberdin izateak bien arteko harremana eta loturak aurkitzea zailduko balu bezala.

Banaketa honetan lehena eta bigarrena edo hoberena eta txarrena sailkatzeko behar bat nabari da, eta horren gainetik bataren eta bestearen kontrako eta aldeko aurreiritziak daude. Tentsio horiek guztiek bi eremuen gaineko azterketa eta bizikidetza zaildu egiten dute. Bi norabidetan ikusten den begirada estatiko, trinko eta zurrun horretan folklorizazioa eta esentzialismoa gailentzen dira –beste posizionamendu ideologiko batzuetarako ere erabilgarri izan daitekeena–, eta tentsio honek landa inguruaren eta hiriaren arteko aferan oso indartsu eragiten du; bata edo bestea gutxiesteko balio du, eta aurrera jotzeko traba (handi) bat da. Klixeak aurrera jotzeko muga mentalak dira.

Landa eremuan bizi denak dagoeneko ez du baserritar itxurarik eta, izaera desberdinetako hiriak dauden bezalaxe, landa herri eta egoera arras desberdinak daude, paisaia heterogeneo bat osatuz. Bertara bizitzera joan diren asko hirian jaiotakoak dira eta hiriarekin harremanean dira; landan jaiotakoek hirietan ikasten dute, edo landako ekoizleak hirietako kontsumitzaileekin lotura estuan dira, edo landan sortutako praktika sozial/politiko/artistikoak hirietako erakustokietan ageri dira.

Hiria berriz, jada ez da definizioz eta batik bat dinamikoa den ingurunea. Hiria ez da esperimentaziorako eta ikerketarako leku bakarra, irekia eta pertsona dibertsitate handiena bilduko duena. Arrazoi ekonomiko, kultural eta lan baldintzengatik, hirietan jendea harrapaturik dago eta biltzeko aukera gero eta zailagoa da. Zera esan liteke, gaur egun akzio eta interes lekuak batean zein bestean gerta litezkeela.

Ezin da ukatu, ordea, landa eremuko biztanleria hirietakoa baino txikiagoa dela. Komunitate txikia izateak abantaila handia du aldaketak proposatu eta probatzeko. Gobernantza ereduak, etxebizitza ereduak, aktibitate berriak, kultur eta sormen akzioak, landatar eremuan prototipatu daitezkeenak, landako edo hiriko sustapen errotik etor litezke, kooperazioan eta bien onurarako.

Lurraldeak behar duena oro har zera da, landatarraren eta hiritarraren klixeak gainditzea eta iruditeria berriak sortzea bai landa eremuan bai hirietan, eta ahal bada, ekologia erradikaleko paradigmak txertatuz, hau da, ingurune natural eta soziala aintzat hartuz eta zainduz. •